NABO, mende erdiz Ipar Amerikan euskal kultura sustatzen
Euskal Herriarekin alderatuta desberdin, modu berezi eta propioan, euskal-amerikar nortasuna eratzeko giltzarri izan den NABOk mende erdia bete du. Duela 50 urte hainbat tradizio eta jatorritako euskal elkarteak batu ziren Renon. Eta egunotan ospatu egingo dute Kalifornian.
Ipar Amerikako euskaldunek ospakizun berezia dute egunotan. Mende erdia bete da euskal-amerikarrak biltzen dituen erakundea sortu zutenetik. Aspaldi iritsitako migratzaileak edo haien ondorengoak ziren batzuk, beste batzuek urte gutxi batzuk zeramatzaten Ameriketako Estatu Batuetan, eta jatorriz ere Euskal Herriko hainbat txokotatik zetozen. Asteburu honetan 50. urteurren hori ospatuko dute Kalifornian diasporako euskaldunek, Euskal Herritik ere beren beregi joandako lagunekin batera.
AEBetako mendebaldeko zortzi elkarte batuz sortu zen NABO Ipar Amerikako Euskal Erakundea: Kaliforniako Bakersfield eta San Frantziskokoak, Idahoko Boisekoa, Oregoneko Ontariokoa, Nevadako Reno, Elko eta Elykoak eta Coloradoko Grand Junctionekoa. Azken biak desagertu egin dira, baina NABOn dauden elkarteak 42 dira gaur egun. AEBetako mendebaldekoak dira gehienak oraindik ere, baina badira elkarteak ekialdean eta AEBetatik kanpo ere, Kanadan, esaterako, eta Frantziaren mende dauden Saint Pierre eta Mikelune uharteetan ere. Gaurko ekitaldirik hunkigarrienetakoa Kalifornian arratsaldeko hirurak direla eta Euskal Herrian gauerdia denean izango da, lehen zortzi elkarte horiei omenaldia egingo baitiete.
NABOren udaberriko bilera eta konbentzioarekin batera antolatu dituzte urteurreneko ekitaldiak, San Frantziskotik ordu pare batera dagoen Los Banos herrian. AEBetako euskal komunitateekin batera, Kalifornian izango dira Euskal Herritik joandako bertsolariak, hizlariak eta kirolariak. Bilkuran, duela bost urte hartutako ardura utziko du Philippe Acheritogarayk eta Jean Flesher musikariari emango dio aginte makila. Era berean, 1973an Nevadako Renon egindako bilkura hartatik erakundean diharduen Pierre Etcharreni omenaldia egingo diote. «Hasieratik ibili da NABOn, Renoko Sparks-en egindako bileran ere San Frantzisko ordezkatu zuen, eta beti aritu da buru-belarri. Musean lan itzela egin du».
Hainbat jatorri
Duela mende erdi, hainbat tradizio eta jatorritako euskal elkarteak batu ziren Renon. Izan ere, Kalifornian baxenabartarrak ziren gehienak, eta bizkaitarrak, Idahon. Nevadan, lekuaren arabera, batekoak edo bestekoak ziren gehienak, eta geografikoki ere Boise eta San Frantziskoren erdibidean egonik, huraxe hautatu zuten biltoki (Unibertsitatean ere abian zen ordurako Euskal Ikasketen programa). XX. mendearen lehen erdian artzain joandako gurasoen seme-alaba estatubatuarrak ziren batzuk, gainera; beste batzuk, berriz, eurak ziren migratzaile joandakoak, 60ko hamarkadan bertan. Migrazioa amaitua zen nagusiki, eta behinolako ‘boardinghouse’ ostatuak lekuan lekuko komunitateen topaleku bihurtu ziren. Baina hortik topaleku horiek guztiak koordinatu eta elkarte komun bat sortzera, jauzi handia zegoen.
