NAIZ

Agur Martxelo, ongi etorri Amagoia!

Euskal jendarte zibilaren ordezkaritza polita bildu da Donostiako Tabakaleran ‘Berria’ren 20. urteurreneko jaian. Festak Martxelo Otamendiri agur esateko eta Amagoia Mujica, egunkariaren zuzendari berria, jendaurrean aurkezteko balio izan du, besteak beste.

Martxelo Otamendi eta Amagoia Mujika
Martxelo Otamendi eta Amagoia Mujika (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

600 lagunek bete dute Tabakalerako ataria larunbat honetan, ‘Berria’ren hogeigarren urteurrena ospatzeko eta euskal prentsaren zuzendari dekanoa agurtzeko. Martxelo Otamendiren agurrarekin batera, Amagoia Mujika zuzendari berriari ongietorria egin zaio. Euskal jendarte zibilaren ordezkaritza polita bertan izan da. Ordezkari politikoen artean, Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika sailburuordea zegoen, Markel Olano jarduneko Gipuzkoako ahaldun nagusia, Joseba Egibar EAJko kidea, eta Arnaldo Otegi eta Arkaitz Rodríguez EH Bilduko kideak ere bazeuden, besteak beste.

Edurne Azkarate aktoreak gidatu du ikuskizuna. Hasi eta berehala, eraikinean jo duen tximista batek agertokiko pantaila erraldoi bat izorratu du, ikuskizuna baldintzatuz. Ondorioz, Ibil Bediko abeslariek bigarren abesti bat «a capela» kantatu behar izan dute. Izan ere, talde nafarra arduratu zen festari musika jartzeaz. Ane Labakak eta Nerea Ibarzabalek ere parte hartu dute eta, gainera, dantza garaikideko ikuskizun ederra izan da.

Torrealdai, Lizarribar, Salutregi

Bere ohikoa den abiaduran baina labur, Otamendik eskerrak eman dizkie hogeita hamar urte hauetan proiektua aurrera ateratzen lagundu duten pertsona eta kolektibo askori. Zentzu horretan, langileekin, Kontseiluko kideekin, baita beste hedabide batzuetako lagunekin eta erakundeetako ordezkariekin ere oroitu da. Otamendik euskaraz, ingelesez, gaztelaniaz eta katalanez hitz egin du. Jakina, ‘Egunkaria’ eta operazio hura jasan zuteneak gogoan izan ditu. Besteak beste, Joan Mari Torrealdai. Bere familia aipatzean hunkitu egin da Otamendi.

Bide horretan hil diren pertsonak ez ditu ahaztu, aipatutako Torrealdai edo Joxan Lizarribar, adibidez. Ezta Jabier Salutregi ere, aste honetan hil den ‘Egin’eko zuzendaria. Otamendik azpimarratu duenez, Saluk «injustizia handia jasan zuen». Eskerrak emateaz gain, desenkusatu da, lehenik eta behin, emakumeek jasaten duten diskriminazioa garaiz ez ulertzeagatik. Zenbait lankideren bizitza okertu ahal izan duten erabakiengatik ere desenkusatu da.

Otamendik Amagoia Mujica Tolaretxipi zuzendari berriari harrera egiteko altxatzeko eskatu die bertaratutakoei. Mujicak eskerrak eman dizkio familiari eta, bereziki, amari. Martin Ugalde gogoan izan du, bereziki argi idazteko eta zintzo jokatzeko eman zizkien aholkuak. «Martinen hitzak beti eraman ditut aldean. Hizkuntza izan zuen aberri, interes politikoen gainetik. Inoiz ez zien muzin egin bere printzipioei», azaldu du. Mujikak euskarazko kazetaritza aldarrikatu du, eta «aldi hau kontatzeko» baliatuko dutela azpimarratu du.

Diotenez, ondoren jaiak Dokan jarraitu du.