Auzolana-Bera
Gazteak, auzolanean. (Maider IANTZI) (M. I. G.)
Altzateko plaza goizaldeko 5.00ak aldera.
Altzateko plaza goizaldeko 5.00ak aldera. (Herritarrek sare sozialetan zabaldutako irudia.)
Katiuskak jantzita, lanean.
Katiuskak jantzita, lanean. (Maider IANTZI)
Uraren indarrak zorua altxa du hainbat tokitan.
Uraren indarrak zorua altxa du hainbat tokitan. (Maider IANTZI)
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordea Beran izan da.
Javier Remirez Nafarroako Gobernuko lehendakariordea Beran izan da. (NAFARROAKO GOBERNUA)
Auto bat kaltetuta.
Auto bat kaltetuta. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Bizilagunak garbiketa lanetan.
Bizilagunak garbiketa lanetan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Kale bat erabat lokaztuta, uholdeen ostean.
Kale bat erabat lokaztuta, uholdeen ostean. (Maider IANTZI)
Gazteak auzolanean aritu dira garbiketa egiten.
Gazteak auzolanean aritu dira garbiketa egiten. (Maider IANTZI)
Urak ostatu bateko kamara eta aulkiak ere harrapatu ditu.
Urak ostatu bateko kamara eta aulkiak ere harrapatu ditu. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Suhiltzaile eta bizilagunak, garbiketa lanetan.
Suhiltzaile eta bizilagunak, garbiketa lanetan. (Maider IANTZI)
Uholdeek kalte handiak eragin dituzte.
Uholdeek kalte handiak eragin dituzte. (Herritarrek sare sozialetan zabaldutako irudia.)
Euriteen ondoren, lurra eta lokatza.
Euriteen ondoren, lurra eta lokatza. (Maider IANTZI)
Altzateko plazaren irudia.
Altzateko plazaren irudia. (Maider IANTZI)
Farmazia honetan kalera atera behar izan dute dena garbiketa lanak egiteko.
Farmazia honetan kalera atera behar izan dute dena garbiketa lanak egiteko. (Maider IANTZI)
Botikak goizean goiz zuen itxura.
Botikak goizean goiz zuen itxura. (Herritarrek sare sozialetan zabaldutako irudia.)
Haur parke hau ere erabat lokaztuta geratu da.
Haur parke hau ere erabat lokaztuta geratu da. (Maider IANTZI)
Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Berako uholdea: ikara eta tristuratik elkartasun eta harrotasunera

Goizeko laurak aldera, dei bat. Leihora atera, eta karrika erreka bilakatua. Amesgaizto bat al da? Ez da lehen uholdea Beran, baina ez zegoen aurreikusia. Bi ordu inguruz amorruz hustu dira hodeiak eta goitika egin du Zia errekak. Ez du inork minik hartu, baina kalte materialak handiak dira.

Altzateko plaza goizaldeko 5.00ak aldera.
Altzateko plaza goizaldeko 5.00ak aldera. (Herritarrek sare sozialetan zabaldutako irudia.)

Meteorologoak ere harrituta daude goizaldean gertatu denarekin: metro kubikoko 102 litro neurtu dira Beran. Etxalar eta Irun ondoko herrietan, berriz, ia ez du tantarik bota. Lesakan, luizi batek ubide bat itxi du eta ura sartu da etxe batzuetan, baina jendea agudo mugitu da eta egoera kontrolatzea lortu dute suhiltzaileen laguntzaz.

Beratarren kontakizunak ezberdinak dira bizilekuaren arabera. Euri erauntsiak ernatu ditu batzuk, alarma deiak bertzeak, eta izan dira deus sumatu ez dutenak, Bidasoa parean bizi arren. Izan ere, Zia erreka izan da goitika egin duena eta alde hori jo du ekaitzak. Gainera, hagitz denbora guttian izan da, goizaldeko hiruretatik bostak bitarte gutti gorabehera.

Ez sinestekoa izan da: goizeko bostak inguruan Altzateko plaza laku bat zen, kotxeek txalupak ziruditen. Aunitz hondatu dira. Beldurra ematen zuen uraren indarrak. Ateak eta kristalak puskatu ditu korronteak. Zorionez, ez da inor zauritu. Kalte materialak handiak dira, ordea.

Nonbait hori bertan denean

Kronika hau idazteko herrian barna itzulia hasi dudanean korapilo bat nuen sabelean. Ikara eta tristura. «Nonbait uholdeak izanen dira...» pentsarazten zuen euri hotsak maindire artean, baina nonbait hori bertan izan da. Auzoan eman dut lehen buelta, baina ez zait atera argazkirik eta galderarik egitea. Auzokideak pala eta katiuskekin lohia garbitzen ari ziren, ez zen unea.

