Jon Ormazabal

Masterseko ia fitxa berak, beste era batera nahastuta, sanferminetako feriarako

Imazen ordez arituko den Aranguren izango da berrikuntza bakarra; Peña II.a-Albisu, Elordi-Martija eta Larrazabal-Mariezkurrena II.a ariko dira A multzoan eta Altuna III.a-Rezusta, Jaka-Aranguren eta Ezkurdia-Zabaleta B taldean.

Torneoan parte hartuko duten pilotariak, San Fermin kaperan.
Torneoan parte hartuko duten pilotariak, San Fermin kaperan. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Txapelketa nagusien presio eta zurruntasunik gabe, uda izaten da, pilota munduan, bestela ikusi ezin diren partida edo desafioak ikusteko garaia. Enpresek, ordea, abuztura arte behintzat, ez dute batere arriskatu nahi izan eta Mastersean erabiliko dituzten pilotari ia berak aukeratu dituzte udako torneorik garrantzitsuenerako. Aldaketa bakarra Imazen ordez ariko den Aranguren izango da, Binakakoan bezala, Jakarekin jokatuz. Hori bai, Mastersean bikoteak mistoak izango diren bitartean, Labriten enpresa bereko pilotariek osatuko dituzte bikoak.

Lehiaketa sisteman ere berrikuntza gutxi dakartza aurtengo udako lehen feriak eta sei bikote ariko dira lehian, bi multzotan banatuta. A taldean Peña II-Albisu, Elordi-Martija eta Larrazabal-Mariezkurrena II ariko dira eta B taldea, berriz, Altuna III-Rezusta, Jaka-Aranguren eta Ezkurdia-Zabaleta. Hau da, iaz Mariezkurrenarekin garaipena eskuratu zuen Iñaki Artola kanpoan utzi du Baikok. Izen berriei dagokionez, Mastersean bezala, Aitor Elordi txapelduna eta Iker Larrazabal lirateke berrikuntzak aurreko urteei erreparatuta.

Finala, arratsaldez

Binakako torneoa uztailaren 7an hasiko da, gauez, baina eguerdian jokatuko den lau eta erdiko finala zein den ezagutu arte ez dago zehazterik zein partidarekin. Lehen fasean multzo bakoitzean ligaxka bat jokatuko da eta talde bakoitzeko onenek jokatuko dute finala. Ohi bezala, lehiaketa uztailaren 14an amaituko da, arratsaldez.

Finalaren bezperan, olioaren desafioa jokatuko da eta hor izango dute torneoan jokatzeko esperantzaren bat zuten pilotariek jokatzeko aukera. Peio Etxeberriak eta Mikel Urrutikoetxeak lau eta erdian jokatuko dute eta Artola eta Dariok buruz buru. Binakako partida torneoko finalaren araberakoa izango da.