Oraindik ere itzulerarako eperik zehaztu ez badute ere, Unai Lasori astelehenean aldakan egingo dioten ebakuntzak are gehiago areagotuko ditu enpresen artean azken urtean garatutako desorekak. Egia da Bizkarreta-Gerendiaingoaren lesioa txapelketarik gabeko tarterik luzeenean datorrela, baina horrexek are eta zailagoa egiten du datorren hilabeteetako programazioa, urteko balantze ekonomikoan sekulako pisua duena.
EPEL sortu zenetik batez ere, pilota profesionalak beharrezkoa du lehiaketa jendearen interesa bereganatzeko eta eratutako sisteman, behar-beharrezkoa dute bi enpresen arteko nolabaiteko kirol oreka, antolatutako txapelketa edo torneoek nolabaiteko arrakasta izan dezaten. Eta gaur egun, desoreka hori inoiz baina altuagoa da, emaitzei erreparatuta bederen.
Eta azkeneko hiru txapelketa nagusiak kontuan hartzen baditugu –urteetan atzera jota Baikoren emaitzek ez dira askorik hobetzen iazko Buruz Burukoaren salbuespenarekin– zenbakiak oso argigarriak dira. Izan ere, lehen mailako txapela guztiak Eibarko pilotarien buruan egotea ia gutxienekoa da begirada pixka bat sakonduz gero. Hurrengo denboraldiari begira, banakako bi txapelketetako zortzi zerrendaburuak –Ezkurdia, Altuna, Elordi eta Peio Etxeberria Lau eta erdian eta Elordi, Altuna, Dario eta Ezkurdia Buruz Burukoan– Aspeko pilotariak dira. Binakakoan play-offarekin zerbait itxuratu zituzten gauzak, baina lehen fase luzeko hiru bikoterik onenak ere Aspekoak izan ziren –Elordi-Zabaleta, Altuna-Tolosa eta Peio Etxeberria-Rezusta–. Azken Buruz Burukoan, Aspe eta Baikoren arteko 10 norgehiagoka egon baziren, Bilboko enpresako pilotariak partida bakarrean gailendu ziren, final laurdenetako ligaxkan Lasok Elezkanori irabazitakoa.
Aukerak garestiagoak Aspen
Eta egia da pilota, hein handi batean, bakarkako kirol bat dela eta behin epaileak txapa botata, pilotari bakoitzak atera behar dituela eltzetik bere babak, baina ezin da ahaztu pilotariak aukerak behar dituela bere maila erakusteko, oraintsu Aitor Elordirekin gertatu den bezala. Eta hor ere desoreka ikaragarria da.
Eta gauzak daudenetan, Larrazabal bezalako gazteei beharrezkoa duten garapenerako denbora eta pazientzia eskaintzeaz gain, bi irtenbide nagusi baino ez dira geratzen, berdin udako torneoetarako zein neguko txapelketetarako. Orain arteko enpresa-orekarekin hautsi, hau da, torneo bakoitzean enpresa bakoitzak pilotari kopuru bera aurkezteari utzi eta emaitzen araberako parte hartze bat bultzatu, edo oreka hori fitxaketaren batekin konpontzen saiatu, duela bi urte Erik Jakarekin saiatu ziren bezala.
Eta negozioa antolatuta duten bezala lehen aukerak ezinezkoa dirudienez, ez litzateke harritzekoa hurrengo aste edo hilabeteetan mugimenduren bat egotea, Asperi ere txapeldunak pilatzen ari zaizkiolako eta hori ez da kudeatzeko erraza izaten, elkarrizketa honetan Iñaxio Errandoneak onartu zuen bezala.
Laster aurkeztuko duten Caixabank Mastersean oso posible da azken urteetan bezala bikote mistoen alde egin eta gauzak nolabait disimulatzea, baina Unai Laso osatu bitartean, eta ez dirudi hori aste pare bateko kontua izango denik, zail izango dute enpresako ordezkariek San Fermin, Gasteiz, Donostia edo antzeko torneoei nolabaiteko oreka ematen.
Momentuz, jokatzetik gertuen dagoen Bizkaia torneoan, Iñaki Artolak beteko du Bizkareta-Gerendiaingo txapeldunaren tokia eta egia da halako pilotariei ere ate berriak irekitzen zaizkiela –alegiarrak berak uda bikainak osatu ditu aukerak izan dituenean– baina izen aldetik, eta gaur egun horixe da, hein handi batean jendea pilotalekuetara eramaten duena, desoreka nabarmenegia da, hasteko, enpresen euren intereserako.