Lanak eginda joango dira oporretara Mikel Urrutikoetxea eta Iraitz Zubizarreta, San Ferminetako Lau eta Erdikoaren lehen kanporaketak gainditu baitituzte Munitibar eta Labriten jokatutako partidetan Iker Larrazabal eta Asier Agirreren aurka nagusituta. Ez zaratamarrak ez ataundarrak ez zuten partida errazik izan, bereziki azken honek, baina sufritzen jakinda, hurrengo kanporaketan izango dira, Jon Ander Peña eta Iñaki Artolaren aurka hurrenez hurren.
Ostiral gauez, Munitibarren, Mikel Urrutikoetxearen ofizioak ez zion aukerarik utzi Iker Larrazabal gaztearen pilota-goseari. Amurrioarrak oso gauza onak erakutsi zituen; eskuin oso bizia, bolea zitala eta partidari erritmoa ezartzeko gaitasun handia, baina baita beste zenbait gabezia ere, batez ere sakeak erantzuterakoan eta amore eman behar izan zuen esperientzia handiko aurrelariaren aurrean. Lehen tanto luze eta piloteatuen ostean, bizkaitarrak etekina atera zien aurkariak emandako erraztasunei eta zulo handia ireki zuen, markagailuan 12-3 ihes eginda. Dena aurka izanda ere, arabar gazteak ez zuen amore eman eta 19-11 galtzen joan ostean, 16-20 ere gerturatu zen markagailuan, baina bizkaitarrak sake bat erantzuten ezker eskuko hatz batean min hartu bazuen ere, ez zion garaipenari ihes egiten utzi.
Herio batean
Pilota egunaren baitan Labriten jokatu den partida oso deserosoa izan da Iraitz Zubizarreta eta, bereziki Asier Agirrerentzat. Beroagatik edo, Arrotxapeakoa bere mailatik urrun egon da, gozakaitz, sakeari etekina atera ezinik eta erraztasun handiak ematen. Sake-erremateari etekina atera eta zuzenago jokatuta, goierritarrak errenta erosoak izan ditu partida osoan zehar, handiena 16-10ekoan, baina ataundarrak ere ez du partida borobilik jokoatu eta kosta egin zaio oso bideratuta zuen partida istea. Pentsa, azkenerako 338 pilotakada jo behar izan dituzten partidan, sufritzen jakinda, iruindarra joan da bigarren atsedenaldira aurretik markagailuan eta edozer gerta zitekeen amaiera batean, Asier Agirrek ez dio azken sakeari etekinik atera eta garaipena Iraitz Zubizarretarentzat izan da.