NAIZ

Euskarazko murgiltze eredua eskainiko du heldu de kurtsoan Uztaritzeko Idekia ikastetxeak

Euskarazko irakaskuntzaren eskaintza garatzea lehentasuna dela oroitarazi ostean urrats garrantzitsutzat jo du Uztaritzeko Herriko Etxeak irailetik goiti Idekia ikastetxe publikoaren ama eskolan murgiltze eredua plantan ematea.

Idekia ikastetxeko publikoako haurrak ospakizun batean.
Idekia ikastetxeko publikoako haurrak ospakizun batean. (Uztaritzeko Herriko Etxea)

Idekia ikastetxe publikoan murgiltze ereduan klase berria irekitzeko erabakia baieztatu du Uztaritzeko Herriko Etxeak.

Eskolako haurrek hezkuntza elebiduna jasotzen zuten baina adostasun prozesu baten ostean ama eskolako klase bat murgiltze sistemara igaroko da heldu den irailetik aurrera.

Hain zuzen, Herriko Etxea, pedagogia taldea eta Idekia eskola publikoko gurasoak elkarlanean aritu dira emaitza horretara heltzeko.

Finean, aho batez hartua izan den erabakiaren ondotik euskarazko irakaskuntza eskaintza hedatzea erabaki da murgiltze ereduan funtzionatuko duen klase bat eskainiz.

Euskarazko irakaskuntzaren eskaintza garatzea lehentasun bat da 2014. urteaz geroztik udal gobernuan dagoen taldearentzat.

Hori oroitarazi ostean, Idekia eskolan lorturiko akordioak duen garrantzia nabarmendu du Françoise Gallois hezkuntza auzapezordeak.

Bere erranetan, heldu den irailean «aitzinamendu garrantzitsua» iraganen da Idekia ikastetxean.

Bestalde, Herriko Etxeak adostasun horren alde eginiko lana nabarmendu du.

20 bat familiaren sostengu erabakigarria

Tokiko erakundeak bere webgunean zehaztu duenez, iragan apirilaren 6an informazio bilkura bat antolatu zen hezkuntza egitasmoa finkatzeko.

Bertan izan ziren Bruno Carrere Uztaritzeko auzapeza, Françoise Gallois hezkuntza auzapezordea, Julie Gimazane Idekia eskolako zuzendaria eta Antton Irubetagoyena familiekin harremanetaz arduratzen den irakaslea.

Bilera horretan proiektua gauzagarria zela baieztatu zen, 20 bat familiaren sostengua jaso baitu Idekia ikastetxe publikoan klase berria irekitzeko egitasmoak.

Idekia eskola publikoak irakaskuntza elebiduna eskaintzen du 2017. urteaz geroztik. Irakasleek beraiek murgiltze ereduaren aldeko urrats bat ematea proposatu ondoren martxan jarri zen ama eskolan klase hori irekitzeko prozedura.

Horren ondorioz, irailetik aurrera 20 haur baino gehiago murgiltze ereduan arituko dira Idekia ikastetxean.

Herri osoarentzat garrantzia badu aldaketa horrek.

Uztaritzen hiru ikastetxe publiko daude. Bakar batek eskatzen du irakaskuntza frantses hutsean, hain zuzen Herauritze azoan kokatzen den eskolak.

Beste biek, Arruntze auzoko eskolak eta hiri erdian, zehazki Lapurdi plazan dagoen Idekia ikastetxeak irakaskuntza elebiduna eskaintzen dute.

Horrenbestez, heldu den ikasturte hasieratik murgiltze ereduak garapen berria ezagutuko du sare publikoan, Idekia ikastetxeak ama eskola euskarazko murgiltze ereduan eskainiko duelako.