Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

UEFAk Irene Paredes sartu du denboraldiko hamaikakoan

Adituek Barcelonako sei jokalari aukeratu dute, euren artean atzelari legazpiarra, Txapeldunen Ligako hamaikakoan. Aitaba Bonmatik denboraldiko futbolari onenaren saria eskuratu du.

Irene Paredes Alex Poppekin borrokan, larunbatean Barcelonak eta Wolfsburgok jokatutako finalean.
Irene Paredes Alex Poppekin borrokan, larunbatean Barcelonak eta Wolfsburgok jokatutako finalean. (John Thys | AFP)

Barcelonak Txapeldunen Liga eskuratu zuen larunbatean bigarren aldiz, finalean Wolfsburgo gaindituz, eta nagusi da ere UEFAk hautatutako banakako sarietan. Jokalari onenen artean euskaldun bat dago aurten, Barcelonaren beraren kamiseta jantziz, kontinenteko trofeo handiena lehen aldiz altxatu duen Irene Paredes.

Denboraldiko hamaikakoan sartu dute UEFAko adituek atzelari legazpiarra. Ez da lehenaldia Paredesek horrelako errekonozimendua jasotzen duela. 2018an, Paris Saint Germainen zegoela, FIFPro futbolarien nazioarteko sindikatuak munduko hamaikako onenean sartu zuen. Hiru urte beraduago, aurtengo sari bera eman zion UEFAk, orduan PSG Txapeldunen Ligako finalerdietan kanporatuta geratu zen arren. Frantziako Ligak edo «The Guardian» egunkariko urteroko zerrenda ospetsuak behin baino gehiago aukeratu dute ere gipuzkoarra.

Ohi den bezela, lehiaketaren finalistak dira Txapeldunen Ligako hamaikako onenen ordezkari gehien dituzten taldea. Sei dira Barcelonakoak eta lau Wolsburgokoak. Gainontzeko taldeetatik, Arsenal izan da futbolari bat sartzea lortu izan duen bakarra, Katie McCabe hegalekoa, alegia. «Urrezko» haimakoa honako jokalari hauek osatu dute: Merle Frohms (Wolfsburgo); Lucy Bronze (Barcelona), Irene Paredes (Barcelona), Mapi Leon (Barcellona); Katie McCabe (Arsenal); Aitana Bonmati (Barcelona), Lena Oberdorf (Wolfsburgo), Patri Guijarro (Barcelona); Caroline Graham Hansen (Barcelona), Alex Popp (Wolfsburgo) eta lehiaketaren golegile nagusia izan den Ewa Pajor (Wolfsburgo).

Horietako biek, gainontzeko saria eskuratu dute. Zelai gainean bakarrik ez eta Aitana Bonmatik Alexia Putellas taldekidearen lekukoa hartu du hemen ere, Txapeldunen Ligako jokalari onena izendatu baitute. Eta Lena Oberdorf izan da futbolari gazte onena, UEFAko adituen ustetan.

Denboraldiko hamar gol onenak aukeratu dute ere. Arsenaleko Frida Maanumek Bayerni final laurdenean sartu ziona izan da ikusgarriena, Graham Hansenek finalerdieta Stamford Bridgen sartutakoaren eta Mariona Caldenteyek Rosengardi multzoko fasean egindakoaren aurretik.