NAIZ

Unai Zubeldiak Euskaltel-Euskadiko talde profesionalera jauzi egingo du hurrengo denboraldian

Laboral Kutxa talde amateurretik, profesionaletara igoko da ibartarra, eta 2024-2025eko denboraldietarako kontratua sinatu du. «Egi bihurtu da ametsa» Zubeldiak. Sasoi honetan pilatu ditu garaipen gehien, besteak beste, Espainiako Kopako lasterketan Legazpiko Santikutz klasikoa irabazi du.

Unai Zubeldia Laboral Kutxako txirrindularia Santikutz klasikoko helmugan garaipena ospatzen.
Unai Zubeldia Laboral Kutxako txirrindularia Santikutz klasikoko helmugan garaipena ospatzen. (Laboral Kutxa)

Iker Mintegiren atzetik, Euskaltel-Euskadik gaur iragarri du Unai Zubeldia (Ibarra, 2003) ibartarrak profesionaletara salto egingo duela hurrengo denboraldian. Txirrindulari nafarrak duela aste bat egin bezala, Zubeldiak 2024 eta 2025 denboraldietarako sinatu du kontratua Euskaltelekin.

«Egi bihurtu da ametsa», txiokatu du ibartarrak Euskaltelek albistea eman bezain pronto. «Txikitatik Euskaltel-Euskadiko txirrindulariek argitu naute, askotan animatu baititut bide bazterretan edo telebistan. Beraz, laranjaz janzteko aukera izateak esan nahi du gurpil horrek biratzen jarraituko duela nolabait, eta hemendik aurrera, ni ere inspirazio iturri izan naitekeela Euskal Herri osoko neska-mutilentzat», nabarmendu du Zubeldiak.

Elitera salto egin aurretik, Laboral Kutxa harrobiko taldean bi denboraldi egin ditu, eta emaitza ezin hobeak eskuratu ditu, sasoi honetan bereziki. Izan ere, ibartarrak garaipen handia lortu zuen Legazpiko Santikutz klasikoan, Espainiako Kopako lasterketan. Horrez gain, Lizarran eta Berriatuan ere gailendu zen, eta Gipuzkoako zein Euskadiko txapelduna izan da; bigarren postuan geratu zen Beasainen eta Zornotzan, eta hirugarren Euskaldun Txapelketan.

Lorpen gehienak denboraldi honetan pilatu dituen arren, pasa den sasoian ere 23 urtez azpiko Italiako Giroan gazte onenaren elastiko zuria jantzi zuen. Horren harira, Mikel Gaztañaga Laboral Kutxako zuzendariak nabarmendu du ibartarrak joan den sasoian erakutsi zituela «lehen dohainak», eta honetan «aurrerapauso bat» eman duela, «lasterketak irabazita eta gehienetan faborito izanda»: «Euskal tropelean fisikoki zerbait desberdina zuen, ondo moldatzen zen igotzen eta ordekan min egiten zuen. Indarra du, ausarta da, dena ematen du eta iraingarria da».

«Taldekide ona, apala eta langilea»

Txirrindulari moduan dituen gaitasunez gain, bai Gaztañagak, bai Jorge Azanza Euskaltel-Euskadiko kirol arduradunak Zubeldiaren alde humanoa nabarmendu dute. «Etorkizun hurbilerako txirrindulari garrantzitsua izan daitekeela uste dugu. Taldekide ona da, oso apala eta langilea da. Gainera, ikasten ari da, eta meritu handia du horrek. Espero dugu horrela jarraitzea», adierazi du Azanzak.

Ibartarrak adierazi du Laboral Kutxan egindako bi denboraldiak «aipatu nahi» dituela, «lankide eta laguntzaile ikaragarriak ezagutzeko» aukera izan duelako, eta «haiengandik txirrindulari eta pertsona gisa hainbat balio ikasi» dituelako. Atzerago ere jo du, eta eskerrak eman «ametsa» betetzen lagundu dieten guztiei, «bereziki, Tolosako Oriako eskolari». Bertan hasi baitzen pedalei eragiten.

Datorrenera begira, Zubeldiak adierazi du «pausoz pauso» joan nahi duela, «mailara egokitzen, eta taldekideei laguntzen, haiengandik ikasten» duen bitartean. Horrela, «ea garaipenen bat» lortzen duen.