«Hogeita hamar lagun inguru elkartu ginen. Ni San Frantziskotik idazkari joan nintzen. Batzuk alde ziren, beste batzuk ez, badakizu euskalduna nolakoa den: bost euskaldun eta hamar iritzi. Bizpahiru hilen buruan berriz elkartzekotan geratu ginen, eta hor ez ginen dozena bat baino askoz gehiago», gogorarazi digu Pierre Etcharrenek. Uharte-Garazin sortua, hamazazpi urterekin iritsi zen San Frantziskora, eta hastapenetik dihardu NABOn. Garai hartako errezelo nagusietako bat Euskal Herriko giro politikoak sortzen zuen: «Guk euskaldun kultura maite genuen, ez genuen politikan sartu nahi». Hala, kultura hitza azpimarratu zuten estatutuetan, auzi politikoetatik aparte zeudela nabarmentzeko.
Errezeloa ez zegoen AEBetan bakarrik. Frankismo amaierako Euskal Herri hartara etorri zen John Bieterrek honela gogorarazi zuen Boiseko talde batek Oñatin egindako egonaldia: «Zurrumurrua zegoen programa guztia ez ote zen CIAren ezkutuko zerbait. Astebete lehenago leherketa txiki bat izan zen gu egongo ginen egoitzaren ondoan, txikia, baina bonba bat, finean. Orduko hartan, ez nintzen ohartzen askorik. Baina pentsa, bestalde, herrikoei zein irudi emango genien: Bilbotik ekarri gintuen autobusak, aurrean eta atzean, Guardia Zibilaren eskolta zeraman herrira sartu zenean». Ikurrina debekatuta zegoen Hego Euskal Herria zen. NABO erakundeak, kultura azpimarratuta eta eztabaida politikotik aparte ere, ikurrina erabili du bere ekitaldi guztietan.
Iaz hil zen Al Erquiaga, NABOko lehen presidentea izana. Hasiera hartan elkarteek elkarren berri izatera mugatuko zirela uste zuten, baina korrespondentziatik askoz haratago doan zerbait bihurtu zen euskal elkarteen federazioa. Nork bere herrian eta elkartean egiten zuenarekin, lantaldeak eratu zituzten: dantza izan da akuilu nagusietakoa diasporako euskaldunen artean. Dantza taldeak, dantza emanaldiak, picnic eta jaialdietako ekimen garrantzitsuenetakoak izan ziren 60ko hamarkadatik; elkar-ezagutzarako bideetako bat. «Klika, dantza, pilota... Horiekin hasi ginen San Frantziskon 1963an; beste anitz klub ere sortu ziren, eta horiek ikustera joaten ginen Los Banosera, Bakersfieldera, eta gero Nevadarara ere bai, Renora, Elkora, Winnemucara...», dio Etcharrenek.
Udalekuren garrantzia
1973tik aurrera, NABOren ideia zabaldu zuten euskaldunen ekitaldietan. «70eko hamarkadako buruzagitzak, Boiseko Al Erquiagak eta San Frantziskoko Jacques Unhassobiscayk, lan handia egin zuten, picnic guztietan NABOren ideia zabaltzeko». Jauzi garrantzitsua «1979an iritsi zen, eta Pierrek eragin zuen», gogorarazi du Acheritogarayk: «Ordura arte bilkurak izan ohi ziren, eta berak hainbat lekutako dantza-taldeak elkartu zituen San Frantziskon. Dantza, kirola, bertsolaritza saioak... izan ziren eta talde ugari elkartu ziren». Ordurako NABOn sartzen ari ziren elkarte gehiagok egin zuten urratsa, erakundeak berak bultzatutako ekimenei esker: pilota eta mus txapelketak, eta gazteentzako Music Camp topaketa, gerora ‘Udaleku’ izena hartu zuena.
