Alessandro Ruta

Italiako politikagintza, Berlusconiren gorpuaren gainean eraberritzen

Forza Italiaren liderra hil ostean, asko eta asko umezurtz gelditu dira. Agertoki berrian karta batzuk ditu eskuan alderdi bakoitzak, baina aldi berean «familia artean» zalantzak areagotu dira.

Giulia Meloni lehen ministroa eta Marta Fascina, Berlusconiren azken bikotekidea eta legebiltzarkidea, elkar agurtzen Duomoko katedralean.
Giulia Meloni lehen ministroa eta Marta Fascina, Berlusconiren azken bikotekidea eta legebiltzarkidea, elkar agurtzen Duomoko katedralean. (Piero Crucciatti | AFP)

Mahai gainean 2-3 milioi boto daude une honetan, Forza Italiak azken hauteskundeetan lortu zituenak hain zuzen ere. Zein izango da Berlusconiren alderdiaren etorkizuna? Eta Giorgia Meloniren Gobernuarena? ‘Il Cavaliere’ren heriotzak sekulako hutsunea utzi du eta ez da hori betetzea batere erraza izango.

Milanon denon begietara agertu zen albisteak eragindako astindua ez da itzali, gainera: datorren urtarrilean egitekoa zen Forza Italiaren sorreraren 30. urteurrena baina, antza, ez da ospakizunik izango.

Familiaren konpromisoa

Ataka honetara iritsita, erantzukizuna Forza Italiarena litzateke, baina FI alderdi «pertsonala» izan da beti. Horrenbestez Berlusconiren familiak erabaki batzuk hartu beharko ditu. Nabarmena da bere bost seme-alabek politikagintzarekin konpromiso apalagoa nahiko luketeela, baina aldi berean Marta Fascina (‘Il Cavaliere’-ren azken bikotekidea) legebiltzarkidea da eta bertan segituko du.

Zurrumurruei kasu eginez gero, azken hilabeteetan Fascinak lidergo handia hartu du alderdiaren barruan, nahiz politikari dagokionez eskarmentu gutxikoa izan. «Familiarren» barruan oso maitatua da: Marina Berlusconi (enpresen inperioaren «burua») aitaren azken bikotekidearekin eskutik helduta sartu zen Duomoko katedralean, ‘Sua emittenza’ren hiletetarako.

Agian Antonio Tajani Atzerri Ministro eta lehen ministroordearen laguntza beharko dute, bai Fascinak baita Forza Italiak ere. Tajanik bai, ibilbide luzea egina du, eta Europa mailan ere aurpegi ezaguna eta orokorrean ondo hartua da, iraganean Europako Legebiltzarraren presidente izan zelako. Negarrez ikusi dugu Berlusconiri azken agurra emateko orduan, bere laguntzaile estua zen eta. Momentuz FI-ren arduradun ad interim bilakatu da.

Familiak ondo daki patriarkaren ondarea bizi-bizirik dagoela. Berlusconi hil ondoren %8an egin du gora Forza Italiak inkestetan, eta Mediasetek Burtsan

 

Familiak ongi daki, bestalde, patriarkaren ondare politikoa bizi-bizirik dagoela Italiako gizartean. Hori dela eta, ezin izango da momentuz baztertu. Ironikoki, Berlusconi hil eta gero eginiko lehen ikerketek erakutsi dute Forza Italiak sekulako gorakada izan duela, %8ra heldu arte. Mediasetek bezala, baina azken hau Milaneko Burtsan.

Meloniren harrotasuna

«Eskerrik asko Silvio: harro sentiaraziko zaitugu eta ez zaitugu ahaztuko». Honako hau Giorgia Melonik bere sare sozialetan argitaratu zuen, Berlusconi zendu ostean. Italiako lehen ministroak alde batetik aliatu deseroso bat kendu du gainetik, eta beste aldetik itxaropenerako arrazoi bat aurkitu du: Forza Italiaren bozak bere aldera ekartzea.

Beti gogoratu beharko dugu Meloni Berlusconiren «asmakizuna» izan zela. ‘Il Cavaliere’k ekarri zuen Gobernura, 2008. urtean, eta nolabait bere babesa eta bedeinkapena ere eman zizkion lehen ministro bilaka zedin, pasa den urtean. Euren arteko harremanak ez dira hain errazak izan gero, batez ere Ukraina eta Errusia arteko gerraren testinguruan. ‘Donna Giorgia’k zama handia kendu du bizkarretik.

Zama handia kendu du gainetik Melonik, baina aldi berean ezin izango du plater horretan tu egin

Honetaz gain, telebistak puztutako jarduera izan du lehen ministroak. Mediasetek bultzada erraldoia eman zion Meloniri. Eta gainera, telebista kate honetan bertan lan egiten du bere senarrak, saio ezagun batean. Duda izpirik gabe, ez zaio komeni jaten ari den platerrera tu egitea. 

Eskuinean Matteo Salvinik ere oso adi egon beharko du. Momentu honetan Meloniren a ruota, txirrindularitzan bezala, dabil Liga Norteko agintaria, gurpilean itsatsita. Forza Italiako iparraldeko botoen bila abiatuko da, jakina, beren arteko oreka berriz zuzentzeko asmoz. Hegoaldean ere FI oso indartsua izan zen baina agian hango bozek abstentziorako bidea hartuko dute orain.

Aski ezagun den sekretua da Matteo Renzi ere zerbait egiten ahaleginduko dela. Zirt edo zart egiteko unea heldu zaio beharbada. Izan ere, aurreko lehen ministroa, «hirugarren polo»aren liderra Carlo Calendarekin batera, askorentzat ‘Royal baby’a da, Berlusconiren benetako oinordekoa alegia.

Matteo Renziri heldu zaio agian zirt edo zart egiteko unea, eta pieza batzuk mugitu ditu dagoeneko

Ohiko duen hiperaktibitateaz, Florentziako senatariak pieza batzuk mugitu ditu dagoeneko, azken hilabeteotan. Hasteko, hirugarren poloaren aukera ia ito egin du, Calendarekin ezdabaidatu ondoren. Gero egunkari baten zuzendari bihurtu da –‘Il Riformista’–, Berlusconi imitatzen itxuraz.

«Silvio Berlusconik historia egin zuen herrialde honetan. Askok maite zuten, askok gorroto zuten, baina gaur denek aitortu behar dute bizitza politikoan, baina baita ekonomikoan, kirolean eta telebistan izan duen eragina aurrekaririk gabekoa izan dela. Gaur egun Italia saminduta dago, bat egin du bere familiarekin, bera maite zutenekin, bere enpresekin... Maitatu zuten guztiei, nire besarkadarik maitagarri eta zintzoena». Hau adierazi zuen Renzik sare sozialetan. Ez dago gaizki, iraganean ezkerraren burua izan zenaren ahotan...