Herri erdialdera ailegatu eta koadernoa atera dut, kazetarion babes txalekoa edo indar iturria, hala da niretzat behintzat. Orduan hasi naiz jendearekin solasean eta konfiantza hartzen, baita lehenengo apunteak eta irudiak ere.

Goizaldeko hiru eta erdietarako auzolanean ari ziren beratarrak. Legia, Altzate, Kanttonberri eta Illekueta izan dira kaltetuenetakoak. Baserri batzuk inkomunikatuta daude. Urak metro bateko eta metro eta erdiko altuera ere hartu du. Etxabe eta dendetan sartu da ura; ostatuetan ere bai, sukalderaino. Baratzeak eta lorategiak hondatu dira. Legiako botikan belategi puska bat erori da errekarekin batera eta lur aunitz atera du kamioiak. Botika ugari ere pilatu dute atarian, dena alferrik galduta.

Hondamen handia izan dute, adibidez, Oinatz zapata-dendan eta Zela kiroletan. Eskola publikoan ur dezente sartu da, Altzateko ikastolara ere bai, eta garbitoki zaharraren ondoko belatean bizi ziren oiloak ito dira.

 

Herria hankaz gora dago. Suhiltzaileak, kamioiak, ur bonbak, mangerak eta denetariko jendea, gazte pila bat tartean, behar dena egiten: batzuk lohia ateratzen eta bertzeak hamaiketakoa eramaten, deus jan gabe zeudelako.

«Gauean iturri bat irekia utzi dut eta begira ze armatu den!», bota du herritar batek umoretsu, txorizo pamplona usainean. Ingurura begiratu eta hondamena ageri da eskuin-ezker, baina hala ere giro onean ari da jendea.

Elkarrizketa batean baino gehiagotan oroitu dituzte 1983ko abuztuko uholdeak. Orduko haiek Euskal Herrira zabaldu ziren. Bizi izan zutenek gogoratzen dute bi kolpetan lehertu zela ekaitza. Bota eta pasatu zela zirudienean berriro jo zuela kolpea euriak. Bart ere antzeko zerbait gertatu ote zen, hori aipatu dute.

Informazio puntua Beralandetan

Berako Udalak informazio puntua ireki du Beralandetan. Bertan eska dezakete herritarrek behar duten laguntza. Hamaiketakoa ere eskaini du Udalak. Katiuskak jantzita zebilen Aitor Elexpuru alkatea ere, herrikideekin batera, guztia koordinatzen eta garbitzen. Javier Remirez Nafarroako Gobernuko ordezkaria eta biak mintzatu dira hedabideen aitzinean.

Elexpuruk nabarmendu du eredugarria dela nola ari diren beratarrak auzolanean, eta Remirezek, ildo beretik, gaineratu du hauteskunde kanpainaren azken txanpan egon arren batera ari direla. Legegintzaldi hau intentsoa izan da larrialdi kudeaketaren aldetik, suteak eta uholdeak gertatu dira eta. «Klima aldaketa benetakoa da eta horren kontzientzia hartu behar dugu. Gehiago etorriko dira eta prest egon behar dugu».

Batez ere tokiko planetan aitzinera egiten ari direla aipatu du Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Berakoa martxan jarri zen bart, lehenengo mailan.

Itzulia egin dugun bitartean testigu izan gara nola joan den herriaren paisaia aldatzen: lehen lohiak hartuta zeuden lekuak beren itxurara bueltatzen ari dira. Gure gorputzaldia ere mudatu da, ikara eta tristuratik elkartasun eta harrotasunera.

Aseguruari parte emateko garaia

Arratsaldean, garbitzen segitzen dute beratarrek. Batzuk goizeko itzulia egin dugunean ikusi ditugun toki berean topatu ditugu, eta oraindik badute lana.

 

 

Suhiltzaile eta palak ekinean ari dira. Aseguruaren kontsortzioko langileak kaltetutako tokiak bisitatzen ari dira, partea egiteko, eta Udaleko kideek Beralandetan jarraitzen dute guztia koordinatzen eta informazioa eta laguntza ematen. Abisua pasatu dute erranez euriteagatik kaltetua izanez gero norbere aseguruari parte emateko eta, ondotik, aseguruaren kontsortzioari (consorseguros.es, 900 222 665 eta 952 367 042).

Lesaka aldera doan trenbidera atera dira herritar batzuk ibiltzera eta buelta eman dute ez dutelako bidea seguru ikusi. Euriteetan harriak eta lurra erortzeko arriskua izaten da.