Nik Touring-en jokatu nuen
Herri Ametsa ikastolan lehenengo pausoak eman, Herrerako Sporting, Antiguoko eta Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen Berion jarraitu eta ordura arte ezagutzen ez nuen Touring KE-n eman nion segida nire futbol ibilbideari... baita amaiera ere. Bizitza honetan gauza batzuk lehenago inongo susmorik izan gabe gertatzen dira. Eta gertaera hau horrelakoa izan zen, egun batetik bestera Errenteriako taldean jokatzen ikusi bainuen nire burua.
Txikia nintzenean, garai batean Mamut eta Pryca izenekin ezagutzen ziren supermerkatuetara gurasoekin erosketak egitera joaten nintzen aldiro, hortxe pasatzen ginen autoarekin Larzabal zelai zaharretik. Urteen poderioz, bertako belar naturaletik Fanderiako belar artifizialera pasatu zen kluba, eta Touringera iritsi baino urte batzuk lehenago jokatu nituen nire lehenengo minutuak zelai berri horretan. Gipuzkoako selekzioarekin izan zen, Bartzelonaren aurka, Lopez Ufarte Aste Santuko txapelketan. 1-1 amaitu zen partida eta, kasualitatez, nik ireki nuen markagailua lehenengo zatian ezker hankarekin sartutako gol bati esker, urte batzuk geroago zelai hori nire «etxea» bihurtuko zela jakin gabe.
Oraindik gogoan dut lehenengo eguna, aldageletan nire burua aurkeztu nuenekoa eta Titi entrenatzailea -erreportaje hau egiterako garaian jakin dut duela urte batzuk zendu zela- eta haren laguntzaile Manu ezagutu nituenekoa. Ez zaizkit ahaztuko bere garaian delegatua izandako eta ondoren harreran eta tabernan ibilitako Martin Lopezen irribarrea eta ikusten ninduen bakoitzean hark adierazten zidan adeitasuna ere; Joxan Larrain orduko kirol zuzendariak niregan jarritako konfiantza osoa; bere anaia eta presidente Luis Mari Larrainen babesa; orduan masajista bezala zebilen Santiren txiste txarrak eta min guztiak sendatzeko hark zituen esku bikainak; Oscar Goikoetxea “Goiko”ren boluntario-lana eta dedikazioa, nik goizez Fanderian entrenatu ahal izateko; edota izandako taldekide guztiak. Horietako bat aipatu beharko banu, hori Iraitz Lopetegi da, bien artean sorturiko konplizitate harremana oso garrantzitsua izan baitzen niretzat.
Touringen pasatu nituen zazpi denboraldiak errusiar mendi bat bezalakoak izan ziren: momentu onak pasatu genituen kirol arloan, baina baita txarrak ere; maila jaitsierarekin, besteak beste. Entrenatzaile asko ibili ziren arren, taldea beti bat eginda egon zen Aitor Franco, Alain Urrutia, Ekaitz Auzmendi, Eneko Maritxalar, Egoitz Mitxelena eta beste beterano batzuei edota Dani Neves eta Gabri Martinez aldagelako festazaleei esker -izen askoz gehiago ere aipa nitzake-. Ondoren ni bihurtu nintzen eskarmentu handienetarikoa zuen jokalaria, baina lana zela-eta futbola uzteko garaia iritsi zitzaidan eta, pena handiz, nire bigarren etxea bihurtu zen kluba atzeko atetik utzi behar izan nuen.
Pena batekin geratu nintzen, hala ere: Errenteriakoa eta Touringen jarraitzailea zen -eta ezagutu ez nuen- aitaginarrebarekin batera partidaren bat ikustera ez joan izana eta atezaina eta atzelari-erdilaria ziren bere bilobekin -nire ilobak- talde berean ez jokatu izana. Baina, horren truke, ozen, harro eta zoriontsu kontatu ahalko diet seme-alabei nik Touringen jokatu nuela eta mendeurreneko liburuan agertzen naizela. Hori bai, oraindik «the last dance» -azken dantza- egiteko aukera izango dugu, hilaren 24an, larunbat goizean, Fanderiako futbol zelaian, Realaren aurkako beteranoen partidarekin. Han egongo gara zuen zain!
Mila esker, Touring, eman didazun guztiarengatik!