Joseba Iturria
Periodista deportivo. Real Sociedad y ciclismo
Entrevue
Usoa Ostolaza
Laboral Kutxako txirrindularia

«Urte hasieratik gero eta hobeto ari gara, World Tour taldeetatik ez gara hain urruti ikusten»

Zarauztarrak bere kirol bizitzako egun politena bizi izan zuen igandean Itzuliko azken etapan, ihesaldian eta onenen multzoan eutsi ondoren, berak hobeto ezagutzen dituen errepideetatik 16. postuan sailkapen nagusian amaitzeko. Ez berarena bakarrik, taldekide guztien mailarekin oso pozik dago.

Usoa Ostolaza, ahaztuko ez duen eguna biribiltzeko podiumeko lehen euskalduna bezala.
Usoa Ostolaza, ahaztuko ez duen eguna biribiltzeko podiumeko lehen euskalduna bezala. (Gorka RUBIO/FOKU)

Usoa Ostolaza Burgosko Itzulian arituko da ostegunetik igandera bitartean, Itzulian erakutsitako mailari jarraipena emateko asmoarekin. Aurten egindako apustuari esker talde osoak izan duen hobekuntza azpimarratzen du eta, nahiz eta onartu zaila dela 2024an World Tourren sartzea, saiatuko dira puntuak lortzen, urte horretan ez bada 2026an helburu hori betetzeko.

Triatloia utzi eta txirrindularitzaren alde apustu egin izana igandekoa bezalako egunekin gehiago baloratzen duzu?

Oso pozik nago, sinistezina izan zen. Traitloia alde batera utzi nuen sorbaldaren lesio baten ondorioz. Operazioa izan nuen, horrek hilabete batzuetarako baldintzatu ninduen igeri ezin nuelako egin eta bide horretatik beti neukan txirrindularitza probatzeko gogoa eta horrela aprobetxatu nuen momentua lasterketa batzuk egiteko. Horrela hasi nintzen txirrindularitzan. Hau hirugarren urtea da Laboral Kutxarekin eta urtez urte joan naiz kirol hau barrutik gehiago ikasten. Pixkanaka ikusten dut pertsonalki aurrerapausoak ematen ditudala eta ilusio gehiagorekin nago nire burua gero eta hobeto ikusten dudalako. Pelotoian kolokazioaren aldetik, taldeari laguntzeko... Ilusionatuta nago eta talde guztia dago gogotsu. Aurten Laboral Kutxak salto handia eman du eta urte hasieratik gero eta hobeto ari gara lana egiten, emaitza politak lortzen, eta World Tour taldeetatik ez gara hain urruti ikusten. Bereziki Itzulian egindako lanarekin gustura gaude lehia horretan gaudela ikusteaz.

Zaila da ihesaldia sartzea World Tourren, eta horri esker lortu zenuen onenekin egotea Jaizkibel igaro ondoren…

Ihesaldian hasieran ez nintzen sartu, baina ikusi genuen interesgarria zela, World Tour talde asko zeudelako bertan. Ion Lazkano zuzendariak esan zigun Jumbo eta UAE taldeek ez zutela inor sartu; adi nengoen ea ze jokabide hartzen zuten. Jumbo batek atakatu zuenean bere atzetik atera nintzen eta biok lortu genuen ihesaldian sartzea eta Jaizkibel aurretik pasatzea. Hondarribian faboritoen taldeak harrapatu gintuen, hor joan ginen Murgileraino eta igoerak bakoitza geure tokian jarri gintuen. Jende piloa zegoen animatzen; denbora guztian nire izena entzutea oso hunkigarria izan zen. Errepide horiek oso ondo ezagutzen ditut zarauztarra izanda, eta ihesaldi horrek gozatzeko aukera eman zidan; niretzat ahaztezina izango da eguna.

«Faboritoek harrapatu gintuztenean, begiratzen nuen zeintzuk zeuden eta pentsatzen nuen: «Zer egiten dut nik hemen?». Niretzat eredu dira eta beraiekin taldetxo horretan joatea amets bat izan zen, nire buruarengan gehiago sinisteko momentua»

Vollering eta Van Vleutenekin 17 txirrindulariko tropelean zoazela zer datorkizu burura?

