NAIZ

Gasteizko Principal Antzokia 12 milioi eurorekin eraberritzeko hitzarmena onartu du Lakuak

Gasteizko Principal Antzokia eraberritu eta handitzeko hitzarmena onartu du Lakuak. Iragarri dutenez, antzokiaren barrualdea eraitsi egingo da eta berriro eraikiko da 842 eserlekuko edukierarekin, egungo estetikari eutsiz.

Gasteizko Principal Antzokia.
Gasteizko Principal Antzokia. (VITORIA-GASTEIZKO UDALA)

Lakuako Gobernuak astearte honetan onartu du Arabako foru Aldundiarekin eta Gasteizko Udalarekin sinatutako lankidetza hitzarmena, hiriburuko Principal antzokia eraberritu eta handitzeko. Aurreikusitako kostua 12 milioi eurokoa da, 2023-2026 aldirako.

Gobernuaren esanetan, proiektua aukera bat da Gasteizko kultura eskaintza handitzen eta hobetzen jarraitzeko. «Horrek balio erantsia emango dio euskal gizarteari, eta hiriaren esparru sozioekonomikoan ere eragina izango du. Espazio modernoa, gaitasun eszeniko handiagoa eta irisgarria izateak hiriaren bihotzean kultura biziberritzen lagunduko du, artistentzat, Euskadiko kultura industriarentzat eta euskal gizartearentzat oro har», adierazi du.

Azaldu duenez, EAEko Gobernuak aurrekontuaren %40 jarriko du, 4,8 milioi euro. Gasteizko Udala, arduratuko da proiektua lizitatzeaz, zuzentzeaz eta obrak gauzatzeaz. Era berean, lankidetza hitzarmenak jarraipen batzorde bat sortzea jasotzen du. Batzordea sei pertsonak osatuko dute, eta urtean behin bildu beharko da gutxienez, lanen bilakaera aztertzeko.

Eraberritzeko proiektua

Principal antzokia eraberritzeko eta handitzeko hainbat hobekuntza egingo dira, irisgarritasuna, segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko, eta egungo itxura errespetatuz. Eszenatoki berria egingo da, hondo zabalagoarekin, eta orratzaren eta banbalinen arteko espazioaren altuera eta pezoiarena handituko dira.

Antzokiaren barrualdea eraitsi egingo da eta berriro eraikiko da 842 eserlekuko edukierarekin (19 mugikortasun urriko pertsonentzat), egungo estetikari eutsiz. Bestalde, egungo fatxadaren zabalera izango duen antzokiko sarrera eguneratuko da. Eraberritzeak sarrera nagusiari eta gainerako gelei argitasun handiagoa ematea bilatuko du.

Zaharberritzea aukera emango du erabilera anitzeko areto bat egokitzeko, eskaintza eszenikoa zabaltzeko formatu txikiko emanaldiekin. Era berean, modu integralean eraberrituko dira kamerinoen eraikina eta sartzeko kaia, eta bulego teknikoen gune zabal bat eta prentsa areto bat eraikiko dira.