NAIZ

Galdakaoko bonbardaketako biktimak omendu dituzte 86. urteurrenean

Galdakaon izan zen bonbardaketarik odoltsuenaren 86. urteurrenean biktimei omenaldia egin die Udalak. Memoria historikoaren beharra azpimarratu eta lore eskaintza egin diete hildakoei.

Omenaldia egin diete Galdakaoko bonbardaketan hildakoei.
Omenaldia egin diete Galdakaoko bonbardaketan hildakoei. (Galdakaoko Udala)

Gaur bete dira 86 urte tropa faxistek Galdakao bonbardatu zutela. 1937ko apirila eta ekaina bitartean 40 galdakoztar hil zituzten, gehienak, airetik jaurtitako bonben bidez. 28 bonbardaketa izan ziren denetara, eta gaurko egunez jazotakoa izan zen odoltsuena. Egun horretako 16 biktimak omendu ditu Galdakaoko Udalak, haien izenak gogora ekarriz: «Ramona Astigarraga, Encarnación Basarrate Burgoa, Adelaida Etxebarria Ibarra, Sergia Etxebarria Ibarra, Maria Mercedes Izagirre, Moises Jugo Abasolo, Maria Begoña Moreno Etxebarria, Tomas Lekue Etxebarria, Maria Lourdes Moreno Etxebarria, María Pilar Salaberria Egiluz, Tomas Sierra Etxeberria, Isabel Tutor Izagirre, Ascension Ugalde Basauri, Sabino Uranga Ocerin, Maria Manuela Zamakona eta Jose Goiarrola Agirre».

Ekitaldia egin du Galdakaoko Udalak Plazakoetxen. Iñigo Hernando alkateak, Yolanda Larrea Galdakao Gogorako kideak, Agurtzane Yurrebaso eta Mari Carmen Tutor hildakoen senideek, ikastolako ikasleek, Maximo Moreno abesbatzak, Belen Madariaga zuzendari eta sopranoak, Ainara Rua biolinjoleak eta Begoña Rodriguez teklistak hartu dute parte.

Omenaldian izan dira, besteak beste, hildakoen hainbat senide eta udal talde guztietako ordezkariak. Alkateak gogora ekarri du «beldurraren bidez jendearen buruetan herri zapalduaren ideia sartzen saiatu» zirela. Hernandok elkarte memorialistikoen lana txalotu du, Galdakao Gogora eta Aranzadi Zientzia Elkartea aipatuta. «Egia, justizia eta erreparazioa» aldarrikatu ditu alkateak eta lore eskaintza egin diete hildakoei.