NAIZ
Reykjavik

Islandiak baleen ehiza eten du aldi batez, animalien ongizateari buruzko txosten bat dela-eta

Islandiako Gobernuak bertan behera utzi du baleak ehizatzeko udako denboraldia, zetazeoei ematen zaien tratua indarrean dauden legeen aurka doala dioen txosten bat jaso eta gero.

Ehizatutako bale bat Reykjaviketik gertu dagoen prozesamendu plantara eramaten, iaz ateratako irudi batean.
Ehizatutako bale bat Reykjaviketik gertu dagoen prozesamendu plantara eramaten, iaz ateratako irudi batean. (Halldor KOLBEINS | AFP)

Asteazken honetan ekin behar zitzaion berriz Islandian baleak ehizatzeari, baina bertako Gobernuak iragarri du aldi baterako bertan behera utziko duela zetazeoak ehizatzeko baimena, haien tratamenduari buruzko txosten kritiko bat jaso eta gero.

Adituen aholku-batzorde batek baleak ehizatzeko erabilitako metodoak animalien ongizateari buruzko legeak betetzen ez dituela ondorioztatu eta biharamunean iritsi da erabakia, agintarien aurretiazko txosten bat aztertu ondoren.

Adituek zalantzan jarri dute animalia hiltzeko behar den denbora eta erabilitako arrantza-metodoa. Izan ere, harrapatutako aleen %60 baino ez zuten berehala hil, heriotzerako prozesua luzatuz.

Hori dela eta, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak denboraldiaren hasiera atzeratzea erabaki du, gutxienez, abuztuaren 31ra arte, «ehiza animalien ongizateari buruzko legeetan ezarritako nahitaezko gutxieneko estandarren arabera egiten dela ziurta dezaketen arauak ezartzea posible den» aztertzeko.

«Jarduera honek ezin du etorkizunean jarraitu agintariek eta lizentzien jabeek ongizate-eskakizunak betetzen direla ziurtatu ezin badute», adierazi du ohar batean Svandís Svavarsdóttir Nekazaritza eta Arrantza ministroak.

Islandia –2015ean euskal arrantzaleak hiltzea baimentzen zuen lege zahar bat baliogabetu zuena–, Norvegia eta Japonia dira baleen ehiza komertziala egiten duten herrialde bakarrak, baina Islandiako Gobernuak iaz iragarri zuen 2024an ehiza bertan behera uzteko asmoa, haragi horren kontsumoaren beherakada argudiatuta.