Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad
KANPAINAKO KAIERA (9. EGUNA)

Haize hego aztoragarria

EH Bilduko zenbait hautagairen harira sortutako zalapartak eta haien kontrako jazarpenak agerian utzi du zein erraz gailentzen den Estatuko agenda gure herrian. Ez da gauza berria, baina, hauteskunde hauez harago, egoera honi buelta emateko bidean asmatu beharko da noizbait.

Haize hegoak pertsona askoren aldartean eragina dauka, lurrak idortzen ditu eta, gogor jotzen duenean, zikinkeria noranahi zabaltzen du.
Haize hegoak pertsona askoren aldartean eragina dauka, lurrak idortzen ditu eta, gogor jotzen duenean, zikinkeria noranahi zabaltzen du. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Duela aste batzuk gertatu zen, apirilaren bukaeran. Bero sapa beldurgarria omen zetorren, urteko sasoi horretako tenperatura marka guztiak hautsiko zituena. Asko edo gutxi, horri buruz hitz egiten ibili ginen denak, hain zen ikaratzekoa zetorrena. Eta, bai, beroaldiak gogor jo zuen eta errekor batzuk ezarri zituen... penintsularen hegoaldean eta Mediterraneo aldean. Euskal Herrian, Araba eta Nafarroako hego partean sargori izan zen pare bat egunetan, baina gainerakoan beste munduko ezer ez.

Horiek ez ziren izan, inondik ere, 2023an orain arte izan ditugun egunik beroenak. Are gehiago, hurrengo astean bai, egunen batean Bilboko Kale Nagusiko termometroak 36 gradu markatzera heldu ziren. Baina horrek nahiko ustekabean hartu gintuen, aurreko egunetan ez baitzen igogailuko hitz-aspertuetako gaia izan.

Zertara dator hau aipatzea hauteskundeen orrialde honetan? Ba, noizbait, agendaz aritu beharko dugulako. Hizpide ditugun gaiak finkatzeko dugun gaitasunaz, hain zuzen.

Apirileko egun horietan, sare sozialetan meteorologiaz aritzen diren Euskal Herriko zenbait aditu gure herrian bero bolada ez zela hainbesterako izango argitzen saiatu ziren, ohi baino beroago egingo zuela, baina exajeratu gabe. Ordurako, ordea, markoa finkatuta zegoen: «sekulakoa datorkigu», eta horrek baldintzatu zituen aurreko beldurrak eta ondorengo balorazioak

Meteorologiarekin bezala, berdin gertatzen da beste kontuekin ere; estatu mailako agenda sukalderaino sartzen zaigu eta gero oso zaila suertatzen da buelta ematea.

Egun hauetako zalapartak agerian utzi du, berriro ere.

Alderdi interesen alde, etxekalte

2023ko maiatzean preso ohi batzuk hauteskunde zerrendetan doazelako eztabaidan aritzea ez da normala, edo ez luke izan behar. Aurreko hauteskundeetan ere joan izan dira, besteak beste horretarako eskubide osoa dutelako. Baina horretan ibili gara hainbat egunetan, Madrilen, estrategia maltzur baten mesedetan, zenbaitzuk –eskuin muturrak, alegia– horrela erabaki dutelako. Tira, eta egiari zor, gure herrian baten batek kanpaina zikin hori hauspotu duelako.

Alde batetik, esan behar da hedabide batzuk indar handia eduki arren, Hego Euskal Herrian, eta batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, inork ez duela agenda politikoa hain erraz ezartzeko gaitasunik baldin eta EiTB joko horretan sartzen ez bada. Baina, tamalez, sarritan sartzen da. Besteak beste, bere albistegietako gaiak estatu mailako irismena duen eta estatu interesa defendatzen duen komunikabide talde batek esaten duenaren araberakoa izaten delako.

Eta pribatua den hedabide horrek eskubidea dauka ezagunak diren bere interesen araberako gaiak eta ikuspegiak sartzen saiatzeko, baina publikoa den besteak ez luke zertan haren bidelagun amultsu eta otzana izan behar. Hain zuzen, guztiona beharko lukeelako.

Bestetik, gai honetan UPN-k esan ditzakeen basakeria guztiak esan aurretik amortizatuta daudela jakinik, zalaparta honek ez zukeen gure herrian bide luzeegirik egingo EAJ olatua probesten saiatu izan ez balitz.

Baina jeltzaleek bere interesen mesedetan kudeatzen dute Euskal Irrati Telebista, sortu zenetik, hedabidearen beraren sinesgarritasunari kalte eginez, eta logika berdinari erantzunez bide eman diote orain Covitek piztutako suari, eskuin mutur espainolarentzat erosoa den jokalekuari zilegitasuna emanez.

Alderdi interesen alde, etxekalte aritzea erabaki dute Sabin Etxean, Troiako zaldiari ateak parez pare irekiz. Ikusteko dago epe laburrean etekinik aterako ote duten, M28an jakingo da, baina EAJk jakin behar luke munstroa elikatzea ez dela inoiz aukera egokia izaten, azkenean norbera ere irentsi dezakeelako. Ez daude hain urrun Ermuko Foroaren, Basta Yaren, Oreja-Redondo bikotearen eta enparauen inkisizio garaiek sortu zituzten izerdi hotzak.

Edonola ere, laguntzarekin edo laguntzarik gabe, Estatuko eragileek gaitasun handia dute gure agendak baldintzatzeko, eta Euskal Herrikoek zailtasun nabarmenak gabezia horri erantzuteko; eta, hauteskunde hauez harago, arlo horretan ere burujabe izateko pausoak eman beharko dira. Bestela, jai.

Ordu arte, eta egun hauetako zeru grisek eta tenperatura freskoak kontrakoa iradokitzen duten arren, kanpaina honetan haize hegoak jotzen jarraituko du. Jendearen aldartea okertu, lurrak idortu eta zikinkeria leku guztietara zabaltzen duen haize aztoragarria, edozein nekarazteko modukoa den hori.

Herri honen itxaropena sikatu nahi lukete batzuek, eta horretan dabiltza, ipuineko otsoa bezala, putz eta putz. Boto jasa handia beharko dugu M28an, aroari udaberri itxura itzularazteko.