NAIZ

Aldaketa klimatikoa ardatz, 200dik gora ikasle bildu dira Baionan antolaturiko jardunaldian

Seaskak kudeatzen dituen lau kolegioetan laugarren maila ikasi duten gaztetxoek ikasgelatik Baionako Glain eremura jauzia egin dute egun batez hainbat elkarteren laguntzaz antolaturiko tailerrak eta konferentziaren bidez aldaketa klimatikoari loturiko erronkak jorratzeko.

13-14 urteko ikasleek auzi klimatikoa aztertu eta alternatibak jorratu dituzte.
13-14 urteko ikasleek auzi klimatikoa aztertu eta alternatibak jorratu dituzte. (Guillaume FAUVEAU)

'Aldaketa klimatikoa', hori izan da Ziburu-Urruñako Piarres Larzabal, Kanboko Xalbador, Baionako Estitxu Robles eta Larzabaleko Manex Erdozaintzi hurrenez hurren Seaskak kudeatzen dituen lau kolegioetako 4. mailako ikasleek landu dutena, hasieran bakoitzaren ikastetxean eta ondoren era partekatuan landu duten gaia.

Urtean zehar ikasleek ikerketa lanak egin dituzte aldaketa klimatikoari loturiko hainbat auzi aipatzeko. Hala planeta egoera ezin larriagora eraman duen prozesuaren atzean dauden arrazoiak aztertu ahal izan dituzte.

Era berean, oso bestelako eremuetan, berdin elikadura, garraioa edo komunikazioaren alorretan bere isla duen fenomenoaren aurrean gaur eta hemen dauden alternatibei buruz gogoetzeko parada izan dute 13-14 urteko adineko ikasleek.

Era autonomoan landutako gaiari beste norabidea eman zioten ondotik. Hala, iragan abenduan lau ikastetxeen arteko topaketa birtualak egin zituzten.

250 ikasle horiek 28 taldetan banatu ondoren, kolegio desberdinetan jardun arren haien artean harremanetan sartu ziren horrendako dokumentu partekatu bat erabili zutela.

Bestalde, joan zen martxoan 'Egunean Behin' jokoan oinarrituta txapelketa moduko bat antolatu zuten aldaketa klimatikoak sortzen dituen hamaika galderari buruz erantzunak proposatuz.

Finean, ekainaren 12an, egun osoko irteera antolatu zuten, hala urrutitik bada ere auzolanean jardun duten lau kolegioetako gaztetxoek aurrez aurre ezagutzeko parada izan zuten Elkarteen Etxean antolaturiko topaketari esker.

Goizeko 10etatik landa tailerrak antolatu zituzten eta piknika bati esker behin indarrak berreskuratuta 14.00tik landa konfederentzian parte hartu ahal izan zuten.

Besteak beste Bil ta Garbi, Bizi!, Baigorriko CPIE, Enargia, Water Family eta Itsas Arima bezalako egitura edota elkarte izan dituzte bidelagun ekimen hezitzaile hau hauspotu duten lau kolegioetako Fisika/Kimikako irakasleek.