Kristorena izan zen. Faboritoen taldeak harrapatu gintuenean, zeintzuk zeuden begiratu eta pentsatzen nuen “zer egiten dut nik hemen?”. Niretzat eredu dira eta beraiekin taldetxo horretan joatea amets bat izan zen, neure buruarengan gehiago sinisteko momentua. Gure helburua da World Tour mailara igotzea edo beraien parean egotea. Helburua gertuago ikusten dugu eta horrek motibatu egiten gaitu datozen lasterketetan bide horretatik jarraitzeko. Eta bereziki Itzulian, taldean denoi egiten zigun ilusio berezia. Nahiz eta eguraldia oso ona ez izan, jende piloa zegoen errepideetan animatzen eta ikaragarria izan zen. Itzuli guztiarekin gustura nago pertsonalki, talde guztia ere bai, baina igandekoa zen ilusio handiena egiten zidan etapa, etxekoa, eta borobila atera zen eguna.

Nolakoak dira Van Vleuten eta Vollering bestearekiko tratu zuzenean? Beraiekin zeozer hitz egin zenuen?

Ihesaldian hitz batzuk egin genituen, erreleboetan pasatzeko orduan. Van Vleutenekin lasterketan ez nuen hitz egin, baina sari banaketan bai. Niretzako ereduak dira eta beraiekin taldetxo horretan joatea amets bat izan zen.

Murgilen zer sentitu zenuen?

Asko sufritzen, limitean zoazenean ez zara kontziente ingurukoaz, ez dizu ematen hainbeste disfrutatzeko aukera, baina limite horretara ez nintzen iritsi Murgil igo arte. Ihesaldian Jaizkibel erritmo altuan igo genuen, sufritzen joan nintzen, baino ingurukoaz eta momentuaz asko gozatuz. Gurutze mendatean ere sufritzen baina disfrutatzen joan nintzen bide guztian. Donostiako kaleetan zer esanik ez. Jendearen animoak entzuten gozatzen. Eta Murgilena izan zen oso zirraragarria. Nire familiarrak zeuden, gurasoak, nire bikotea, bere familia, koadrillakoak, lagunak... denak zeuden bertan animatzen bide estuan, ikurrinaz beteta. Oso zirraragarria. Hor bai nindoala limite limitean, baina asko disfrutatu nuen helmugaraino.

Zer suposatzen du Itzulia 16. bukatzeak? Ez zenuen horrelako postu batekin sinistuko abiatu aurretik?

Ez. Nire buruan hasieran ez zen sartzen horrelako helbururik. Itzulira beste lasterketek ematen ez dizuten ilusioarekin iritsi nintzen, ahal zen emaitza politena lortzeko gogoarekin, Euskal Herriko Itzulia izanda eta gainera World Tourrekoa. Talde guztia ilusionatuta geunden ahal zen emaitza politagoa lortzeko gogoarekin, baina 16. postu bat ez zen nire buruan sartzen, eta orain, lortu dudanean, oso pozik nago. Hiru etapetan ondo sentitu naiz eta gustura egindako lanarekin. Horrek indarra ematen digu ilusio horrekin jarraitzeko denboraldia bukatu arte.

Eta hori aurreko astean Vuelta gaixotasunez utzi ondoren iritsi zinela.

Hirugarren etapan hasi nintzen gaizki sentitzen gastroenteritis baten ondorioz. Gaua oso gaizki pasatu nuen eta laugarrenean irtetzea erabaki genuen pentsatzen ea 24 ordukoa izango ote zen eta igual gero gorputzak buelta ematen ote zion. Baina okerrago nengoen eta erabaki genuen etxera joatea eta osatzea, gorputzari buelta eman errekuperatu eta Itzulian parte hartu ahal izateko. Gorputza ondo errekuperatu nuen egun horietan eta Itzulira puntu on batean iristeko aukera izan dut eta eskerrak. Ilusio handia egiten zidan eta lortu dut parte hartzea eta Itzuliaz asko gozatzea nahiz eta Vuelta uzterakoan pena hartu. Baina ez zegoen beste biderik.

