NAIZ

Tokian toki hainbat hitzordu eman ditu Bagirak iritziak biltzeko prozesuaren baitan

Aberri Egunak utzi zuen zapore goxoak lagundurik etorkizuneko mugimendu abertzalea denon artean irudikatzeko bidean inkesta abian eman zuen Bagirak. Uztailaren hondarrean amaituko den iritzi bilketa hori bultzatzeko xedez tokian toki hainbat bilera antolatu ditu ondoko egunetan.

Iragan apirilean Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga markatzeko Aberri Eguna antolatu zuen Bagirak.
Iragan apirilean Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga markatzeko Aberri Eguna antolatu zuen Bagirak. (@Bagira)

Bi Aberri Egunen artean luzatuko den gogoetarekin jarraituz, inkesta handia eman zuen abian Bagirak Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea XXI. mendeko erronketara egokitzeko prozesuaren baitan.

Dagoeneko 600 erantzun inguru jaso ditu Bagirak badira aste batzuk banatu zen inkesta horren baitan.

«Ehunka militante inplikatuenen zirkulua gainditu dugu, eta gero eta profil anitzagoen iritzia biltzen hasi gara», azaldu du dinamika horren partaide den Ximun Lacroixek.

Bestalde, inkestaren prozesuak mugimendu abertzalearen oinarria osatzen duten pertsonen aldetik ahalik eta erantzun gehien lortzeko martxan eman dutela oroitarazi du.

«Inkesta hau noizbehinka manifestazio batean mobilizatzen diren edo ekimenetan puntualki laguntzaile gisa parte hartzen duten pertsonei zuzendua da; baita toki mailan engaimendua hartzen dituzte jendeei ere», gaineratu du Bagirako kideak.

«Berdin ikastoletako burasoak, herriko kultur elkarteetako kideak, kontsumitzaile kooperatibetan jarduten duten lagunak, gazte egituretan murgiltzen diren jendeak zein tokiko bizitza politikoan inplikatzen diren herritarrak», finean, modu batean edo bestean, mugimendu abertzaleak biziarazten dituen ekimenetara lotzen diren herritar guztiek ahal dute inkesta prozesu horren bidez haien iritziak eta gogoetak eman, azaldu du, bestalde, Anita Lopepek.

Lurraldeka antolatu da Bagira

Ahalik eta jende eremu zabalenarengana iristeko, iazko abenduan Bidarrain ezagutzera eman zen Bagira dinamika lurraldeka antolatu da.

Inkesta beren sareetan zabaltzeko laguntza emateko prest diren pertsonei gonbidapen berezia egin die, oraingoan, dinamika honek tokian toki antolatuko dituen hitzorduetara bertaratzeko.

«Inkestari buruz trukatzeko momentua izanen da baita ere, galderak egiteko eta erronkak aipatzeko», gaineratu du agiri baten bidez Bagirak.

Heldu den asteazkenean, uztailaren 5ean, hiru hitzordu ezarri ditu ondoko herrietan: Izuran, Uztaritzen eta Biarritzen. Ostegunean, uztailaren 6an, bilera bi deitu ditu, bata Donapaleun eta bestea Ziburun. Finean, uztailaren 7an, ostiralarekin, bilkura antolatu du Senperen.

Bagirak informazio gehiago zabalduko du ondoko egunetan tokiko hitzordu horiei buruz bere sare sozialen bitartez.

Emaitzak udazkenean jakinaraziko dituzte

Finean, dinamika honek oroitarazi duenez inkestaren antolatzaileek uztailaren 23ra arteko epea eman dute erantzun berriak jasotzeko.

Inkesta udan zehar aztertu ondotik emaitzak udazkenean eginen dituzte publiko.

Hain zuzen, inkestaren erantzunak Ipar Euskal Herriko Mugimendu Abertzale berria eratzeko xedez idatzi beharko den «bide-orri partekatua» elikatzeko abiapuntu izanen dira.

«Abertzale sentitu eta Euskal Herri burujabe, solidario, jasangarri, justu, feminista eta euskalduna eraiki nahi duen orok iritzia ematea nahi genuke» berretsi du Ximun Lacroixek Bagiraren izenean herritarrei erantzunak bidaltzeko gonbidapena zabalduz.