NABOn edozein ardura izandako guztiak bat datoz esaterakoan urteotan egindako programa eta ekimen guztietan Udaleku dela arrakastatsuena. Baita erakundea egun inoiz baino biziago egotearen arrazoia ere: diasporako herrialde askotan belaunaldi batek sortzen du elkartea, baina haien seme-alaba edo bilobek ez dute gurasoen interes berbera, integratu ahala. Baina Udalekuk diasporaren kontzientzia irauli eta guztiz eraberritu du. «Hasieran musika eta dantza ikasteko topaketa bezala planteatu zen; bi astetan hiru lekutan egiten zuten, ume bakoitzaren bizilekuaren arabera», dio Valerie Arretchea Udalekuko arduradunak. Antolakuntza zailegia zen, ordea, eta bi asteko topaketa bakarra egitea hobetsi zuten, elkarte batek antolatuta eta kideen etxeak baliatuta, eta urtez urte aldatuz lekua. «Musika eta dantza topaketa zena beste neska-mutil batzuk ezagutzeko bide bihurtu zen. Halako batean, euskal komunitate guztietan genituen lagunak. Ordurako, beraz, ez zen gurasoei picnic-etara laguntzea haien lagunekin egon zitezen; geuk ere bagenituen adiskideak eta haiek bisitatu nahi genituen. Ekimen gutxitan ikusiko duzu hain adin desberdinetako jendea elkarrekin ospakizunean». Horri esker, «euskal kulturari eusteko bultzada handia izan zen. Txistu, kantu eta dantzarekin batera, musa ere sartu zen; umeek eurek sartu zuten, elkarri irakatsi baitzioten».
Euskal Herrian ere elkarrengandik urrun egon ohi diren euskaldunak, bizkaitarrak batetik eta baxenabartar edo zuberotarrak bestetik -baita Nafarroa Garaikoak ere-, elkarte bereko kide ziren, eta bide horretatik, NABO haziz joan zen 80ko hamarkadan. Mendebaldean zentratuta betiere, han baitaude diasporako euskal komunitate gehienak; New Yorkeko Euzko Etxea, Ameriketako Estatu Batuetan sortutako lehenengoa izan bazen ere, 1993an sartu zen NABOn. Ordurako mendebaldeko estatuetan euskaldunen picnic-en zirkuitua indartsu zegoen, eta gero eta hobeto ezagutzen zuten elkar. Boisen ere bost urterik behin antolatzen duten Jaialdiari ekin zioten 1987an. Eta proiektu baten inguruan elkar ezagutu zuten diasporako helduekin alderatuta, haien seme-alabek gaztetxotatik elkarrekin partekatu zuten Udaleku programa; euskal-amerikar identitate berriari bide egin dio-eta, «NABOren programa esanguratsuena da», dio Philippe Acheritogarayk. «William Douglassek programa horri ‘NABO efektua’ esaten dio: euskal komunitateak elkartu ditu, euskal-amerikar gisa. Euskal Herriarekiko ondarea hor dago, noski, baina ez elkarren arteko bereizgarri gisa». Horren guztiaren ondorioz, «gaur egungo euskal etxeetako zuzendaritzetan ikusten dituzunetako asko eta asko Udalekutik pasatu diren adiskideak dira, eta horrek, noski, oso lotura estuak sortzen ditu».
90eko hamarkadan hartu zuen Udalekuk egungo formatua. «Programa arrakastatsua zen, bagenekien gauza garrantzitsu bat lortu genuela, baina ohartu ginen ez zegoela euskalduna izateko era bakar bat, ezin zeniola inori esan ez zela ‘basque’ dantza edo txistua gustuko ez zuelako edo ez zelako euskara ikasteko gai». Hala, egitura aldatu zuten, «ugaritu egin genuen programa, euskal kulturaren ikuspegi zabalagoa irakasteko, derrigorrean zati batekin edo bestearekin identifikatzeko beharrik gabe».
Nola eutsi euskarari
Euskal kultura berritu eta identitate berri eta bizi batera egokitu da AEBetan. Hizkuntzari eustea, alabaina, ez da hain erraza 330 milioi laguneko herrialde batean, non munduko hizkuntzarik indartsuena mintzatzen den. 90eko hamarkadaren amaierarako Martin Goicoechea jabetu zen emigrazioan joandako azkenetakoa zela, eta bazeramatzan 30 urte AEBetan. «Ohartu nintzen jende gehiago ez zela heldu Euskal Herritik, eta hori zaindu ezean euskara galdu egingo zela». 1998an zabaldu zuten Boiseko ikastola, eta 2000. urtean, Goicochearen gidaritzapean, NABOk Eusko Jaurlaritzarekin hizarmena egin zuen, euskarazko eskolekin hasteko euskal etxeetan. 21 urtez Euskara arduradun izan ostean, duela bi urte Boiseko Ziortza Gandariasi eman zion lekukoa.