Ez zuk bakarrik, Laboral Kutxa talde osoak maila polita eman du nahiz eta Eider Merino galdu lehen etapan. UCI elite talde onena izan zarete.

Pena handia izan zen Eiderrena, lehenengo etapan erorketa horren ondorioz erretiratu behar izana. Ukalondoan olekranon hezurra hautsi du, orain aste butzuk gelditu beharko du. Beste bostok jarraitu behar genuen eta gustura gaude egindako lanarekin; taldeak lehenengo urtetik hona salto handia eman du eta motibazioa da guretzat. Ez bakarrik taldeak, gure babesle guztiek egin dute apustua; honek ematen digu proba onenetan parte hartzeko aukera gure maila hobetzeko, eta bide honetatik jarraitu nahi dugu. Gogoekin gaude.

Urte hasieratik azkeneko asteetara gora egin duzue nabarmen.

Lehenengo urtetik hona egin den apustuaren ondorioa da. Urtarrilean kontzentrazio on bat egin genuen, elkar ezagutzeko aukera. Maila handiko lasterketetan ari gara lehiatzen, egutegia hobea daukagu, lasterketa gehiago eta maila handikoak eta horiek ematen dizute erritmoa eta maila. Zoaz erritmo hori hartzen eta honek ekartzen ditu emaitzak. Urte hasieratik taldea hobekuntza egin du, egutegi onean parte hartzeaz gain, taldean gehiago ezagutzen gara. 11 txirrindulari berri sartu dira aurten eta gehiago elkarrekin ezagutzen goaz, bakoitzak zer aportatu ahal duen, txirrindulari talde batean bakoitzak rol bat dauka, eta markatzen ari dira, denak konfidantza gehiago hartzen ari gara eta ez guk bakarrik, zuzendariak ere gehiago ezagutzen gaitu eta elkarlan guztiak dakar dena. Pena Naia Amondarain urte hasieratik dagoela kadera lesio batekin eta indarrak eta animoak bidaltzen dizkiot ea osatzen den eta laister gurekin dagoen lehiatzen.

Zeintzuk izango dira zure hurrengo lasterketak?

Gaurtik igandera bitartean Burgosen parte hartuko dut, gero Eibarreko lasterketa eta Andaluziako itzulia daude. Hilabete polita daukagu aurretik, baina ez dakit zer egingo dudan ziur. Ekainean, bai,  Pirinioetan hiru eguneko itzuli bat daukat.

Espero duzue Giroan parte hartzea?

Oraindik ez dakigu joango garen edo ez. Itzulian taldekako sailkapenean zortzigarrenak izan gara, oso postu ona da. World Tourretatik ez gaudela urruti erakutsi dugu eta lasterketa honek aukera gehiago ematen digu Giroan parte hartzeko. Gustatuko litzaiguke bertan egotea, bai.

Eta hurrengo urtean World Tourren aritzeko aukera ikusten al duzue?

Oso zaila da. World Tour talde bat izateko faktore ezberdinak daude bete behar direnak eta bat da UCI puntuak lortzea, sailkapenean onenen artean egon behar da. Hurrengo urtean ez dakit UCIren rankingean 16 edo 18 talde izango diren World Tourren sartzeko aukera izango dutenek. Oso zaila izango litzateke sartzea, baina ez da ezinezkoa. Bi urtetik behin dago aukera World Tourrera pasatzeko eta 2026ra begira helburu polita izango litzateke. Zergatik ez. Gustatuko litzaiguke hurrengo urtean lortzea, baina bestela 2026ra jarriko genuke helburu bezala. Eta nahiz eta ez lortu hurrego urtean igotzea, World Tourreko lasterketetan badaukagu parte hartzea gonbidapenekin eta horiek lortzen dira lasterketa onak eginez. Itzulia bezalako lasterketak egiten izango dugu gonbidapenak lortzeko aukerak egutegi polit bat osatzeko. Horrekin oso pozik egongo ginateke eta helburu bezala World Tourrera igotzea izango litzateke.