Ainara Rodriguez
Entrevue
Miren Echeveste
Elkarrekin-eko zerrendaburua Gipuzkoan

«Gure bizitzak erabat baldintzatzen ari da turismoa»

Miren Echeveste Podemos-Ezker Anitza- Berdeak- AV Gipuzkoako ahaldun nagusigaia da. Egun, Irungo Udaleko euskara eta berdintasun zinegotzia da, eta udal mailan sumatutako mugak oinarri hartuta ireki nahi ditu bide berriak. NAIZ Irratian eman du bere egitasmoen berri.

Miren Echeveste, Elkarrekin Gipuzkoako ahaldun nagusigaia.
Miren Echeveste, Elkarrekin Gipuzkoako ahaldun nagusigaia. (Jon Urbe | FOKU)

Nola heltzen diozu Gizpuzkoako ahaldun nagusiagaia izatearen erronkari?

Ilusio eta konpromiso handiarekin. Azken batean, Irungo Udalean gobernuan nago, berdintasuna eta euskara eramaten ditut; asko ikasi dut gobernuan egonda, baita ere asko ikasi dut zer nolako baldintzak ezartzen dituen gure ahaldundiak hainbat mailatan. Azken batean, lurralde kohesioaren ardura Aldundiak dauka eta ikusten dituzu zenbait proiektu egin nahi dituzula herrietan, baina Aldundiak ez baldin badu nahi hor geratzen zara. Dekretuek ez duelako jasotzen, edo diru gehiago behar duzulako, eta horretarako instituzioen babesa behar duzulako; hori konpontzera noa. Udal mailan baditugu muga batzuk, eta horiek gainditzeko Aldundiaren babesa eta laguntza ezinbestekoa da.

Aztikerrek otsailean egindako inkesta batean esaten zuen Ahal Duguk bi eserlekuren galera izan dezakeela datozen hauteskundeetan. Nola interpretatzen dituzue datu horiek?

Otsaileko datuak atera zirenean, Ezker Anitzarekin, Alianza Verderekin, Equorekin ez genuen ezer iragarri oraindik, eta horrek ere beste mezu bat helarazten du. Otsailean oraindik ez zegoen argi ea batera joango ginen edo ez. Erakutsi dugu denok batera goazela. Apirileko inkestetan, agian hirugarren eserleku bat ere ematen digute. Inkestetan, geroz eta hauteskundeetatik gertuago, orduan eta datu hobeak jasotzen ditugu beti. Fokua alderdi guztietan jartzen delako, ez bakarrik indartsuenetan, eta gure mezua ere iristen hasten delako. Gizarteak dituen beharrekin askoz ere lerrokatuago dago gure mezua beste alderdi batzuek mahaigainean jartzen dituzten gaiak baino.

Gipuzkoaren kasuan lehia estua iragartzen dute inkestek, kasu honetan EAJ eta EH Bilduren artean. Emaitzek aukera emango balute, prest egongo zinatekete ezkerreko koalizio bat osatzeko?

Ezkerreko koalizioak egiteko prest gaude behar den leku guztietan, beti ere programa bat adostuta. Politika erabilgarriak mahai gainean jartzeko gaude, konpromisoz lau urtetan zer efingo den adostearen alde: zer egingo dugun fiskalitatearekin, gizarte kohesioarekin, integrazioarekin, lehen sektorearekin, ekonomiarekin… hori da zehaztu behar duguna.

«EAJ-PSE binomioak ez duela aldatzeko inolako asmorik argi dago. Nola edo hala sartu behar gara gobernua aldatzeko, bestela Gipuzkoak galdu egingo du»

Zein da azken lau urteez egiten duzun balorazioa?

Aukera galdua, erabat; azken lau urteetakoa eta azken zortzi urteetakoa. Ez dute ezer berria aurrera eraman, ez dute ezer garatu, ez dute fiskalitatea ukitu ere egin... Estatu mailan eta beste herrialde batzuetan zein Autonomia Erkidego mailan hainbat neurri bultzatu dira. Baina EAJ temati dago, ez du aldaketarik aurrera eraman nahi. Aukera galtzen jarraitzeko asmoa dute, ezer aldatu gabe. Badakigu Gipuzkoa ez dela duela 20 urteko berdina, ekonomian erabat aldatuta dago, turismoarekin arazo bat izaten ari gara, etxebizitzarekin arazo larria dugu, Donostia inguruan batez ere. Argi dago egungo EAJ-PSE binomioak ez duela inongo asmorik aldatzeko. Nola edo hala sartu behar gara gobernuan aldatzeko, bestela Gipuzkoak galdu egingo du.

Baina zerga erreformari heltzekoak direla iragarri dute EAJk eta PSEk. Etorriko balitz, zeintzuk izango liratezke lehentasunak?

