Tourra larunbatean Euskal Herritik abiatuko dela probestuz Gure Eskuk ‘Euskal Herria mundura - Euskal Herriak erabaki’ kanpaina martxan jarri zuen eta asteburu honetan hainbat ekimen izan dira txoko ezberdinetan.
Nafarroan, Gure Esku eta Nafarroa Berriz Altxak Etxauriko gainean egin dute topo, nafar zikloturisten gune ezagunenetako batean, ekimena babesteko. «Nazioartera mezu argia zabaldu nahi dugu: hemen erabaki nahi duen zazpi lurraldeko herri bat dagoela», azaldu dute ohar baten bidez. Tourra Nafarroatik pasako ez den arren, igande honetan Gure Eskuren ekimena babestu nahi izan dute eta datozen aste eta hilabeteetan izango dituzten bi deialdiak gogora ekarri dituzte.
Nafarroa ez, baina uztailaren 3an Tourrak Bidasoa gurutzatuko du, eta ibaiaren bi aldeetan herri bera dagoela erakusteko Santiago frontoian elkartuko dira 12:00etan kalejira bidez Santiago zubira hurbiltzeko. Bestetik, irailaren 9 eta 10ean Vuelta Nafarroan izango da. Lehenengo etapa Larra-Belaguan amaituko da eta, Nafarroa Garaian amaitzen bada ere, Ipar Euskal Herriko lurrak gurutzatuko ditu. Bigarren etapa Iruñean hasi eta Lekunberrin amaituko da, Etxauritik ere pasako da eta egun horretara ere Tourrean zabalduko duten aldarria eraman nahi dute.
Ez zen hau asteburuko zita bakarra izan. Ondarroan ere ‘Euskal Herriak erabaki’ bizikleta martxa antolatu zuten.
🚴🏻♀️ "Euskal Herriak erabaki" bizikleta martxa egin dute gaur Ondarrun!
— Gure Esku (@gure_esku) June 24, 2023
Hurrengo asteburuan ikurrinak eskuan errepide bazterretara aterako dira erabakitzeko eskubidea aldarrikatzera.
✍🏾https://t.co/lbeKzvBi6w#EuskalHerriakerabaki #Basquesdecide pic.twitter.com/U4zu987595
Bakion ere izan zuten hitzordua. Tourra bertatik pasako da eta Gure Eskuren deialdia bere eginez, Bakioko ume, gazte, zein helduk, bizikletan zein oinez, ongi etorria prestatu diote ‘Turtxo’ ekimenari. «Turtxo-k Tourreko tropeletik ihes egin du eta mezu bat helerazi nahi die bakiotarrei: zergatik atera behar diren kalera datorren uztailaren 1ean ikurrinak eskuetan: Euskal Herria bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prest dagoelako, 7 lurraldek osatzen dutela aldarrikatzeko, nazioarteko edozein kirol lehiaketatan herri gisa parte hartu nahi dugula adierazteko eta Europako hizkuntz zaharraren jabe izateaz harro gaudelako», adierazi dute.
Lekeition ere Isuntza arraun taldeak argazkia atera zuen, ekimenarekin bat eginez.
Isuntza arraun taldeak erabakitzeko eskubidea aldarri!
— Gure Esku Lekitxo (@gureeskudagoLek) June 25, 2023
Euskal Herria mundura!#Lekeitio #EuskalHerriakErabaki#BasquesDecide @gure_esku pic.twitter.com/kZduwLcmCv
Hegoaldetik iparraldera eginen du lasterketak eta hirugarren etapak Baionan izango du helmuga. Bertan ere deia egin dute. «Euskal Herria zazpi lurraldeko nazioa delako eta guk hemen erabaki nahi dugulako, gazteok ere ikurrinekin errepidetara aterako gira», adierazi du Irantzu Idoiate bertsolariak.
🗣️ Irantzu Idoiate bertsolaria: "Euskal Herria zazpi lurraldeko nazioa delako eta guk hemen erabaki nahi dugulako, gazteok ere ikurrinekin errepidetara aterako gira"
— Gure Esku (@gure_esku) June 25, 2023
✍🏾 https://t.co/lbeKzvBi6w
Euskal Herriak erabaki!@TourIparEH#EuskalHerriakerabaki #Basquesdecide pic.twitter.com/RSCD451Dtr