Ane Etxezarretak 2025eko denboraldi amaierara arte luzatu du kontratua Realarekin

Realak gaur iragarri du Ane Etxezarretak beste bi denboraldiz jarraituko duela.  Zortzigarren denboraldia bete du beasaindarrak; beraz, guztira hamar egingo ditu. Atzelariak «lana, sakrizioa, humiltasuna eta lanaren bitartez helburuak lortzeko gogoa» eman dio talde txuri-urdinari.

Ane Etxezarretak 2025ra arte jarraituko du Realan.
Ane Etxezarretak 2025ra arte jarraituko du Realan. (REAL SOCIEDAD)

Realak etxeko jokalari garrantzitsu bat lotu du beste bi denboraldirako. Ane Etxezarretak talde txuri-urdinean jarraituko du 2025eko sasoi amaierara arte. Realak eta atzelariak lortutako akordioari esker, gipuzkoarrak funtsezko pieza izaten jarraituko du klubean. Beasaindarrari ekainaren 30ean amaitzen zitzaion kontratua, eta azken unean izan bada ere, atzelariak «bere etxean» segituko du.

Ezin hobeto deskribatu du bere burua Etxezarretak, galdetu diotenean berak zer eman dion Realari: «Lana, sakrizioa, humiltasuna eta lanaren bitartez helburuak lortzeko gogoa». Balore horiek ordezkatzen dituen pertsona bat taldean izateak asko ematen dio Realari, eta hori azpimarratu dute klubetik.

«Oso garrantzitsua da etxeko jendea mantentzea, eta Reala bezalako klub batek hori babestu nahi izaten du. Alde horretatik ardura hori hartzeko gogotsu nago. Ea etxekoak urtetik urtera gehiago garen», adierazi du atzelariak.

Esan dituenak entzunda, badirudi hurrengo denboraldira begira kapitainetako bat izango dela. Are gehiago, kontuan hartuta taldean besokoa eraman duten bik ez dutela Realean jarraitzen; Iraia Iparragirrek, erretiroa hartu duela, eta Maddi Torrek, ez duela talde txuri-urdinean segitzen.

Horrez gain, mezu argi bat bidali dio klubari Etxezarretak: «Ea etxekoak urtetik urtera gehiago garen». Gaur gaurkoz, etxekotzat har daitezke Adriana Nanclares, Elene Lete, Olatz Santana, Etxezarreta bera, Izarne Sarasola, Nerea Eizagirre, Amaiur Sarriegi, Cecilia Marcos eta Mirari Uria. Bederatzi guztira, eta ikusteko dago Realeko bigarren taldetik inork saltoa emango ote duen.

Sasoi honetan, bereziki ligako lehen itzulian, ez zuen askorik jokatu. Hein hain batean, Natalia Arroyok nahiago zituelako Ana Tejada, Manuela Vanegas eta Specht. Bigarren itzulian, hamaikakoan sartzen joan zen, eta minutu gehiago izaten. Neurri batean, Alemaniako atzelariak taldea utzi zuelako. Orotara ligan 21 partida jokatu ditu, horietatik hamahirutan atera da hasieratik.

Realaren hazkunde prozesua

Beasaindarrarentzat «txikitako amets bat» zen Realean jokatzea: «Gogoratzen naiz Garbiñek [Etxeberriak] deitu zidala Oiartzunekin igoera lortu genuenean, eta denbora bat hartu nuela pentsatzeko. Aurrerapauso handia izan zen eta ez naiz damutzen». 2015ean fitxatu zuen Realak Oiartzunetik.

Talde txuri-urdinak fitxatu zuenean, Etxezarretak ez zuen «espero» zenbaki horietara iristea, eta «urtetik urtera disfrutatzea lortu» du. Klubean egin dituen zortzi denboraldi hauetan, «asko ikasi» du, «bai pertsonalki, bai futbolari moduan ere», eta hurrengo denboraldi hauetan, «espero» du gehiago ikastea.

Talde txuri-urdinak azken urteotan izan duen prozesua barrutik bizitu du Etxezarretak. «Hasiera batean arratsaldetan entrenatzen genuen, eta ez genuen zelaitik kanpoko aparteko entrenamendurik egiten. Orain goizez entrenatzen dugu eta beste mota bateko lanketak egiteko aukera dugu; gimnasioa edo dena delakoa», adierazi du atzelariak. Alde horretatik, klubak «asko hobetu duen bidea» izan dela nabarmendu du, eta gaineratu «atzera begira polita izan» dela ikustea non dagoen.

Iazko denboraldi bikaina ekarri du gogora beasaindarrak –bigarren amaitu zuten liga eta Txapeldunen Ligarako txartela lortu zuten–, eta nabarmendu ez zutela «espektatiba hori», baina «sinistuz» lortu zuten zerbait izan zela. «Ez genuen beste talde batzuk zuten maila, eta horrelako gauzak lortu ahal izatea oso polita izan zen. Zoriontasuna bikoitza da», adierazi du Etxezarretak.

Kopako lorpenaz ere oroitu da, eta nabarmendu du berezia izan zela final-aurreko partida, Athleticen aurka, Anoetan bi aldiz jarraian jokatu zutelako.

Etorkizun ziurgabea

Denboraldi honetan hamahiru jokalariei amaitzen zitzaien kontratua, eta horietatik seirek berritu dute akordioa: Elene Letek (2025), Iris Arnaizek (2024), Manu Vanegasek (2025), Nerea Eizagirrek (2024), Cecilia Marcosek (2025) eta Ane Etxezarretak (2025). Oraindik ere, hiru jokalarik haien etorkizuna zehazteko dute: Adriana Nanclaresek, Ana Tejadak eta Alejandra Bernabek –Atletico Madriletik utzita dago–. Eta gainerakoek taldea utzi dute. Jade Le Guilly PSGra itzuli da –utzita baitzegoen–, Gemma Gili, Maddi Torre eta Gaby Garcia.