NAIZ

Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroetan parte-hartzeko izen-emateak irekiak dira

Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen lehen edizioa egin zuten, iaz, Baionako Arteen Hirian.
Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen lehen edizioa egin zuten, iaz, Baionako Arteen Hirian. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako Arteen Hirian topagune nagusia izanen duten Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen bigarren edizioa uztailaren 17tik 26ra bitartean iraganen da. Euroeskualde baitako eremu akademikoaren babespean, orotara 12 konferentzia eskainiko dituzte aurten. Izen-emateak irekiak dira.

Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroak (UNUM) iaz egin zituzten lehen aldiz Lapurdiko hiriburuan.

Akitania Berriako Eskualdeak, eta Lakua eta Nafarroako gobernuek osatzen duten Euroeskualdeko unibertsitate publikoen lankidetzari esker sortu zen Arteen Hirian bere topagune nagusia duen ekimena.

Zehazki Bordeleko Unibertsitatea (Université de Bordeaux, UB), Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU), EHUko Uda Ikastaroak Fundazioa, Bordeleko Montaigne Unibersitatea (Université Bordeaux Montaigne, UBM), Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatea (Université de Pau et des Pays de L´Adour (UPPA), Nafarroako Unibertsitate Publikoa (UPNA), Euskampus Fundazioa eta CNRS/IKER zentroa dira Baionan antolaturiko udako ikastaroen sustatzaile akademiko nagusiak.

Uztailaren 17tik 26 arte iraganen den bigarren edizioan, ordea, sostengu berria izanen da, zehazki Bordeleko Gizakiaren Zientzietako Etxeak bat egin baitu egitasmoarekin.

Halaber, mugaz gaindiko tokiko erakunderen babesa dute udako ikastaroek.

Hala, Jean-Rene Etchegaray buru duen Euskal Hirugune Elkargoarekin batera Gipuzkoako Foru Aldundiak, alde batetik, eta Euroeskualdea osatzen duten hiru erakundeek, bestetik, ekimen akademikoa babesten dute.

Lehen edizioak izan zuen arrakasta ikusita –773 lagunek parte hartu zuten– aurten 12 ikastaro eginen dituzte Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroen baitan.

Ekimena «mugaz gaindiko herritarrei, ikaslego eta mundu akademikoari» zuzendurik daudela oroitarazi ostean, Europako mugaz gaindiko beste eremuetan frogatu denez, «unibertsitateek eginkizun proaktibo bat dutela ekonomia, gizarte- eta lurralde-arloan kohesionatuagoa dagoen mugaz gaindiko gune bat sortzeko orduan» nabarmendu dute antolatzaileek.

Aurtengo edizioan ere «Euroeskualdeko hiru hizkuntz ofizialak» baliatuko dituztela, hau da euskara, frantsesa eta gaztelania, nabarmendu du Euskal Elkargoak. Izan ere, ingelesa ere present izanen da, hala «eleaniztasunaren eta kulturartekotasunaren balioa» oraindik ere gehiago azpimarratuz.

Adimen artifizialaren erronkak: diziplina anitzeko eta mugaz gaindiko begiradak’, ‘Bideojokoen mugaz eta nazioez gaindiko analisia: Erabilerak, interakzioak eta aholkularitza’, edo ‘Euskal Eurohiria: mugaz gaindiko herritarrentzako laborategi europarra ’ dira ikerlariek jorratuko dituzten gaietariko batzuk.

Euskal curriculuma

Egitarauaari so eginez, euskara hizkuntza ofiziala izanen duen ikastaroa eskainiko dute, hala nola, uztailaren 19an. Ikastaro horretan 'euskal curriculumaren ber-kontzeptualizazioa gaurko Euskal Herriaren kohesiorako eta biziberritze baterako tresna gisa' izanen dute aztergai Baionan.

Hezkuntzarekin lotutako Euskal Herri mailako herri-hausnarketaren prozesuan mugarri nagusietako bat izanen dela ikastaro hori nabarmendu du horren antolatzaile nagusia den Eusko Ikaskuntzak.

Mugaz Gaindiko Udako Ikastaroak aurrez aurre egingo dira eta, gainera, programazioaren zati bat online ikusi ahal izango da zuzenean.

Matrikula doakoa da eta ikastaroez gain, lurraldearekin lotura duten zenbait jarduera kultural antolatuko dituzte.

Esaterako, Gainera, Saltillo eskola-ontzian itsasaldi bat egingo da, eta herritarrentzako irekitako jarduera bat egingo da geldialdi bakoitzean, Santurtzin, Bilbon, Mutrikun, Donostian eta Donibane Lohizunen.

Gisa berean, ‘Zinema Ipar Euskal Herrian. Urrats bat aurrera?’ izenburupean, Ipar Euskal Herriko zinemaren egoerari buruzko saioaren barruan, horretan parte hartu duten zenbait hizlarik zuzenduriko bost film labur emanen dira Baionako Atalante zineman uztailaren 21ean.

Egitarau osoa eta izen-emateak hemen.