NAIZ
Donostia

Koxk! elkartasun festaren seigarren edizioa antolatuko du igandean Zaporeak elkarteak Donostian

10.000 pintxo baino gehiago izango dira igande honetan Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan, Zaporeak proiektuak Grezian errefuxiatuen alde egiten duen lana bultzatzeko.

Iaz Astigarragan egin zen Koxk! festaren irudia.
Iaz Astigarragan egin zen Koxk! festaren irudia. (Jon URBE | FOKU)

Igande honetan, uztailak 2, Zaporeak elkarteak Koxk! (Egin koxk elkartasunari!) gastronomia eta elkartasun festaren seigarren edizioa antolatuko du Intxaurrondoko Bernart Etxepare plazan. Festaren helburuak Zaporeak proiektura bideratuko den dirua biltzea eta «sukaldeak kalera ateratzea» izango dira.

Donostian egindako agerraldian azaldu dutenez, igandeko zitan hamarnaka postu izango dira jaigunean zehar banatuak. «Postu horietan jendeak taberna, jatetxe eta elikadura enpresen pintxo eta produktuak dastatzeko aukera izango du. Guztira, 10.000 pintxo baino gehiago izango dira Koxk!-en salgai jarriko direnak».

Pintxo horiek guztiak postua jartzen duten taberna eta jatetxeek doan ematen dizkiete Zaporeak proiektuko kideei. Hainbat sukaldari ere izango dira postuetan publikoarentzako zuzenean kozinatzen.

Pintxo dastaketarekin batera Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak Sari Nagusia ere eginen da, Idiazabal Gazta Jatorrizko Izendapenarekin elkarlanean. Lehiaketak Elena Arzak eta Amaia Ortuzar sukaldariak; Juan Carlos Etxeberria, Josema Azpeitia eta Juanjo Mendioroz kazetariak; eta Mari Jose Garcia eta Inaxio Abezia Idiazabal Gaztaren teknikariak izango ditu epaimahaikide gisa.

Sukaldarien erakustaldiak ere izango dira. 12:30ean Aratz Jatetxeko Xabier Zabaleta igoko da sukaldera Koxk!-era eramango duen pintxoaren xehetasunak azaltzeko.

Hala ere, jaia lehenago hasiko da. 11:00etako irekiera ekitaldiaren ondotik, Aitor Medizabalen bertsoek eta Ereintza Dantza Taldeko dantzarien aurreskuak emanen diote hasiera egunari.

Zaporeak Proiektuak ere urtean zehar egitasmoa lagundu eta babestu duten norbanako eta elkarteei ere esker ona erakutsiko die 13:30ean egingo den ekitaldian. Bertan eskertza jasoko dute Pedro Subijana, Juanjo Alvarez, Fernando Barcenas, Banco De Alimentos De Gipuzkoa, Fagor, Maskarada, Albaola, Salto Systems, Aitor Santamaria Sukaldean eta EITBk.

Laguntza Greziara

Zaporeak Proiektuak bere laguntzarekin jarraitzeko dirua biltzea du xede nagusi, errefuxiatuei laguntza ematen jarrai dezan. «Greziako asilo eskatzaileen egoerak oso larria izaten jarraitzen du, laguntza behar izaten jarraitzen dute, baina Greziako erakundeek ez digute laguntza hori iristen laguntzen». Horregatik, Zaporeak elkarteak 2.000 anoa janari duin eta elikagarri baino gehiago prestatzen ditu egunero.