NAIZ

Europak Tunisiatik migratzaileen itsasbidea itxi nahi du, kosta ahala kosta

Europako Batasuna Tunisian bisitan da azken egunotan. Herrialde afrikarra errefuxiatuen itsasbidearen hasiera bilakatu da. Dirua behar du krisi ekonomikoa arintzeko. Europarrak prest daude Kais Said agintari autokratarekin tratutan aritzeko.

EBaren delegazioa  Najla Bouden Tunisiako lehen ministroarekin
EBaren delegazioa Najla Bouden Tunisiako lehen ministroarekin (AFP)

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentea, Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa eta Giorgia Meloni Italiako lehen ministroa Tunisiara bidaiatu zuten atzo eta  bertako agintari autokratarekin, Kais Said-ekin, bildu ziren atzo. Agenda ofizialean Magrebeko herrialdearen krisi ekonomikoa  eta migrazioaren auzia.

Eric Mamer Europako Batasuneko bozeramaileak prentsaurrekoan iragarri zuenez, bidaiaren oinarria Tunisiaren eta EBren arteko aldebiko harremanetan zen, eta ekonomia, energia eta migrazio arloak uztartuko dituen lankidetza-akordio bat adostea da helburua. Hala ere, dokumentu hori oraindik amaitzeko dagoela ohartarazi zuen.

Tunisia errefuxiatu eta migratzaile afrikarren Europarako itsasbidearen hasiera bilakatu da azken hilabeteetan, Libiaren lekukoa hartuz. Estatu espainolaren eta Marokoren arteko berradiskidetzeak ere bere eragina izan du, polizia marokoarrak Zeutarako eta Melillarako bide erabat itxi egin dielako migratzaileei.

Gauzak horrela, Italiako Gobernua erabat kezkatuta dago Tunisiatik iristen diren batelekin. Aurreko astean Tunisian egon zen Meloni agintari ultraeskuindar eta xenofoboa.

Iragan astean bertan migrazio politikari buruzko aurre-akordio bat sinatu dute. Tunisiara bidaiak ez dira, beraz, kasualitatea.

Bisitariek, Europak, kontutan du Tunisiak pairatzen duen krisi ekonomiko larria. Alde batetik bere ondoko herrialdean egonkortasuna behar duelako. Eta, bestetik, egoera hori txantai moduan baliatu dezakeelako Tunisiak migratzaileen gendarme-lana egin dezan.

Tunisiak finantza ere pairatzen du, eta ostiralean Fitch kalifikazio agentziak bere kreditu nota «zabor bonu»ra jaitsi zuen, herrialdeko ekonomia hondatuari beste kolpe bat emanez. Une honetan, Nazioarteko Diru Funtsarekin (NDF) negoziazioa trabatuta dago, etorkizuneko susperraldi bati begira ezinbesteko mailegu bat lortzeko

Gero eta autokratagoa

Kais Said presidentearekin tratutan aritzea ez da arazo Melonirentzat, ezta ere omen agintari europarrentzat, Errusiak eta Txinak berezkotzat duten politika bera, hainbeste kritikatzen dutena, errepikatuz.

Kais Saied Tunisiako presidentea gero eta agintari autoritarioagoa bilakatzen ari da. Oposizioaren agintariak atxilotu eta migratzaileak turko-buru erabiltzen ari da tunisiarren haserrea eta egoneza desbideratzeko.