Alberto Matxain
Iritzi arloko erredaktorea / Redactor de la sección de Opinión

Perspektiba konplikatua euskararentzat Nafarroan

Alderdien programek jasotzen dutenari eta inkestek aurreikusten duten errealitate instituzionalari erreparatuta, hizkuntz politikaren arloan espero daitekeena aurreko legegintzaldiko politiken jarraipena da. Alderdi euskaltzaleen posizioa indartzea ezinbestekoa izango da gobernu berrian eragiteko.

Euskararen ofizialtasunaren aldeko mobilizazioa Iruñean, maiatzaren 13an.
Euskararen ofizialtasunaren aldeko mobilizazioa Iruñean, maiatzaren 13an. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Ez dago hizkuntz politikaren esparruan aldaketa handirik espero izateko arrazoirik. Azken lau urteotan ez da aldaketa soziopolitiko handirik eman eta, sorpresarik ez badago, igandeko hauteskundeen ostean azken legegintzaldi hontako gobernu formula (edo antzeko bat) gailenduko da. Halere, Nafarroako alderdi garrantzitsuenek haien programetan euskara eta hizkuntz politikari buruz planteatzen dutenari errepaso bat ematea merezi du.

Programa osoa bi hizkuntzatan argitaratu duten bakarrak EH Bildu eta Geroa Bai dira. Hizkuntza politikari tarte gehien eskaintzen dioten bi alderdiak dira. Contigo Navarra-Zurekin Nafarroak programa osoa gaztelera hutsean argitaratu du baina programaren laburpena eskuragarri jarri du bere webgunean. PSNk, PPk eta UPNk programak gaztelera hutsean argitaratu dituzte.

Zalantzarik gabe, EH Bildurena da Nafarroako sei alderdi garrantzitsuenen artean hizkuntza politika anbiziotsuena planeatzen duena. Euskara «normalizazio prozesuan aurrera egin behar» duen «hizkuntza gutxitu» bezala aurkezten duen bakarra da eta, helburu orokor bezala, «ahalik eta kontsentsu zabalena izango duen arauzko esparru berri bat» planteatzen du «lurralde osoan ofizialtasuna bermatu eta egun indarrean dagoen zonifikazioa gaindituko duena eta herritar guztiei hizkuntza eskubide berdinak aitortuko dizkiena; euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko hainbat esparrutan neurriak hartuko dituena». Hizkuntza politika zehar-lerro gisa planteatzen du Nafarroako Gobernuaren gainerako politika eta lan ildo guztietan. 2023-2027 legegintzaldirako honako esparrutan euskararen normalizazioaren bidean aurrerapausoak planteatzen ditu koalizioak: arauzko esparrua, planifikazioa eta baliabideak, administrazioa, arnasguneak, hezkuntza, helduen euskalduntze-alfabetatzea, hedabideak, sozioekonomia, kultura, aisia eta kirola, komunikazio eta informazio teknologiak, euskararen sustapena eta ikerketa soziolinguistikoa.

Geroa Baik euskararen sustapena eta normalizazioaren alde egiten du eta 2019-2023 legegintzaldian hizkuntzaren arloan egindako lanaren balorazio positiboa egiten du, PSNri hainbat kritika zuzentzen dizkiolarik. Uxue Barkosen koalizioak aurreko bi legegintzaldietan abiatutako bidean sakontzearen alde egiten du: «Geroa Bairen konpromisoa da politika hauek bultzatzen jarraitzea eta euskararen eta bere sustapenaren aldeko adostasun soziala indartzen jarraitzea bere balorazio soziala hobetzeko». Neurri zehatzei erreparatuta, zonifikazioa gainditzea eta denon hizkuntza eskubideak bermatuko dituen foru lege berri baten alde egiten du eta euskararen normalkuntzaren bidean neurri ugari planteatzen ditu.

Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa koalizioak hizkuntza politikari bi atal eskaintzen dizkio hiru orrialde eta erditan. Prozesu parte-hartzaile bat planteatzen du hizkuntz politika arautuko duen foru legea egin eta onartzeko, programan foru legearen oinarrizko helburuak aipatzen dituelarik. Era berean, hizkuntz eskubideen zerrendatze bat egiten du. Bestalde, administrazioan euskararen erabilera indartzeko, ontzat ematen du 103/2017 Foru Dekretua eta merituak baloratzen diren administrazioan sartzeko prozesuetan euskara «era mailakatuan» baloratzea planteatzen du, «Nafarroako zonalde bakoitzeko errealitate linguistikoaren arabera, beste hizkuntza batzuk (ingelera, alemaniera, italiera) meritu gisa baloratzen diren bezala».

PSN euskara «konfrontazio politikorako» baliatzen duten eskuina eta abertzaleen artean kokatzen saiatzen da, bi muturren arteko ustezko zentroan, alegia. VII. Inkesta soziolinguistikoak argitaratutako hiztun kopuruak jasotzen ditu eta, jarraian, errealitate horretatik abiatuta, «borondate eta aukera berdintasunaren printzipioen» oinarriaren gainean adostasun ahalik eta handiena lortuko duten politikak garatu behar direla adierazten du. Euskararen Foru Legearen garapenaren alde egiten du «eskaera sozialarekin bat egiten duten erreformak eginez». Hau irakurrita, ezinezkoa da ez gogoratzea alderdi sozialistak otsailean Mañeruko herria zonalde mistoan sartzearen kontra egin zuela. Programak adierazten duena interpretagarria denez, ezin jakin datorren legegintzaldian zonalde aldaketa eskatzen duten herrien borondatea errespetatzearekin konprometitu den ala ez.

