Maitane Aldanondo

Ekoetiketa asko, lausoak, engainagarriak eta funtsik gabeak

Europar Batzordeak ondasun eta zerbitzuen jasangarritasunari buruzko etiketak arautu nahi ditu, informazio zehatza eta egiazkoa jaso dezaten. Nafarroako Gobernuak ere xede horrekin bat egiten duen legedia onartu du duela hilabete gutxi batzuk.

Nafarroako Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia, Sergio Perez.
Nafarroako Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusia, Sergio Perez. (NAIZ)

Produktu bat bio, eko, berdea… dela edota enpresa bat arduratsua, jasangarria, konprometitua… dela dioten baieztapen ekologikoak nonahi topa daitezke: “Ozeanoa errespetatzen duten kamisetak”, “%30 birziklatutako plastikoarekin ekoitzia”, “gure karbono isuriak gutxitzeko konprometituak”, “karbono isuririk gabeko platanoak”… Halakoak zenbateraino diren egia jakitea, ordea, ez da erraza. Maizegi hitz hutsak besterik ez dira, inolako froga edo oinarri gabeak, eta zuriketa ekologikoari atea zabaltzen diote.

Hori ekidin eta kontsumitzaileen babesa areagotzea helburu, Europar Batasunak green claims edo adierazpen berdeak arautzeko zuzentarau proposamen bat aurkeztu zuen martxoan. Horren bidez, irizpide bateratu batzuk ezarri nahi ditu erosleek informazio fidagarria, alderagarria eta egiaztagarria jasoko dutela bermatzeko, trantsizio ekologikoan zeregin aktiboagoa izan dezaten.

Araudiaren berri eman eta gaia lantzeko, Nafarroako Gobernuko Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzak, Bruselan duen bulegoaren bitartez, greenwashing-arekin amaitzeko eta green claim-ei buruzko europar zuzentarau berriari buruzko online mintegia gauzatu zuen apiril amaieran.

Bertan, proposamen horretan diharduten Europar Batzordeko eta Europar Ingurumen Bulegoko bi aditurekin batera, Nafarroako Gobernuko Arbitraje eta Kontsumo Zerbitzuko zuzendari Cesar Lopez-Dios aritu zen. Azken honek, besteak beste, iazko abenduan onartutako Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutua arautzen duen foru legea izan zuen hizpide; izan ere, zuzentarauaren ildo beretik, produktu eta zerbitzuei buruzko informazioaren egiazkotasuna eta gardentasuna bermatzen du, kontsumitzaileen «informazio osatua eta ulergarria» jasotzeko eskubidea aitortuz.

Horrekin batera belaunaldi berriko beste batzuk ere bai: ingurumen osasungarrirako eskubidea, elikadura subiranotasuna, tokian tokiko eta sasoiko produktuen kontsumoari lotua, edota kontsumo arduratsua, elikadura hondakinen prebentzioan oinarritua. «Halakoak gehitu izanak kontsumitzaileen ahalduntzea sustatzen du, ekonomia berdeari eta kontsumoari lotutako eskubideak eskuratuz», zehaztu zuen Lopez-Diosek.

Mintegia Nafarroako Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak, Sergio Perezek, itxi zuen. Bere hitzetan, «Nafarroako enpresak berak ziren legearen aldaketa ezagutu nahi zutenak eta haien eskariz antolatu dugu mintegia».

Frogak, hitzak beharrean

Greenpeaceren arabera, zuriketa ekologikoa, ekozuriketa edo greenwashing-a, ingurumenaren gaineko eragina benetan murriztu gabe, enpresak edo produktuak hura errespetatuko balute bezala aurkeztean datzan estrategia da. Propietate ekologikoei buruzko baieztapenak ez oso zehatzak edo faltsuak izan daitezke, kontsumitzaileen arreta erakartzeko, Europar Batzordeak 2014an egindako azterketa baten arabera, merkatuko produktuen %75 jasangarritasunari lotuta sustatzen ziren, baina hamar erosletik seik ez zekien zeintzuk ziren benetan arduratsuak.  

Adierazpen berdeak enpresek borondatez egiten dituzten baieztapenak dira, ingurumenean eragin positiboa iradokitzen edo aipatzen dutenak. Egun, 230 ekoetiketa daude gutxienez, baina fidagarritasun maila oso bestelakoa dute.

2020ko Europar Batzordearen azterlan baten arabera, haietan jasotako ustezko ingurumen ezaugarrien %53,3 lausoak, engainagarriak eta funtsik gabeak ziren, eta %40k ez zuten inolako oinarririk. Gainera, %37k «ekologiko» edo «jasangarri» hitzak zituzten, halako neurririk hartu ez arren. Herritar askok mundu jasangarriago baten alde egin nahi dute euren erosketen bidez, eta halako adierazpenek kontsumitzaileak nahasi eta mesfidantza eragiten die. Halaber, bidezko lehia baldintzak ezarri nahi ditu, benetan ahalegina egiten dutenak desabantaila egoeran baitaude esloganak darabiltzatenen aldean.

Araudi berria hiruzpalau urteko epean sartuko da indarrean eta adierazpenak zertan oinarritu eta nola komunikatu arautuko du. Informazioa ebidentzia zientifikoekin egiaztatu beharko dute saltzaileek; hala, euren produktuen benetako inpaktuak zehaztu eta edozein konpentsazio definituko dute, irudi osoa eta zehatza emateko.

Era berean, etiketatze sistema fidagarri, garden eta independenteki egiaztatuak ezarriko ditu, aldiro berrikusiak izan beharko direnak; eta kontsumitzaileen erakundeen etiketatze arauak errespetatzen ez dituzten ekoizleen aurka lege ekintzak abiarazteko gaitasuna izango dute.