Zesta-punta olatu aparrean dagoela aurkeztu dute astearte honetan Jai Alai World Tour zirkuitoko bigarren txapelketa, Markina-Xemeingo Grand Slama, alegia. Ostiral honetan jokatuko da lehen partida, Pilotaren Unibertsitatea frontoian, 20.00etan hasiko den jaialdian. Finala maiatzaren 16an izango da eta ETBk emango du zuzenean.
Orotara, sei jardunaldi izango ditu txapelketak: ligaxkako faseko hiruak –hauek ostiralean jokatuko dira–, bi finalerdiak –uztailaren 2an lehena (18.00etan) eta uztailaren 8an bigarrena (19.00etan)– eta finala, Karmen Egunean (hilaren 16an), 18.00etan, aipatu legez.
Jai Alai World Tour zirkuituko zortzi pilotari titularrak arituko dira Markina-Xemeinen (Zabala, Goikoetxea, Erkiaga, Lopez, Barandika, Lekerika, Basque eta Olharan). Hauek, lau Grand Slamak jokatzea ziurtatuta daukate. Hauen artean, markina-xemeindar bat dago, Jon Zabala hain zuzen ere, baina Grand Slam honetan ez da izango herriko bakarra; Jokin Arbek, Alex Goitiandiak, Ion Ibarluzeak eta Gorka Mugartegi “Atain”-ek ere lehiatuko baitute.
Lau hauetan Arbe da goi-mailan esperientzia gehien duena eta gainerako hirurek aurrerapausuak eman nahi dituzte gorunzko bidean. Euren joko-maila zein den erakusteko aukera izango dute, lauek ere, bikotekide bikainak izango dituztelako. Goitiak Lopezekin jokatuko du, Atainek Goikoetxearekin, Ibarluzeak Erkiagarekin eta Arbek Lekerikarekin.
Aurkezpen ekitaldian nabarmendu dute iazko edizioa «mugarria» izan zela. «25 urtean holako zesta- txapelketa arrakastatsurik bizi gabe zegoen Pilotaren Unibertsitatea eta marka hori gainditzea da aurtengo helburua», azpimarratu dute.
«Iazko olatuaren ondoren, zesta-punta hazte eta sendotze fasean aurkitzen da orain, etorkizunerako oinarri sendoak finkatzen», azaldu dute antolatzaileek. Grand Slam hau "Eraman!" enpresak eta Markina-Xemeingo pilota eskolak elkarlanean antolatu dute. «Kirol honen historian herri garrantzitsua izan da Markina-Xemein eta aro berri honetan ere hor izan nahi duela erakutsi nahi du», ziurtatu dute.
Sarrerak jada salgai daude www.eramanjaialai.com atarian. Ligaxkako partidak ikusteko 12 eurotan jarri dituzte sarrerak; finalerdietakoak, 15 eurotan eta finala, 20 eurotan.
Erik-Lekerika, aurkarien zain finalean
Donostiakoa bukatzear dagoela hasiko da zirkuitoko bigarren Grand Slama. Erik-Lekerika bikoteak finalerako txartela eskuratu zuen pasa den asteburuan eta larunbat honetan jokatuko da bigarrengoa, 11.00etan, Carmelo Balda pilotalekuan, Goiko-Gorka eta Johan-Lopezen artekoa. Final handia hilaren 17an jokatuko da.