Amaitzeko, PSNk euskararen erabilera eta sustapenerako «Elkarbizitza Akordio» baten alde egiten du, «hizkuntzaren garapen normal eta naturala bermatu eta hiritargoari funtzio publikoari sarbidea aukera berdintasunean bermatuko diona, diskriminazio egoerak ekidinez».

Gaztelera hutsean, bi orrialde eta erditan, UPNk euskara ikasteko eta erabiltzeko «askatasuna» lehenesten du euskararen berreskurapenaren aurrean. Programaren arabera, hizkuntza politikak «ezin du ingenieritza kulturala praktikatzea izan paisaia linguistikoa aldatzeko helburuarekin». «Normalizatzeak, gure ustez, ezin du esan nahi biztanleriaren gehiengo handiaren ama-hizkuntza bezain pertsonala den zerbait aldatu behar denik. Euskara normalizatzeak esan nahi du euskaldunen komunitateak bere hizkuntza erabil dezakeela». Euskara «nafar jendartearen gutxiengo garrantzitsu baten komunikazio tresna gisa ikusi beharra dago eta, neurri horretan, gure kultur ondare kolektiboaren parte garrantzitsu bezala». Amaitzeko, zehaztu gabeko neurriak planteatzen ditu euskararen «jasangarritasuna» bermatzeko, berau «despolitizatu» eta «askatasunean oinarritutako erabilera» bermatzeko eta euskaldunon gaitasun linguistikoak hobetzeko.

Amaitzeko, PPk ez du hizkuntza politikarik planteatzen. Euskararen ezagutza, eremu euskalduneko lanpostu jakin batzuetarako ez bada, Administrazioko lanpostuetara iristeko baldintzatzat ez hartzea eta meritu izatea mugatzea planteatzen du, baita PAI ereduaren ezarpen mailakatua ere, denborarekin D ereduaren desagerpena ekarriko lukeena gaztelera, ingelera eta euskarazko eredu baten mesedetan.

Oro har, hiru jarrera ikus daitezke alderdion programetan: euskararen egoera hobetzeko neurriak planteatzen dituztenak (EH Bildu eta Geroa Bai), euskara zokoratua eta gutxietsia mantendu nahi dutenak (UPN eta PP), eta nolabait, erdibidean kokatzen direnak (PSN eta Contigo Navarra-Zurekin Nafarroa), errealitate soziolinguistikoarekiko errespetuan oinarrituta euskararen egoera kaskarrari erantzun gabe eta, PSNren kasuan, bere burua bi muturren arteko zentroan kokatzeko ageriko borondatearekin.

Alderdien ikuspegi orokorrak jendarte joerekin alderatu daitezke. Inkesta soziolinguistikoek euskararen erabileraren sustapenarekiko jarrerak bost urtero neurtzen dituzte. Azken inkestaren arabera (2021ko datuak), nafarren %30 euskararen erabileraren sustapenaren alde zegoen, %37 kontra zegoen eta %33 ez zegoen «ez alde, ez aurka». Jarrera hauek euskaltzaletasuna, euskarafobia eta indiferentzia bezala interpretatu daitezke. Kurioski, alderdi abertzaleek Parlamentuko eserlekuen %30 dituzte, Navarra Sumak %40 eta PSN, IE eta Podemos-Ahal Duguren artean beste %30.

Partikularki deigarria da UPN eta PPren programei darien euskarafobia. UPNk euskarari era esplizitoan egozten dion bestetasuna deigarria da, berarekin zerikusia ez duten nafar gutxi batzuek hitz egiten duten hizkuntza bezala tratatzen du. Euskara nafar guztion ondarea dela dio, baina, «askatasuna» babesten du euskara sustatu nahi ez duen nafarren %37 horrek, bere boto-emaileak eta boto-emaile potentzialak, euskarafobian instalatuta eta euskarari bizkarra emanda bizitzen jarraitu ahal izan dezaten.

Maila instituzionalean, itxura guztien arabera euskararen inguruko bataila PSNk lideratuko duen gobernuaren baitan (eta eskuin euskarafoboaren kontra) emango da berriro ere. Hortaz, espero daiteke hurrengo lau urteotan Gobernuak euskararen egoerari erantzungo dion politika eraginkorrik ez garatzea. Ezinbestekoa izango da alderdi euskaltzaleek boz eta ordezkaritza ahalik eta handiena lortzea haien posizioa hobetu eta Gobernuan eragiteko gaitasun handiagoa edukitzeko.

Bataila garrantzitsuenak kulturala izaten jarraitzen du, instituzioetan eta gainontzeko esparru guztietan libratu beharrekoa eta jendarte sektore esanguratsuak indiferentzia eta euskarafobiatik euskaltzaletasunera erakartzeko anbizioa eduki behar duena. Soilik horrela lortuko da luzera euskarafobian eta euste eta murrizte politiketan gotortuta dauden alderdien posizioak mugiaraztea.