Amaia  U. Lasagabaster
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva

Garazi Muruak urtebetez berritu du Athleticekin

Bederatzi denboraldi bete ditu lehen taldearekin kapitain zuri-gorrian, amaitu berri denean minutu bakarra ezin izan badu jokatu ere, kirofanotik pasatzera behartu dien hernia diskalarengatik.

Garazi Murua Ibaiganen, kontratua luzatu ondoren.
Garazi Murua Ibaiganen, kontratua luzatu ondoren. (Athletic Club)

Garazi Muruak Athleticen besokoa eramaten jarraituko du. Kapitaina zuri-gorriak ekainaren 30ean amaitzen zen kontratua luzatu du. 2024rarte sinatu du, bete urte baterako berritzeko aukerarekin.

Bizkerreren harrobitik heldu zen Murua (Getxo, 1995) Lezamara 15 urte zituela. Bigarren talde zuri-gorrian bost denboraldi eman ondoren –tartean Estatu Batuetan egon zen ikasten urtebetez–, 2015ean Athleticekin debutatu zuen. Harrezkero, bederatzi denboraldiz jantzi du kamiseta zuri-gorria, guztira 178 partida jokatuz. Denbora horretan, bizkaitarren azken Ligaren lorpenean parte hartu zuen.

Une txarrenak bere ibilbidean azken hilabete hauetan heldu dira, hernia diskal baten ondorioz. Izan ere, atzelariak ezin izan du minutu bakarra jokatu irailaren 3an Eibarren aurkako Euskal Herriko Kopako neurketan zelairatu zenetik. Lesioak martxoan kirofanotik pasatzera behartu zuen datorren denboraldiaen hasierarako prest egotea espero duen futbolari bizkaitarra.

Kontratu berria sinatuta, «oso eskertuta» agertu da Murua, «nere bizitzako taldean jarraitzeagatik. Hemen egin dut nere ibilbide profesional guztia eta hemen imajinatzen dut egingo dudala osorik». Urtea «gogorra» izan dela onartu du «eta neretzat garrantzitsua da berriro bueltateko aukera izatea eta nere burua berriro lehiakor ikusteko aukera izatea. Zaila izan da kanpoan egotea denboraldi honetan eta taldeari zelai barruan lagundu ezin izana. Horregatik oso motibatuta nago, talde osoa dago motibatuta, datorren urtean denboraldi on bat egiteko eta emaitza hobeak lortzeko».

Muruak taldea «gaztea baina kalitate handikoa» dela azpimarratu du eta belaunaldi berriei laguntzeko asmoa adierazi du ere. «Nere belaunaldiaren aurrekoak askoz ere egoera hobea utzi digute eurek aurkitu zutena baino eta guri katea jarraitzea dagokigu, hurrengo belaunaldiari are hobeagoa lagatzeko. Oso talde gaztea dugu baina proiekzio handikoa eta neretzat ohorea eta harrotasuna da bide horren parte izatea eta gazteei Lehen mailan eta Athleticen lehen taldean sendotzen laguntzea, Athletic bizitzea zer den eta jokalari profesionala izatea zer den helarazi ahal izatea».