NAIZ

Hiri ereduaren metafora: Donostiako Udal Gobernuak turismo bulegoa udaletxera mugituko du

Donostiako udaletxearen beheko solairuan turismo bulego berria eraikitzeko lanak egiten ari da EAJ eta PSEk osatutako Udal Gobernua. ‘Udal info’ zerbitzua dagoen tokia hartuko du bulegoak.

Markel Ormazabal eta Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak, udaletxearen aurrean.
Markel Ormazabal eta Ricardo Burutaran EH Bilduko zinegotziak, udaletxearen aurrean. (NAIZ)

Donostiako udaletxeko beheko solairuan, ‘Udal info’ zerbitzua zegoen tokian, lanak hasi ditu EAJ eta PSEk osatutako Udal Gobernuak. Donostiarrei arreta zuzena ematen zion zerbitzuaren lekuan turismo bulego berria egingo dutela salatu du EH Bilduk sare sozialetan zabaldutako bideo baten bitartez. Egun, turismo bulegoa udaletxetik metro gutxira dago, Bulebarrean.

Udaletxean bertan turismo bulegoa hartzeko donostiarrei espazio bat kentzeak adierazten du, EH Bilduren ustez, zein den egungo Udal Gobernuak bultzatu nahi duen hiri eredua. «Badago metafora bat adierazten duena gaur egun Donostian indarrean dagoen hiri eredua zein den. Esaten da irudi batek mila hitzek baino gehiago adierazten dutela, eta egia da: udaletxean egiten ari diren lanak, jendeak ez badaki ere, Donostiako Turismo Bulegoa eraikitzeko dira», agertzen du bideoan Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziak.

Hilabete batzuk dira ‘Udal info’ zerbitzuaren leihatilak zeuden solairuan lanak hasi zirela. «Zentralitate handiko espazio honetatik udal zerbitzuen bulegoak atera dira eta turismo bulegoa ekarriko da: hau da, donostiarrei ematen zaizkien zerbitzuak kanporatzen dira eta udalaren zati hau turismoaren beharrei erantzuten aritzen da», kritikatu du Ricardo Burutaran zinegotziak.

Koalizio abertzaleak jakitera eman duenez, bi milioi euroko aurrekontua eta 900 metro koadroko azalera izango du turismo-bulego berriak, eta bide publikotik bi sarbide izango ditu, udaletxetik bereizita. Bat Bulebarretik eta bigarrena Alderdi Ederreko terrazatik.

2010eko Plan Orokorra

Udaletxeak herritarrak «traba burokratikorik gabe» joan daitezkeen tokia izan behar duela iritzi du EH Bilduk eta, hori dela eta, aldarrikatu du «funtsezkoa» dela tokiko administrazioa «berriro donostiarren eskura jartzea».

Datorren legegintzaldian hartuko dira hiri ereduaren inguruko erabaki garrantzitsuenak, 2010eko Plan Orokorra ordezkatzeko ardura izango baitute Udaleko arduradunek. «Oinarri horiek lantzen ari gara orain; eta hor ikusiko dugu plangintza berriak eta korporazio berriak herritarren beharrei erantzungo dieten edo ez», ohartarazi du Burutaranek.