NAIZ

‘Lehen saiakera’, migratzaileek Bidasoako mugan bizitakoa kontatzen duen dokumentala

Mondragon Unibertsitateko hiru ikaslek ‘Lehen saiakera’ dokumentala aurkeztu dute. Bidasoako ibaia zeharkatzeko migratzaileek egin beharreko saiakeren inguruan hitz egiten du dokumentalak protagonista ezberdinen ahotsetatik.

Bidasoako muga zeharkatzeko saiakerak ditu hizpide Marina Perosanz, Natalia Berridi eta Yurena Carrero Mondragon Unibertsitateko ikasleek ekoitzi berri duten dokumentalak. ‘Lehen saiakera’ jarri diote izenburua, eta Irungo topoko irudiekin hasten da dokumentala; ikuspegi ezberdinetatik bidaia horren berri ematen du, Euskal Herriak harrera herria izan behar duela aldarrikatuz. SOS Arrazakeriaren webgunean eta YouTuben dago ikusgai.

Ikusleak Irunetik Baionara arteko bidaia egiten ahalegintzen den pertsona baten begietatik ikusten du dokumentalaren zati handiena. Tartean, bidaia horretan lagun izan dituzten edota gaiaren inguruan adituak direnenen testigantzak jasotzen dira, Amets Arzallusen bertsoekin batera. «Txoriak eta txanponak dira/ libra dabiltzan bakarrak» hendaiarraren bertsoarekin amaitzen da dokumentala.

« -Eta muga non dago? / -Zubi hau da muga (Santiago zubia seinalatuz)» galdera-erantzun labur horrekin abiatzen da dokumentala, eta protagonistek azaltzen dute behin baino gehiagotan errepikatzen den galdera horren jatorria. Migratzaileak «muga fisiko bortitzetara» daudela ohituta azaltzen du dokumentalak, eta Irundik Hendaiara igarotzeko zubia ikusten dutenean, harrituta geratzen direla. Poliziak ere ez daude beraiek espero bezala leku zehatz batean, baina edozein tokitan aurki ditzakete eta hori omen da zailena, espero ez duten lekuan topatzea. «Saguaren eta katuaren jolasean» ibiltzen direla salatzen dute ikus-entzunezkoan: «Psikologikoki gogorragoa da hemengo muga –Bidasoakoa–, batzuk harrapatzen dituzte, beste batzuk ez, ez dakizu noiz harrapatu zaitzaketen…».

Hendaia, lehen geltokia

Bidaia sarritan Irun-Hendaia gisa irudikatzen dela kontatzen da dokumentalean, baina migratzaileek, izatez Irun-Baiona bidaia egiten dute, eta behin Hendaiara iritsita ere oztopo handiak topatzen dituzte bidean jarraitzeko. Poliziaren kontrol iraunkorrik ez baldin badago ere, autobusa edo trena hartutakoan etengabe Poliziaren kontrolak aurkitzen dituztela kontatzen dute.

Baiona izaten dute helmuga, bertako aterpetxean ostatu hartu eta bidean jarraitzeko. Poliziak, baina, edozein momentutan harrapatu eta Bidasoan bestaldera bidali ditzake migratzaileak.

Abdoulaye Sarr SOS Arrazakeriako kideak kontatzen du bidaia abiatzerekoan «ideiak bakarrik» dituztela, eta behin iritsitakoan ideia horiekin bat ez datorren herri bat aurkitzen dutela: «Ulertzen ez dugun hiri eta gizarte bat topatzen ditugu, eta erraz galtzen zara horrela».

Etengabekoa da migratzaileen ahalegina; Gari Garaialde fotokazetariak azaltzen du hori: «Etengabe saiatuko dira lortu arte, bidaian hiru urte daramatzan pertsona bat saiakera huts batek ez du amore ematera eramango, berriro saiatuko da». Bidean egindako inbertsio ekonomiko, tenporal eta ahaleginari ere egiten diote erreferentzia

Migratzaileen eskubideen eta estatuek ezartzen dituzten debeku zein delituen inguruan ere hitz egiten du dokumentalak; «falta administratiboa eta delitua ez dira gauza bera», defendatzen dute; eta migratzaileek zein laguntza elkarteek zein debeku eta zigor jaso ditzaketen aurkezten dute adituek.

Ertz askotako bidaia

Zortzi ahots jasotzen ditu dokumentalak, zortzi parte-hartzaile nagusi elkarrizketatzen baitituzte: Eva Aranguren (psikologoa), Gari Garaialde (argazki kazetaria), Abdoulaye Sarr (SOS Arrazakeriako erreferente heldurik gabeko gazte migratzaileen harrera teknikaria), Lutxi Bortayrou (Diakite Elkarteko zuzendaria), Iker Barbero (Zuzenbideko eta Zuzenbidearen Filosofiako irakaslea EHUn), Peio Aierbe (Gipuzkoako SOS Arrazakeriako koordinatzailea), Anaitze Agirre  (Kazetaritzako irakaslea EHUn, migrazio ikertzailea), Koldo Nausia Montenegro (Antxeta Irratia) eta Amaia Fontang (Etorkinekin Federazioko kidea).