NAIZ

Sexu-abusuen erdia familia ingurunean ematen da eta biktimen %81 neska nerabeak dira

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan sexu-abusuen erdia familia ingurunean gertatzen da eta biktima gehienak 14 eta 17 urte bitarteko neska nerabeak dira, Nerea Melgosa Lakuako Gobernuko Berdintasun sailburuak zehaztu duenez.

Sexu-abusu gehienak neska nerabeek jasaten dituzte.
Sexu-abusu gehienak neska nerabeek jasaten dituzte. (Getty Images)

Sexu-abusuen bi kasutatik bat familia ingurunean ematen da, gehienak neska edo emakume nerabeen aurka, Nerea Melgosa Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak zehaztu duenez. Xeheki, «sexu-abusuen kasuen %81 neska edo emakume nerabeei dagozkie, gehienak 14 eta 17 urte bitartekoak».

Datu hauek ‘Kontaidazu zer gertatu zen: Indarkeria jasaten duten haur eta nerabeak elkarrizketatzen’ ikastaroaren irekieran eman ditu asteazken honetan Donostian, Iñaki Subijana EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidentearekin eta Jose Luis de la Cuesta Kriminologiaren Euskal Institutuaren zuzendariarekin batera, besteak beste.

Ertzaintzaren datuen arabera, 2020an 1.459 adingabe izan ziren delitu baten biktima, eta tratu txarrak edo familia barruko indarkeria lehenetsi ziren (657 adingabe). «Euskadi kohesio sozial, elkartasun eta giza eskubideen defentsa maila altua duen herrialdea da, baina, aldi berean, egunero indarkeria oso larriak jasaten dituzten haur eta nerabeak daude», nabarmendu du sailburuak.

Bere ustez, «itxura guztien arabera, icebergaren tontorra da». «Tratu txarren eta abusuen kopuru beltz bat ez da salatzen beldurragatik, nahasmendu disoziatiboak daudelako, haurrak ez duelako elementurik egin diotena ulertzeko edo adierazteko, edo errua leporatuko dioten edo sinetsiko ez dioten beldurrez», azaldu du.

Gaineratu du gero eta sexu-indarkeria kasu gehiago salatzen direla: 2020an 159 salatu ziren, eta 2016an 128. Melgosak ziurtatu duenez, «salaketa dagoenean, biktimentzako prozesu judizial gogor bat hasten da, haurtzarorako egokitu gabeko ingurune batean, eta urteak luza daitezke, eta duela gutxira arte, trauma berpiztera behartzen zituzten, defentsak haien testigantza zalantzan jar zezakeen deklarazioetan».

Plan estrategikoa

2022-2028 aldirako Lakuako Justizia Plan Estrategikoan ‘Justizia eta adingabeak’ izeneko proiektu bat sartu da. Proiektu horren helburua Justizian adingabeentzako sarbidea eta arreta hobetzea da, haien behar espezifikoen arabera.

Proiektuak beren eskubideei eta eragiten dieten prozedurei buruzko informazio egokitua ematen die adingabeei. Gainera, haurren aurkako indarkerian espezializatutako zigor arloko epaitegiak behar direla nabarmentzen du, edo Barnahus proiektu pilotua ezarri behar dela.

Save the Childrenen arabera, lege sisteman sartzen diren sexu-indarkeriako kasuen %70 inguru ez da inoiz ahozko epaiketara iristen. «Oso garrantzitsua da Justizia haurren eta haien beharren mailan jartzea; izan ere, sistemari aurre egiten diotenean, ulertu ezin duten helduen mundu beldurgarri batean ikusten dute beren burua», sailburuak azpimarratu duenez.

«Euskadin, dagoeneko, haurren eta nerabeen aurkako indarkeria prebenitzeko estrategia bat dugu, indarkeria goiz prebenitzeko eta detektatzeko, eta arreta, babes eta erreparazio eraginkorragoa eskaintzeko», erantsi du.

Sailburuak gogorarazi du astearteko Gobernu Kontseiluan Haur eta Nerabeen Legearen proiektua onartu zela. «Proiektu honek giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen ezarpen osoa eta zuzena sustatu eta bermatzen du, adingabe guztiak edozein erako indarkeriatik babesteko esparru guztietan», esanez amaitu du.