NAIZ

Bertsolaritza kultura ondare immateriala izendatuko du Gasteizko Gobernuak

Gasteizko Gobernuak bertsolaritza kultura ondare immateriala izendatuko duela iragarri du ostiral honetan Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politika saiburuak, Legebiltzarrean izan den kontrolerako osoko bilkuran. Izendapen ofiziala «datozen hilabeteetan» etorriko dela esan du.

Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, 2022an, Nafarroa Arenan.
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala, 2022an, Nafarroa Arenan. (Jaizki Fontaneda)

«Datozen hilabeteotan izendatuko dugu Bertsolaritza Kultura ondare immateriala». Horrela adierazi du Kultura eta Hizkuntza Politika sailburu Bingen Zupiriak ostiral honetan Legebiltzarrean izan den Kontrolerako osoko bilkuran.

Azaldu duenez, bertsolaritza ondare immaterialaren «adibiderik argiena» da, bere hitzetan, belaunaldiz belaunladi komunitateak transmititzen, babesten eta aitortzen jakin duen adierazpen bizia da. Zupiriak ordezkatzen duen sailetik gaineratu dutenez, «ezaugarri hauek eta arte honen iragankortasuna kontutan hartuta», Gasteizko Gobernuak Kultura ondare inmaterial izendatuko duen lehen elementua izango da bertsolaritza, «bere babesa eta transmisioa bultzatzeko» helburuarekin.

Bertsolaritzaren lehen aipamen idatzia 1452ko Bizkaiko Foruetan agertzen dela ekarri dute gogora, baina erreferentzia zehatzak lortzeko XVIII. mendearen amaierara arte itxaron behar dela: «Bertsolaritza oinarrizko komunikazio-modua da eta belaunaldiz belaunaldi transmititu da une bakoitzeko zirkunstantzietara egokituz. Hizkera arruntaren oso antzekoa, bat-batekotasuna, baliabide erretorikoak eta errealitatearen ezagutza eskatzen ditu eta gaur egun une onean dagoen arren, desagertzeko etengabeko arriskuan dagoen elementua da, inprobisazioan oinarritzen denez, saio bakoitza bakarra eta errepikaezina delako», jarri dute balioan.

Nabarmendu dutenesz, ezaugarri horiek «bat datoz» 2019ko Euskal Kultura Ondarearen Legean ageri den kultura ondare inmaterialaren definizioarekin.

Osoko bilkuran, Zupiriak gaineratu du «lanean» ari direla kultura ondare immaterialaren alorrean ezarritako «beste hainbat ekimenetan». Azaldu duenez, «mota honetako elementuen inbentarioa» sortuko duen dekretua idazten ari dira batetik eta, bestetik, ondare inmaterialaren ikerketan sakontzeko dirulaguntza deialdiak plazaratu dituzte.

Azken honi lotura, sailburuak aipatu du urteko 200.000 euroko hiru deialdi egin direla, «euskal kultura immateriala edo ukiezina ikertu, transmititu, zabaldu eta sustatzeko espazio berriak sortzeko» bide ematen dituztenak eta «desagertzeko arriskuan dauden jarduerak, identifikatu, aztertu, zabaldu eta babesteko aukera ematen dutenak».