Naroa Apaolaza

Gotzon Barandiaran eta Maddi Goikoetxearen lanak, Ganbila bildumaren argitalpen berriak

Gotzon Barandiaranen ‘Hildako haurra’ eta Maddi Goikoetxea Juanenaren ‘Ura jaten’ liburuak dira Ganbila bildumaren bi zenbaki berriak. Susa argitaletxea eta EHAZE antzerki taldeak gaur egungo euskal antzerkia ezagutzera eman asmoz osatutako bilduma da Ganbila.

‘Hildako haurra’ eta ‘Ura jaten’ liburuen aurkezpena.
‘Hildako haurra’ eta ‘Ura jaten’ liburuen aurkezpena. (Maialen Andres | Foku)

‘Hildako haurra’ eta ‘Ura jaten’ liburuak aurkeztu dituzte astearte honetan Donostiako Konstituzio Plazako Mandasko Dukearen Aretoan. Bi liburu hauek Ganbila bildumaren 20 eta 21. zenbakiak dira. Ganbila Susa argitaletxea eta EHAZE antzerki taldearen artean osatutako bilduma da, antzerkia literaturara hurreratzeko helburua duena. Aurkezpenean liburuen idazleak, Gotzon Barandiaran eta Maddi Goikoetxea Juanena, eta bildumaren editorea, Oier Guillan, izan dira bi lan hauen nondik norakoak azaltzen.

Gotzon Barandiaranen ‘Hildako haurra’ bi antzezlan ditu bere barnean; ‘Besaulkiak’ eta ‘Hildako haurra’. Lehenengoa idaztea erronka handia izan zela adierazi du Barandiaranek, 13 bertsio desberdin idatzi baitzituen. Idazleak azaltzen du bertan jabetu zela antzerkia eta literaturaren ezberdintasunaz; antzerkian idazleak konturatzen baitira bere testua ez dela aldaezina ezta eternoa ere. Horrez gain, orain arte sentitu ez zuena sentitu duela adierazi du, bere barruko hitzak beste pertsonak bere egiten dituztenean, alegia.

Horren ildotik, ‘Besaulkiak’ antzezlanean «erosokeriatik erosotasunera» dagoen prozesua islatzen saiatu da Barandiaran; bere idazketa prozesuan ere hori bizi baitzuen. Bertan kapitalismoa era distopikoan azaltzen du. ‘Hildako haurra’ obran idazleak bere barne borrokak eta gatazkaz hitz egiten du. «Durduzatzen gaituzten gertakarien aurrean, sortzaile gisa egin dezakeguna ez gaituenean asebetetzen bizi dugun barne gatazka», honela definitu du idazleak antzezlana.

Bestalde, ‘Ura jaten’ elkarrizketa formatuko liburua da, antzerkian dagoen prekarietatea erdigunean duena. Maddi Goikoetxeak azaldu duenez, liburua ikerketa batetik abiatu zen; hain zuzen ere Euskal Herriko antzerki eskoletan abiatu zuen galdeketa. Bertan, antzerkiak zituen zailtasunen inguruan galdetzean «prekarietatea» izan zen gehienen erantzuna. Bertan Goikoetxea jabetu zen antzerkia «gaixo» zegoela eta horren sintoma prekarietatea zela.

Hortik tiraka, hipotesi hau planteatu zuen: «Prestigio sozialik ez duen bitartean, prekarietatera kondenatuta dago antzerkia». Gizartean errotuta dago kultura eta artea ez dela jardunbide bat, entretenitzeko modu bat baizik, eta horregatik, prekarietatea da nagusi. Horren inguruan hausnartu du Goikoetxeak bere 13 elkarrizketatuekin; euskal kultura eta bereziki, antzerkiaren munduko aurpegi esanguratsuekin.

Gaurkoan aurkeztutako bi liburuak elkarren artean oso desberdinak direla azaldu du Guillanek, eta biak kultura eta antzerkiaren munduari egindako ekarpena direla azpimarratu nahi izan du. Editoreak azaldu duen moduan, Ganbilak euskal antzerkiaren «irudi garaikidea» islatzea helburu du eta pozik sentitzen da orain arte egindako lanarekin. Argitaratutako 21 zenbakietan autoreak ezberdinak izan direla nabarmendu du, euskal antzerkiaren aniztasuna islatzeko asmoz.