Bere ibilbidean partida askoz hobeak jokatu baditu ere, Jokin Altunak bere Buruz Buruko laugaren finala jokatuko du ekainaren 4an Bilbon, espero baino lehia txikiagoan, berea ematerik izan ez duen Joseba Ezkurdiari 22-12 irabazita. Sarri esan izan da halako partidetan aurreko guztiak ezer gutxi balio duela, momentu eta une egokian jokatu behar dela, baina gaur Labriten ikusi da, gauzak normal, Altunari irabazteko edozein pilotarik perfekziotik bertan jokatu behar duela eta bere onenetik antipodetan, iazko azpi-txapeldunak erraztasun handiak eman dizkio gipuzkoarrari. Banakako partida bat zen arren, aurkariaz harago, bakoitzaren barne mamuen aurka jokatu behar izan dute bi pilotariek eta horiek uxatzen, gainontzekoak baino bizkorragoa dela berretsi su amezketarrak.
Jokoan asko zegoen bi aldeetatik eta tentsioa nabaria izan da bi pilotariengan. Lehen tantoa sakez egin badu ere, Jokin Altunak ez du gehiegi asmatu lehen pilotakadarekin, paretera baztertzea kosta egin zaio, baina 4-0 aurreratzea lortu du, hein handi batean Joseba Ezkurdiak oso galtzaile ekin diolako partidari.
Amezketarra izan da, saketik hasita, bere bidea zuzentzen lehena eta lehen pilotakadarekin izan ez denean, sake-errematean oso eraginkor, partidako lehen alde handia hartu du, zortzi tantotakoa, aurkaria alderik alde ondo mugituz. Kosta egin zaio arbizuarrari kantxan non kokatu asmatzen eta aurkariak inolako oparirik egin ez dioenez, berak egin behar izan ditu bere tanto guztiak, sarri asko arriskatu beharrarekin.
Erabateko ezina
Dominatzeko izan dituen aukera gutxietan argitasun gutxirekin, sakea izan du ia arma bakarra arbizuarrak, baina Jokin Altunarengan ohikoak ez diren pare bat hutsen ostean ere –sake erremate bat kanpora bota du eta aukera-aukerako dejada batek ere txapapera ihes egin dio– ez dio nafarrak behar besteko minik egin gero eta erosoago aurkitu den aurkariari (7-17).
Bere burua hasiera-hasieratik markagailuan atzetik ikusita, Joseba Ezkurdiari gauza gehiegi pasa zaizkio burutik eta azkenerako nahastu eta oso gutxitan izan da, hasiera batean nahi zuen bezala, oldarkor jokatzeko gai. Piloteoan luzeagoa eta instintua askoz ere garatuagoa, Jokin Altunak eroso jokatzeko moduan aritu da eta egoera horretan amezketarra geldiezina da, baita egunik onena ez duenean ere.
Azken txanpan, dena galduta zuela, tanto on batzuk eskuratu dit sakandarrak, baina Amezketako aztiari ez dio ihes egin bere Buruz Buruko laugarren finala.
PARTIDAKO FITXA:
Ezkurdia: 12
Altuna: 22
Pilotakadak: 228. Iraupena: 47 minutu. Markagailua: 0-4, 2-4, 2-10, 5-10, 5-12, 6-12, 6-14, 7-14, 7-17, 8-17, 8-19, 9-19, 9-20, 10-20, 10-21, 12-21, 12-22. Sakeak: 3 Ezkurdiak eta 2 Altuna III.ak. Egindakoak: 6 Ezkurdiak eta 9 Altuna III.ak. Galdutakoak: 9 Ezkurdiak eta 3 Altuna III.ak. Gorabeherak: Sarrera guztiak salduta eta giro bikaina Labriten. Ruben Ayarra aritu zen Ezkurdiaren botilero lanetan eta Gorka Altuna Jokin lehengusuarekin. Lehen sakea urdin.