NAIZ

Osakidetzak azpikontratutako garbitzaileek manifestazioa egin dute 114. greba egunean

Osakidetzak azpikontratutako garbitzaileek 114 egun bete dituzte greban astearte honetan. ELAk nabarmendu duenez, Osakidetzak ez du negoziaziorako asmorik. Hori dela eta, manifestazioa egin dute Donostian.

Grosek abiatu da Donostian greban dauden garbitzaileek egin duten manifestazioa.
Grosek abiatu da Donostian greban dauden garbitzaileek egin duten manifestazioa. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

ELAk deitutako 114. greba egunean manifestazioa egin dute astearte honetan Donostian Osakidetzak azpikontratatutako garbitzaileek. Grosetik abiatu dira eta Lakuako Gobernuaren ordezkaritzaren egoitzaraino heldu dira, «argi uzteko Eusko Jaurlaritza dela egoera honen azken erantzulea».

Otsailaren 27an hasi zen Osakidetzako garbitzaileen greba. ELAk nabarmendu duenez, gaur egun ez dago negoziaketa mahairik eta konponbidea urrun dago. Lan Sailarekin bi bilera egin zituzten, «baina ez dute ezer egin konponbidea bilatzeko». Are gehiago, sindikatuaren arabera, greba eskubidearen aurka egin dute, 114 greba egunetan zortzi ezohiko garbiketa dekretatu baitituzte. Horrela, hamabost egunean behin greba hutsetik hastera behartzen dituzte langileak.

«Osakidetzak erakutsi du bere zuzeneko langileei 2022ko garapen profesionala ordaintzeko borondatea. Horrela, argi geratu da ez dela diru kontua azpikontratei ez ordaintzearena, baizik eta borondate politiko kontua dela. Azpikontratatutako garbitzaileak, beste behin ere, bigarren mailako langiletzat hartuta, Osakidetzak zor dituen diru kantitateak ez ordaintzeko hautu politikoa egin du», gaineratu du ELAk.

«ELAk argi dauka gatazka honen konponbide bakarra garapen profesionalaren ordainketa dela, eta, diru kantitate hori ordaintzearekin soilik amaituko dela gatazka. Gaur, kaleetan ozen esan duten bezala, borrokan jarraituko dute hori lortu arte», gaineratu du sindikatuak.