Bost urteren ondoren, berriro jantzi du Joanes Bakaikoak Promozio Mailako Buruz Buruko txapela, eta, horri esker, datorren urtean lehen mailakoekin buruz burukoan aritzeko saria eskuratu du. 2018an Erasun hartu zuen mendean, eta gaur, Iruñeko Labriten jokatu duen partidan, Iker Salaberria azpiratzea lortu du, kostata izan bada ere. Oso partida parekatua eta gogorra jokatu dute bi pilotari nafarrek, eta horren erakusle da 11 aldiz joan direla markagailuan berdinduta eta guztira 406 pilotakada jo dituztela.
«Beroan, esango nuke jokatu dudan final gogorrena izan dela, baita partida gogorrena ere. Orain ez nago konklusiorik ateratzeko, odola justu dut gorputzean», hori adierazi du Baikoko pilotariak EITBko kameren aurrean. Oraindik arnasari eutsi ezinik zegoen, eta ez da gutxiagorako, exijentzia handiko neurketa jokatu baitute.
Partida oso parekatsua izan da, eta hasieratik gogor ekin diote lehiari: lehenengo tantoan, 22 pilotakada jo dituzte. Hasi, hobeto hasi da Goizuetakoa, pilota aurrera eramanez eta aurkaria kantxan alde batetik bestera mugiaraziz (4-7). Halako neurketa komeni zitzaion Salaberriari, eta hasieran, behintzat, lortu du bere jokoa egitea.
Hori bai, zazpigarren tantotik aurrera, berdintasuna izan da nagusi, eta aleka-aleka joan dira tantoak eskuratzen. Tartean, tanto gogor eta luzeak egon dira, bi pilotariei nekea nabari zitzaien pilotalekuan. Bereziki Goizuetakoari falta zitzaizkion indarrak, eta 16-13 tantoa bukatu eta berehala eskatu du atsedena Fermin Eskudero Salaberriaren botileroak, aurrelariari galdetu gabe. Erabaki ezin hobea izan da, atsedenaldiaren ostean Aspeko aurrelariak bost tanto erreskadan egin baititu (16-18).
16-18 tantoan, eztabaida
Hain justu, 16-18koan polemika egon da. Izan ere, tanto luzea bezain gogorra jokatu dute bi pilotari nafarrek, eta Bakaikoak dena alde zuenean tantoa amaitzeko, Salaberriarekin estropezu egin du. Orduan, epaileek erabaki behar zuten buelta egin edo tantoa Baikoko aurrelariari eman, Salaberriak nahita enbarazu egin ziola ebatziz gero. Epaileek buelta egitearen aldeko erabakia hartu dute –orain arte epaileek inoiz ez dute erabaki tantoa pilotariari ematea, aurkariak nahita oztopatu duen kasuetan–.
Polemikak polemika, azkenean tanto hori Bakaikoak eraman du. Hortik aurrera, Etxarri Aranatzekoa aurkaria baino hobeto aritu da, izan sakeari errenta gehiago atera diolako, izan, itxuraz, behintzat, ez zegoelako Salaberria bezain betea.
«Hoberena egin duguna da gogor eustea, edonoren alde eror zitekeen finala», nabarmendu du Bakaikoak, eta azkenean, haren mesedetan erori da finala, 22-20. «Zoragarri» zegoen Bakaikoa txapela irabazi berritan, baina nekeagatik «bihotza minez».
Partidaren inguruan esan du «opari» dezente egin dituztela: «Galdu izan banu asko izorratuko ninduen, ez baititut erabaki onak hartu. Tentsio asko nuen, eta saiatu naiz hori ondo eramaten, baina ez dut izan jarraikortasunik, eta uste dut bera ere antzeko ibili dela». Polemikaren harira, tantoari garrantzia kendu dio, eta adierazi «anekdota hutsa» dela eta «partidan gertatzen diren akzioak» direla.
Salaberria, bigarrenez jarraian txapeldunorde
Txanponaren beste aldean dago Salaberria. «Triste», haren hitzetan: «Detaile txikietan joan zait partida eta txapela. Pozik nago egindako txapelketarekin, hasieratik sinatuko nuke gaurko egunean hemen egotea, baina datorren urtean saiatuko naiz hobeto egiten». EITBko kazetariak galdetu dio ea sakean egon den partidaren gakoa, eta Goizuetakoak erantzun du «baietz»: «18-16 tantora arte ondo sakatu dut, baina gero ez eta berak dominatu du tanto horietan. Lanean segitu behar dut. Beteta nengoen, normala den bezala, baina buelta eman diot. Berak ez du atsedenik eskatu eta nik hirurak bukatu ditut. Pilota horrela da».
Aspeko pilotaria bigarrenez geratu da buruz buruko txapela irabazteko atarian, iaz ere, txapeldunorde geratu baitzen.
FITXA TEKNIKOA
Bakaikoa: 22
Salaberria: 20
Pilotakadak: 406. Iraupena: 72:11 minutu. Markagailua: 0-1, 1-1, 3-1, 3-2, 3-5, 4-5, 4-7, 5-7, 7-7, 9-7, 9-10, 10-10, 11-10, 11-12, 12-12, 12-13, 13-13, 16-13, 16-18, 17-18, 19-18, 19-19, 21-19, 21-20, 22-20. Sakeak: 7 Bakaikoak eta 1 Salaberriak. Egindakoak: 15 Bakaikoak eta 13 Salaberriak. Galdutakoak: 7 Bakaikoak eta 7 Salaberriak. Gorabeherak: Jose Angel Gorostiza aritu da Joanes Bakaikoarekin botilero lanetan eta Fermin Eskudero Salaberriarekin. Sakea gorri.