Aberastasuna banatzearekin eta orekarekin lotuta dago niretzat. Europako zerga politikekin alderatuz, bataz bestekoarekin konparatuta sei puntu beherago gaude, %26a da han, hemen %20an gaude. Zergak murrizten dituzu, zerga pizgarrien bitartez hainbat dedukzio onartzen dituzu, horrek inbertsioa erakarriko duela suposatzen duzulako, baina ikusi dugu ez dela horrela: putre funtsek gure lurraldea erostea ekartzen du, eta horrek ez du gero onurarik izango zerbitzu publikoetan, enpresa publikoan, gizarte ongizatean… Zentzu horretan heldu behar zaio, progresiboa izan behar du, eta justua: gehien daukanak gehiago ordaindu behar du. Hori da fiskalitateak egin behar duena, dagoen aberastasuna orekatu, eta geldirik dagoen diruari dinamismoa eman.

Aberastasun Handien Zerga ez da berria Gipuzkoan, agintaldi berrian ere horren alde egingo duzue?

Bai, dudarik gabe, Espainian bultzatu dugu, eta Euskadin 2011ean onartutakoa baino progresistagoa da Espainian onartu duten zerga. Energia enpresen, bankuen eta horrelakoen ez-ohiko diru sarrera ikaragarrien zergak ezartzen saiatuko gara. Ez da justua batzuk besteen inflazioaren harira aberastea, eta diru hori ez banatzea beren ingurunean. Saiatuko gara hemen horri heltzen, Aldundien bitartez badaukagu zerga propioak ezartzeko eskumen osoa, eta hori baliatu behar da.

Etxebizitza merkatua arautzearen alde agertu izan zarete. Egun dagoen indar korrelazioa ikusita, zerbait egin daitekeela uste duzue?

Egungo indar korrelazioarekin ezerezean geratu daiteke, eskumena Autonomia Erkidegoena da, eta EAJk dagoeneko iragarri du Etxebizitza Legea ez duela begi onez ikusten, eta ez da izan Ayuso bezain argia, baina bai ikusarazi du ez duela Etxebizitza Legeak aukeran ematen dituen tresnak eta legeak hemen garatzeko inolako intentziorik. Hori tristea da, ikusten dugulako geroz eta zailagoa dela gure hirietan etxebizitza lortzea alokairuan edota erosketaren bitartez, eta espekulazioa leku guztietan dagoela. Gauden instituzio guztietan bultzatuko dugu etxebizitzaren legearen baitako tresnak garatzea.

Turismoa bere baitan bada kezka bat zuentzat? Eta hala bada, zer egin daiteke arautzeko edo kontrolatzeko?

Ez dakit arautu daitekeen, behintzat hausnarketa bat egin behar dugu, sakona. Ez dugu Mediterraneoko edo Monakoko turismoa hartu behar eredutzat, ez duelako balioko. Gu Euskadi gara, eta gure turismo eredua sustatu dezakegu, urteetan izan dugu gastronomian oinarritutako eredua, ez horren masifikatua. Ez genituen horrenbesteko hotelak, jendea etortzen zen eta kalitatezko turismoa sustatzen genuen, ez zituen hemengoen bizi baldintzak oztopatzen, eta orain ez dago inolako araurik. Gure bizitzak erabat baldintzatzen ari da turismoa, ikusi dugu Donostian adibidez zenbat gaztek joan behar izan dute hiritik kanpora etxebizitza bat ezin dutelako erosi edo alokatu, etxebizitza parke nagusia etxebizitza turistikora bideratzen delako. Etxebizitza eskubidea bermatzea izan behar da helburu nagusia eta ez turismorako alokairuak bermatzea. Hori arautzen saiatu zen Udala, baina oso ahul.

«Etxebizitza eskubidea bermatzea izan behar da helburu nagusia eta ez turismorako alokairuak bermatzea»

Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea jarri du Uliazpiko aferan. Badirudi herritarren eta langileen eskubideak kontrajarrian jartzen ari direla...

Nik kezkarekin ikusten dut nolako politikak ari diren garatzen oraintxe bertan auzitegien eta legegileen artean. Eusko Jaurlaritzak 1997ko dekretua du eta denek esaten dute erreformatu behar dela, erreforma planteamenduak ere egin dira, baina ez dira onartzera heldu. 1997ko dekretuarekin jarraitzen dugu, eta horrek sortzen ditu arazo nagusiak. Azken 25 urteetan neurri batean egin dugu aurrera, eta orain dekretu bat behar dugu aurrera jarraitzeko, bestela instituzioek inolako aterki juridikorik ez dutelako. Gizartearen aurrean hau eskubideen talka bat izango balitz bezala aurkeztea ez zait onuragarria iruditzen, ezta zintzoa ere, Eusko Jaularitzarengan dago ardura.

Nola bizi duzu Unidas Podemosen eta Sumar alderdien artekoa?

Hori ez dago hemen. Beste agenda batekin eta beste egutegi baten baitan sortu dute eztabaida hori, azaro-abendurako. Hemen egiten dugun lanari begira gaude gu, Euskadin denok ados jarri gara, eta esparruko alderdi guztiek sinatu dugu.  Sumarren aurkezpen horretan ez nintzen egon, zarata asko zegoelako, Madrilgo estiloa horrelako zaratatsua da oro har, ez da hemengo estiloa. Ziur gaude ados jarriko direla, noiz ez dakit, baina jarriko dira, eta gure hautagaia dudarik gabe hautagai onena izango da: Yolanda Diaz.