NAIZ

Urdaibaiko Guggenheim, Kontxako Badia, Petronor eta Mutriku, 2023ko «Bandera Beltzak»

Ekologistak Martxan taldeak Bandera Beltzak 2023 txostena argitaratu du. «Kudeaketa txarragatik» Urdaibaiko Guggenheim eraikitzeko proiektuak eta Kontxako badiak jaso dute bandera. Petronorrek «kutsaduragatik» eta Mutriku dikea handitzeko lanengatik ere izan dira «sarituak».

Muskizeko Petronorren planta.
Muskizeko Petronorren planta. (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

Urtero bezala, Ekologistak Martxan taldeak Bandera Beltzak 2023 txostena argitaratu du, itsasertzeko kutsadura eta ingurumen kudeaketa txarraren kasu esanguratsuenak ezagutarazteko. Euskal kostaldean «enpresen eta administrazioen jarduera arretaz jarraitu ondoren», Ekologistak Martxan-ek Urbaibaiko Guggenheim proiektuari, Petronorri, Kontxako badiaren kudeaketari eta Mutrikuko dikeari eman dizkio Euskal Herriko bandera beltzak.

Alde batetik, Bizkaian «kudeaketa txarragatik» Bandera Beltza bigarren urtez jarraian eraman du Urdaibaiko itsasadarrean Guggenheim Bilbao Museoaren bi museo subsidiario eraikitzeko proiektuak. «Landa eremuetan turismoa erakartzearen kontzeptua egokia bada ere, museo bat biosferaren erreserba natural baten erdian landatzeko ideia, kulturaz eta naturaz aldi berean gozatzeko, zentzugabea da, eta ez dago frogatuta Bilboko iturri-museoak erakartzen duena baino jende gehiago erakarriko zuenik». Ekologisten ustez, proiektu hau birritan aldatu izanak «bi museo horiek eraikitzea eskualde osoa ezkutuan urbanizatzeko lehen urratsa izango ez ote litzatekeen planteatzera garamatza, Bizkaiko kostaldean beste herri batzuetan hirigintzari buruz egin den lana zailtzen duten antolamendu-planak aldatuko direlako».

Halaber, «kutsaduragatik» Bandera Beltza txosten honetan «ohikoa» izaten den Petronorri eman dio Bizkaian. «Euskadiko puntu beltz kutsatzaileena da, eta eremu kaltetuenak Barbadun ibaia eta Meatzaldea dira». Bandera jaso du «kostaldei buruzko araudia ez betetzeagatik, legez kanpoko koke planta bat ezarriz, eta legezko trikimailu bati esker 200 milioi euroko isuna ordaintzetik salbatzeagatik».

Gipuzkoako kostaldea ere ez da libratzen bi bandera beltz jasotzetik. Kontxako badiaren «kudeaketa txarraren ondorioz», erakunde ekologistak Bandera Beltzetako bat eman dio. «Santa Klara uharteko enklabe babestua itsas hegazti ugariren habitata da. Hainbat urtez uhartera joan-etorriak uda garaira mugatu ondoren, aurten bisita turistikoak udaberrian hasiko dira, uhartea urte osoan ustiatzeko asmoarekin, nazioarteko eta erosteko ahalmen handiaren turismoaren bitartez». Ekologisten ustez, «jarduera hau guztiz bateraezina da uhartean bizi diren itsas hegaztien habiarekin».

2023ko azken Bandera Beltza Mutrikuk jaso du, 2022ko irailean hasi ziren dikea handitzeko lanak direla eta. Ekologistek adierazi dutenez, «Mutrikuko Portuaren proiektua legez kanpokoa eta irregulartasunez betea izan da hasieratik». Proiektu hau Pasaiako Porturako materialak biltzeko portua izateko sortu zen. «Hala ere, haren eraikuntza bertan behera utzi ondoren, orain kirol-portu berri bat eraiki nahi dela diote, dikearen atzean, udalerrian urbanizazio berriak eraiki eta saltzea errazteko».