«80-100 ikasle inguru ditugu Ameriketako Estatu Batuetan, zortzi eskola eskaintza daude, eta denetik dago: euskaraz zerbait gogoratzen duten euskal jatorrikoak, euskal arbasorik ez baina interesa daukatenak, erretiroa hartu eta hizkuntza ikasteari ekin diotenak...», dio Edurne Arostegui Euskara koordinatzaileak. Sarritan, elkar ezagutzen dute ikasleek: «Gertatu izan da batek gazteago bati esatea: ‘Hara, zure amona ezagutzen nuen!’». Oro har, A1 eta A2 maila apalak izaten dituzte, betiere Etxepare Institutuak ezarritakoaren arabera. Badira, halaber, Euskal Herria bisitatzekotan direnak eta joan aurretik euskara pixka bat ikasi nahi dutenak.
NABOko presidente berria Utah-ko Euskal Etxeko kidea da: «Lehen bazen euskal ostatua, hura itxi egin zen eta orduan sortu zituzten elkartea eta Triskalariak dantza-taldea. Kluba txikia baina ederra eta animatua da». Amerikanuak taldeko sortzaile eta musikari autodidakta da Jean Flesher: «16 urterekin sartu nintzen elkartean. Dantza taldeak magnetofoiaz praktikatu ohi zuen, ez zen musikaririk. Akordeoia ikastea pentsatu nuen, hortik talde txiki bat sortu, beste euskaldun batekin, gero handitu eta duela 7-8 urte Amerikanuak sortu genuen». Ama baxenabartarraren hizkera era berezian darabil, Salt Lake City inguruan dagoen bizkaitar komunitatearen zipriztinekin, hain zuzen ere.
Helburu ugari ditu Flesherrek aurrera begira: «Bertsolaritza bultzatzeko programa ederra jarri dugu abian. Beti izan da bertsolaritza Ipar Amerikan, baina zahartuak dira eta gazterik ez zetorrenen; programa hau sortu da eta espero dut handituko dela. Badugu beste programa bat Euskal Herritik dantza irakasleak etor daitezen. Eta espero dut AEBetako ekialdeko taldeek ere gehiago parte-hartzea, eta han ere bilera gehiago egitea, lehen Montrealen eta berriki Connecticuten egin den bezala; harremanak estutzea, alegia». Atlantan, Texasen eta Mexiko Berrian diren euskal taldeen berri ere izateko asmoa du Flesherrek.
Presidentetza utzi berri duen Philippe Acheritogaray, bestalde, pozik dago egindako lanaz, eta bi ekimen nabarmendu ditu: pilota batzordearen ardura hartzeko eskatu zion San Frantziskoko Tony Huarteri, eta indartsu heldu dio lanari. Bertsolaritza taldeari ekin berri dio, halaber, NABOk. «Bertsolaritza beti izan da garrantzitsua Ipar Amerikako diasporan, baina ez zetorren erreleborik eta bertsolariak ere adinean gora goaz», dio Martin Goicoecheak. Iaz egin zuten pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zuten AEBetako bertsolarien omenezko ekitaldia. Era berean, Goicoechearen bidez Todor Azurtzak hartu du bertsolaritza batzordea berritzeko ardura. «’Bertsolaritzari Arnasa Berritu Amerikan’ ekimena martxan jarri dugu, bertsolaritza sustatu eta iraunarazteko. Bertso eskola sortu dugu (online elkartzen gara astero) eta aldiro bertso saioak antolatzen ditugu. Bertsolaritzari bultzada emateaz gain, gizarte honetan euskarari esparru bat eskaintzen ari gatzaizkiola esango nuke, gure bertsoetan behintzat AEBetan euskara bizi da eta».
Euskal Herriarekin alderatuta desberdin, modu berezi eta propioan, euskal-amerikar nortasuna eratzeko giltzarri izan den NABOk mende erdia bete du. Eta sortu zutenen seme-alabek eta bilobek inoiz baino indar handiagoz dihardute AEBetan euskal kultura sustatzen.