NAIZ

Melgosa: «Ez dugu atsedenik hartuko gudari bat lubaki batean edo areka batean egon bitartean»

Nerea Melgosa, Lakuako Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politikak saileko burua, Gamiz-Fikako Burdin Hesiaren defentsaren 86. urteurreneko ekitaldian izan da igande honetan. Bertan adierazi duenez, «ez dugu atsedenik hartuko gudari bat lubaki batean, hobi batean edo areka batean dagoen bitartean».

Gamiz-Fikan igande honetan egindako ekitaldia.
Gamiz-Fikan igande honetan egindako ekitaldia. (IREKIA)

«Ez dugu atsedenik hartuko gudari bat lubaki batean, hobi batean edo areka batean dagoen bitartean». Hala adierazi du Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak Gamiz-Fikako Burdin Hesiaren defentsaren 86. urteurreneko ekitaldian.

Bizkaiko herri horretako hilerrian egindako lore-eskaintzan, Melgosak hitz batzuk izan ditu eroritako gudarientzat, «beren bizitza, zuten gauzarik preziatuena, Euskadiren alde, beren herrialdearen alde eman zutenentzat».

«Harro jaso nahi dugu haien lekukoa, gaur egun ere aldarrikatu behar baita norberaren herriaren orainarekin eta etorkizunarekin konprometitzea merezi duen kausa bat dela; gaur egun ere beharrezkoa delako askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren alde borrokatzea; gaur egun ere beharrezkoa delako erreakzioari eta totalitarismoei aurre egitea; eta gaur egun ere beharrezkoa delako giza eskubideak defendatzea, sistematikoki urratzen direlako», esan du.

Eta 1936ko gerran eta frankismoaren garaian desagertutakoen gorpuzkiak berreskuratzeko lanari dagokionez, iragarri du lanean jarraituko dutela «gorpuak aurkitu, lurpetik atera eta identifikatzeko; haien alde, haien familien alde, eta gizarte gisa dugun duintasunaren alde ere».

Gaineratu duenez, «biktimak aitortzeko, egia berrezartzeko eta printzipio eta balio etikoak eta demokratikoak balioan jartzeko beharra da gure oinarria». Ildo horretan aipatu duenez, espero du Gasteizko Legebiltzarrean laster onartuko dela Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea, «demokrata guztiok partekatzen ditugun printzipio eta balio horien isla zehatza izango dena».