NAIZ

Oiartzunek eta Azpeitiak euren dinastiak handitzen jarraitu nahi dute Gipuzkoako Herriartekoan

Urolakoek bederatzigarren txapela nahi dute, bide batez, iazko arantza kenduz. Hasiera batean, iazko finala baino irekiagoa espero da eta oarsoaldeakoak errepikatu eta hirugarrena janzteko irrikitan dira.

Azpeitia eta Oiartzuneko pilotariak, duela bi urteko finalean.
Azpeitia eta Oiartzuneko pilotariak, duela bi urteko finalean. (Maialen ANDRES/FOKU)

Zalantzarik gabe, Azpeitia eta Oiartzun, Oiartzun eta Azpeitia dira azken urteetako esku pilotako herririk indartsuenak, ez alperrik, larunbat honetan Atano III.ean (16.30etan hasita) jokatuko dutena elkarren artean jarraian jokatzen duten hirugarren finala izango da, zortzigarrena jarraian Ilunpekoentzat. Duela bi urte azpeitiarrak nagusitu ziren, iaz oiartzuarrak eta ikusteke nor den bere dinastia luzatzeko gai, bederatzigarren txapela lukete lehenek, hirugarrena bigarrenek.

Lehen bi partidak erosotasunez irabazita, oiartzuarrek iaz erraz atera zuten finala aurrera, baina aurten lehia biziagoa espero da, kadeteen mailan Sarasua-Artetxe azpeitiarrei lehen puntua ateratzeko aukera handiak ikusten baitizkiete adituek. Jubeniletan, aldiz, Leonet-Landa oiartzuarrek dirudite faboritoak eta erabakigarria suertatu daitekeen nagusien mailako partida nahikoa irekia aurreikusten da.

Bide desberdinak

Txapelketaren koadroko eskailera desberdinetan kokatuta, bi taldeen aurtengo jarduna oso desberdina izan da. Alberdi anaiek eta Egigurenek profesionaletarako jauzia eman zutenean askok uste izan zuten Azpeitiak lanak izango zituela txapelketa honetan, baina harrobiak pilotari oso onak ematen jarraitzen du eta erraz egin dute finalerako bidea; tartean, Larraul, Amezketa eta Andoainen aurka partida bakarra galdu gabe. Are gehiago, tantorik gehien dizkietenean ere aurkariak ez dira 12 tantotik igaro eta, aukeran, errazegia ere izan da bidea, baina Herriartekoa halakoxea da.

Oiartzunek, bere aldetik, dezente gehiago sufritu behar izan du Atano III.era heltzeko; ez bereziki lehen bi kanporaketetan Zaldibiari 6-0 eta Azkoitiari 4-2 gailenduta, baina bai Ataunen aurkako finalerdietan, talde bakoitzak hiruna partida irabazita, tanto aldeak erabaki baitzuen finalerako txartela oiartzuarrarentzat.

Azpeitian zenbait autobus bete dira finalera joateko eta Oiartzungo zaleek ere ez dute hutsik egingo eta giro beroa espero da beti polita izaten den zita honetarako.

Guardiak jantzi zuen Arabako Herriarteko txapela eta hurrengo asteetan jokatuko dira Bizkaia eta Nafarroako finalak. Barakaldon, datorren ostiralean, Zaratamok eta Markina-Xemeinek jokatuko dute eta nafarren kasuan finalak uztailaren 1ean jokatuko dira. Leitzak bi final jokatuko ditu, Beraren aurka Herriarteko txikian eta Iruñea-Oberenaren aurka nagusian.