Jon Ormazabal
Entrevue
Erik Mendizabal
Puntista

«Zalantza handienak fisikoak ziren, banekien zestan jokatzea ez zaidala ahaztu»

Danian 16 urteko ibilbide profesionala osatu ostean, bertako frontoia itxi zutenetik zestan jokatu eta entseatu gabea zen mutrikuarra duela hiru hilabete Euskal Herrira itzuli zen arte. Larunbat honetan Donostiako Grand Slamaren finala jokatuko du, Lekerika lagun, Goikoetxea-Gorkaren aurka.

Erik Mendizabal.
Erik Mendizabal. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Urte eta erdi jokatu gabe, itzuli eta Donostiako Grand Slameko finalean; nola joan da itzulera?

Lehen bi partidak espero baino hobeto, ze urte eta erdi neraman jokatu eta entseatu gabe eta beldurrik gehien nion partida lehenengoa zen; beldurra edo gehienbat ea nola sentituko nintzen kantxa barruan, eta ondo joan zen. Sentsazio onak berreskuratu nituen eta bigarrena sentsazio on horien konfirmazioa.

Azken urte eta erdi horretan AEBtan jarraitu duzu, ala?

Bai, Daniako frontoia itxi zutenean nire andreak eta biok erabaki genuen urtebeteko trantsizio denbora bat hartzea, zer egin nahi genuen erabakitzeko, bertan geratu edo etxera itzultzea. Alaba zaharrena bertan eskolaratua genuen eta urte hori zein bide hartu nahi genuen erabakitzeko hartzea erabaki genuen.

Eta Euskal Herrira bueltan zaudete.

Bai, hala da, gehienbat alabengatik, andrea eta nigatik han geratuko ginatekeen, ze klima oso ona da, ez noa esatera urteko 365 eguzki egun, baina ia. Guri asko gustatzen zaigu hondartzara joatea eta hango bizia itzela zen.
Nik lana banuen zesta utzi eta gero, oso gustura nenbilen gainera arratsaldetan lanean, gure etxea geneukan, gure errutinak osatuta, baina familia hemen daukagu, umeak handitzen ari ziren eta azkenean bueltatu egin gara.

Zu AEBetara zestagatik joan zinen, eta bueltan posible da zestaz bizitzea?

Bueno, printzipioz orain nire andreak lana dauka eta ni oraintxe hasi naiz berriro zestan jokatzen. Orain momentuan ezin naiz zestaz bizi, baina aurrerago ikusiko da eta bestela prestatzen hasi beharko dut zesta utzitakoan zer lan egin.

Etenaldi luze horrekin, bueltan zalantzaren bat izango zenuen zure lehiatzeko gaitasunaren inguruan, ezta?

Zalantzak, jokoagatik ez, niretzat bizikletan ibiltzea bezalakoa da, ez zait ahaztu, baina batez ere arlo fisikoagatik. Han, Ameriketan, hondartzara joaten nintzenean beti egiten nuen kirola, korrikan aritu edo bestea... baina, egia esanda, erritmoa ez da bera zu jokatzen egon edo zure kasa arituta. Prestakuntza espezifiko bat egin gabe igarri egiten da. Etorri nintzenean Mikelek [Egigurenek, Jai Aliveko kudeatzaileak]  deitu zidan eta bi hilabete eskas izan ditut prestatzeko.

Maila Danian erakutsia zenuen; hamaika aldiz kiniela gehien irabazitako pilotaria izandakoa zara han.

Baina sistema erabat desberdina da, gero bakoitzak bere iritzia izango du, baina Baina sistema erabat desberdina da. Gero bakoitzak bere iritzia izango du, baina kinieletan niretzat mentalki gogor egotea da gehiago, jokoa izatea baino. Noski, jokoa behar da, baina portzentaje bat ematearren %70a mentala da eta %30a jokoa dela esango nuke.

AEBtan oihartzunik izan du hemen Euskal Herrian zestak izan duen loratze honek?

Nik zesta hobby bat bezala izan dut eta laga nuenean nire munduan bizi nintzen. Hango lagunekin eta batzen nintzenean komentatzen zidaten "begira nola dabiltzan" edo "jendea hasi da frontoira joaten" eta halakoak. Zaleen aldetol ez dakit nola funtzionatuko zuen, ni erabat deskonektatua ibili naiz.

Denborak esango du nora goazen, azkenean jende askok esaten du zailena ez dela gora heltzea, mantentzea baino. Baina ikusten da zerbait mugitzen ari dela, jendea frontoietara joaten ari da eta pilotarioi hori gustatzen zaigu, giroa egotea. Gero garrantzitsua da pilotariok maila ematea, jendea pozik irten dadila berriz ere itzultzeko.

Nolako finala espero duzu Donostian?

Bueno, final batean badakizu, Danian moduan da, partida bat da eta edonork ahal du irabazi. Nik uste nire handicapa dela ez naizela martxan egon, baina bestela ez daukat ezer galtzeko. Nik uste finalean egotea sari handia dela eta jende asko harritu da ni hor ikusita. Gozatzera joango gara eta, irabazten badugu, hobeto.

Goiko baten aurka finala jokatzeak berezia behar du.

Bueno, Goiko hemen beti izan da onena baina nik beti esan dut ez ditugula momentuko onenak ikusi Euskal Herrian jokatzen. Ez dut uste inoiz ikusiko ditudanik, hori nire iritzia da. Goikoren mailako pilotariak Ameriketan asko geratu dira, eta ahal dizut esan adibidez Solozabal bat, hemen Euskal Herrian inork ez duela ezagutzen baina zen pilotari bat, Daniako gure koadroan ibilitakoa, eta maila izugarrizko pilotari bat zen eta inork ez du ikusi. Esan nahi dudana da Goiko pilotari izugarri bat izan dela, baina Goiko bezala ezagutu ditut beste pilotari handi batzuk.

Zu Lekerikarekin gustura?

Bai, Daniatik ezagutzen dut. Garapen handi bat izan du, nik uste han ere esperientzia hartu zuela eta gero partidan zehar pilotari oso segurua da eta lagun moduan, ba beti animatzen, eta lagun oso ona.