Deustun etxerik gabeko migratzaileak «gaizkile gisa» jazarri dituztela salatu dute

Deustuko Erriberako Janari Saskiak, Atxuri Harrerak, SOS Arrazakeria Bizkaia eta Ongi Etorri Errefuxiatuak 13 etxegabe eta migratzaile «gaizkile gisa» tratatu dituztela salatu dute larunbat honetan. Elkarretaratzea egingo dute astelehenean gertakariak salatzeko. 

SOS Arrazakeriak Bilbon deitutako manifestazio baten artxiboko irudia.
SOS Arrazakeriak Bilbon deitutako manifestazio baten artxiboko irudia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Deustuko Erriberako Janari Saskiak, Atxuri Harrerak, SOS Arrazakeria Bizkaia eta Ongi Etorri Errefuxiatuak azken egunetan «Poliziak eta agintariek» eraikin industrialetan eta argi eta urik gabe bizi diren 13 pertsona migratzaile «gaizkile gisa» jazarri dituztela salatu dute.

Ohar batean nabarmendu dutenez, euskal administrazioek «kale gorria» besterik ez diete eskaintzen etxegabeei. «Etxebizitza duina alokatu ahal izateko lanik gabe daude, eta lana lortu ahal izateko paperik gabe. Hau da, gizarte bazterketara bultzatzen dituen gurpil zoroan sartuta daude», azpimarratu dute kolektiboek. 

Baldintza horietan bizi behar izateari gehitu behar zaio, kolketiboen arabera, «bai Poliziak bai erakundeek delitugile gisa eta bortizkeriaz tratatzea».

Hamahiru auzokide hauen kasuan, irregulartasun bakarra paperik ez izatea izan dela azaldu dute kolektiboek, «Poliziak berak adierazi duen bezala, aurretik identifikatu gabe zeudela esan baitu», gaineratu dute.

«Gogoratu behar da hori falta administratibo bat besterik ez dela, zirkulazio isun baten parekoa. Gainerakoa, ezta hori ere. Orduan, zergatik tratatzen dituzte argitaratutako argazkietan ikusten den bezala? Gehienak lurrean eserita eta lotuta, gaizkile gida», adierazi dute.

«Nola integratu daitezke gizartean edo nola babestu nahi dituzte euskal agintariek kalean bizitzera behartuta dauden pertsonak, existitzeko eskubidea ere ukatzen zaienean? Hori al da gure erakundeek hauteskunde kanpainan aldarrikatzen duten ongizatea? Noren ongizatea bilatzen dute? Migratzaile gehienek ez dute boza emateko eskubiderik, horrek zerikusirik ote du?», gehitu dute.

Beste zortzi migratzaile, etxetik kanpo

Gainera, salatu dute Udaltzaingoak zortzi gazte migratzaile etxetik atera dituela, Bilboko Zazpikaleetan, eta SMUSak ez duela «inolako irtenbiderik eman». «Non daude ongizate udal politikak?», galdetu dute berriz ere.

Azaldu dutenez, «kalean bizi behar duten pertsonek taxuzko politika sozialak behar dituzte, ez indarkeria eta arrazakeria». Hala, hainbat erakundek baliabideak dituztela azpimarratu dute, eta, beraz, «pertsonengan pentsatuz» politikak martxan jartzea exijitu dute. «Zaurgarrienak zaintzen dituen gizartea guztiok zaintzen gaituen gizartea da. Ez dugu gutxiago merezi», adierazi dute.

Deustuko Erriberako Janari Saskia, Atxuri Harrera, SOS Arrazakeria Bizkaia eta Ongi Etorri Errefuxiatuak deia egin dute «pertsona horiei emandako tratuagatik» protesta egitera. Astelehenean, hilak 29, 19:30ean, Deustuko Erriberan, Frank Gehry zubian elkarretaratzea antolatu dute horretarako.