Urtarrilean aurkeztu zuten Sorionekuak egitasmoa Iruñean, euskal hizkuntzari positibotasunetik heldu asmoz. Hilabete hauetan egindako ekimen ezberdinei ekainaren 10eko zitan jarri nahi diete txapela, euskararen ospakizun handi bat antolatuz.
«Euskararen etorkizunari ongi etorri erraldoia antolatuko genuela adierazi genuenetik asko eta asko izan zarete gurekin harremanetan jarri zareten, herritar, egitasmo eta bestelakoak, eta gaur gure eskerrik beroenak adierazi nahi dizkizuegu, ekainaren 10a ahaztezina izateko zuen aletxoa jartzeagatik», adierazi du Ane Eslavak, egitasmoko kideak.
Nafarroa osotik hurbildutako euskara taldeetako eta euskalgintzako kideek osatzen dute ekimen hau bultzatu duen lantaldea. «Sorionekoak, gu ere».
Gaur nafar hiriburuko Bosquecillon jarri dute hitzordua. Izan ere, hilaren 10ean bertan hainbat ekimen egonen dira egun guztian zehar. «Euskararen aldeko bidea batera egiteko garaia da. Aurrera egiteko garaia. Euskara nafar guztiona baita, Nafarroa osokoa».
11.00etan eskuak egin eta margotzeko tailer matekin emango zaio hasiera, gazteentzako puzgarriekin batera. Ordu erdi beranduago erraldoien kalejira batek girotuko du ospakizun eguna. 12.30ean, bertan haurrentzako ‘Gora bihotzak!’ ikuskizunaz goza daitekeen bitartean, Laban DJ Bermuta izanen da. 14.00etan herri bazkaria eta 16.30ean, mahaitik altxatzen joateko, Igande txaranga gerturatuko da.
Izan ere, 17.30ean abiatuko da, alboko Antoniutti parketik, txarangak, fanfarreak, kirol taldeak, dantza taldeak, egitasmo anti-arrazistak, mozorroak, Iruñeko peñak, herri ezberdinetako kultur egitasmoak eta abar luze batek lagunduta, eguneko ekitaldi nagusia, mobilizazioa. «Ekarri zuen herriko jaia euskararen aldeko jaien jaira, bestara. Goazen euskararen etorkizunari ongi etorri erraldoia ematera».