NAIZ

Aurtengo bainu-denboraldi ofiziala ur-kalitate «bikainarekin» hasi da hondartza gehienetan

Orokorrean, bainu-denboraldia kalitate «bikaineko» urarekin hasi da aurten. Bizkaiko San Antonio eta Ea hondartzek bakarrik dute kalitate «ona» eta Usako ur-jauziaren hondartzarena (Oñati) «ez da nahikoa».

Donostiako Zurriola hondartza, denboraldiaren lehenengo egunean.
Donostiako Zurriola hondartza, denboraldiaren lehenengo egunean. (NAIZ)

Ostegun honetan hasi da bainu-denboraldi ofiziala eskatutako kalitate-estandarrak betez. Hego Euskal Herrian, 38 bainu-eremu daude kostaldean, bost Ullibarri Ganboako urtegian eta bat ibaian. Lakuako Osasun Sailak egindako zaintzaren arabera, horietako 41ek ur-kalitate «bikaina» dute, 2022an baino hiru gehiagok, bik kalitate «ona» eta Usako ur-jauzian bainatzea ez dago gomendatuta «eskasa» delako.

Zehazki, Bizkaiko San Antonioko eta Ea hondartzek kalitate «ona» dute, eta Usako ur-jauzia (Oñati) «ez da nahikoa», azken horretan bainu-denboraldia ez baitago irekita, Osasun Sailak jakinarazi duenez.

Bainu-denboraldian, sail honek astero laginak hartzen ditu 44 eremuen analisi mikrobiologikorako, eta horietako bakoitzeko uraren kalitateari buruzko informazioa ematen du. Datu hauek Osasun Sailaren webgunean aurki daitezke.

Denboraldian zehar, baliteke uraren kalitatea noizean behin aldatzea, eguraldi txarra dela eta. Aldaketa horiek, gehienak euri-jasekin lotutakoak, aldaketak eragin ditzakete uraren kalitatearen osasun-kalifikazioan. Beste denboraldi batzuetan bezala, gorabehera horien jarraipen espezifikoa egingo da, eta herritarrei horren berri emango zaie.

Azken denboraldietan Ostreopsis spp espeziearen presentzia antzeman da hainbat hondartzatan, ziurrenik uren tenperaturaren igoeraren ondorioz. Alga mikroskopiko bat da, larruazala ukitu ondoren azkura eta larruazaleko erupzioak (eritema) eragin ditzakeena.

URAren eta EHUren laguntzarekin, alga horrek uretan duen presentzia zainduko da, eta haren banaketa eta euskal kostaldeko hondartzetan ugaltzea errazten duten baldintzak aztertuko dira. Era berean, bainularien artean sintomak agertzen diren zainduko da.