NAIZ

Eguzkik Okendotegiko hondakinak kentzeko eskatu die Donostiako Udalari eta Aldundiari

Eguzki taldeak Okendotegi bidean pilatuta dauden hondakinak kentzeko eskatu die Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Udalak eta Aldundiak ezer ez egin eta bidea zabortegi bat bezala uzten ari direla salatu du talde ekologistak.

Martuteneko Okendotegiko bidean pilatutako zaborra.
Martuteneko Okendotegiko bidean pilatutako zaborra. (Eguzki )

Eguzki talde ekologistak Martuteneko Okendotegiko errepidearen azpian dagoen bidean pilatzen ari den zaborra kentzeko eskatu die Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari. Bide horren eskumena ez dagoenez argi, Udalak eta Aldundiak neurririk ez hartzea salatu du Eguzkik. Horretaz gain, berehala bidea garbitu behar dutela adierazi du talde ekologistak.

Ohar batean azaldu duenez, zaborra pilatzen hasi zen momentutik, taldea Donostiako Udalarekin kontaktuan jarri zen neurriak hartzeko. Hala ere, Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumena zela adierazi zuenez, honekin ere hitz egin zuten. Berriz ere, Aldundiak Udala horren arduraduna zela adierazi zuen, beraz, arazoa konpondu gabe, berriro ere Udalarekin kontaktuan jartzeko esan zion Eguzki taldeari.

Hilabete bat daramatza talde ekologistak bata eta bestearekin hitz egiten arazoa konpontzeko asmoz, baina Eguzkik «pilota pasatzen» ari direla adierazi du. Taldeak berehala neurriak hartzeko beharra azpimarratu du, bidea zabortegi bat bilakatu ez dadin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Eguzkiri bidalitako mezu batean adierazten zuen 2019an bide hori mantentzeko eskumena Udalaren esku geratu zela, horregatik, bere ardura zela hori garbitzea. Horren ildotik, Eguzkik salatu du ez dela lehenengo aldia Donostiako Udalak «baloiak kanpora botatzen» dituela.

Hala ere, talde ekologistak azpimarratu du garrantzitsuena bidea garbitzea eta egoera konpontzea dela, ez nork egiten duen. Hori dela eta, berehala neurriak hartzea eskatu die Udala eta Aldundiari.