Maite Ubiria

EH Baik eta EH Bilduk «ez garela ez frantsesak ez espainolak» erakustera animatu dute

Tourrak Euskal Herriko errepideak zapalduko dituela baliaturik «hemen bi estatuetan banatutako herri bat dagoela» erakusteko gonbidapena zabaldu dute, gaur eguerdian, Txingudiko behatokitik Euskal Herria Bildu eta Euskal Herria Baiko ordezkariek.

EH Bildu eta EH Baiko ordezkariek Tourra kari euskal nortasuna agertzeko gonbidapen bateratua egin dute gaur eguerdian Hendaiatik.
EH Bildu eta EH Baiko ordezkariek Tourra kari euskal nortasuna agertzeko gonbidapen bateratua egin dute gaur eguerdian Hendaiatik. (@Naiz)

Bidasoaren bi aldeetako hainbat ezkerreko hautetsi abertzaleren laguntzaz heldu den uztailaren 1ean Bilbotik abiatuko den Tourra Euskal Herrian izanen den bitartean «ez garela ez espainolak ez frantsesak» erakusteko gonbidapena egin dute gaur eguerdian Hendaiatik Euskal Herira Baik eta Euskal Heria Bilduk.

Bi mugimendu politikoen izenean Mathilde Hary EH Baiko bozeramaileak eta Unai Urruzuno EH Bilduko bozeramaileak hartu dute hitza, hurrenez hurren, frantsesez eta euskaraz idatzitako adierazpena irakurtzeko.

Uztailaren 1etik 3ra «begi asko» Euskal Herriko errepideetara begira egongo direla azaldu ondoren Tourra «kirol ikuskizun hutsa izatetik haratago doan gizarte ikuskizuna» dela gaineratu dute, lasterketa horren denboran, urtero urtero, «euskal marea Pirinioetara joaten denean planetako txirrindularitza onena ikustera» agerian gelditzen den bezala.

Aurten, ordea, ez da urrutira joateko beharrik izanen txirrindularitzaz gozatzeko, «milioika eta milioika pertsonak jarraituko duten gertaera hori» Euskal Herriko errepideetan ibiliko delako.

EH Bai eta EH Bilduren esanetan, horren aukera paregabea eskainiko du «munduari erakusteko hemen bi estatutan banatutako herri bat dagoela, eta ez garela ez frantsesak ez espainiarrak, euskaldunal garela, Euskal Herrikoak».

Era berean, nabarmendu dute Tourrari esker aukera berezia sortu dela Euskal Herria «bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabaki nahi duen herria dela» adierazteko.

Horrendako, Euskal Herria Bilduk eta Euskal Herria Baik txirrindularitza lasterketa famatuenak ondoko egunetan hartuko dituen euskal errepideen bazterretan egotera animatu ditu herritarrak eta «hemen herri bat dagoela eta bere etorkizuna erabaki nahi duela aldarrikatzeko» ondoko egunetan antolatuko diren ekimenetan parte-hartzeko gonbidapena egin dute.

Agerraldiaren amaieran, «telebistaren bidez edo bertatik bertara lasterketa jarraitzen ari diren guztiei Euskal Herria ikusten ari direla eta ez garela ez espainolak ez frantsesak erakustera» animatu dituzte euskal herritarrak akordio estrategiko baten bidez lotuak diren aipatu mugimendu politikoek.