Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Uda sasoian, azala ez ezik, begiak ere mimoz zaindu beharra dago

Aire girotuaren gehiegizko erabilera, itsasoko eta igerilekuko ura, eguzkia eta izpi ultramoreak. Uda ez da izaten sasoi samurra begien osasunerako eta halaxe nabarmendu dute oftalmologoek. Azala bezala, begiak ere arduraz zaindu behar dira udan.

Alergiak dituztenek arazo gehiago izan ohi dituzte urte sasoi honetan.
Alergiak dituztenek arazo gehiago izan ohi dituzte urte sasoi honetan. (GAUR8)

Udan azala kontu handiagoz zaindu behar dela barneratuta daukagu, oro har. Bada, begiek ere zaintza berezia behar dute sasoi honetan. «Udan gure ohiturak aldatu egiten dira. Eguzki gehiago, ordu gehiago aire librean, itsasoa, igerilekuak, aire egokitua... urteko gainontzeko egunetako errutina hausten dugu udan eta horrek begiei eragin diezaieke. Horregatik garai honetan begiekin ardura berezia izatea komeni da, batez ere biztanleriaren parte batek». Horrela mintzo da Juan Duran oftalmologoa, ICQO institutuko zuzendari medikua.

Hartara, udan ohiko bihur daitezke konjuntibitisa, hantura, fotosentikortasuna, narritadurak eta infekzioak. Egunerokoan pauta erraz batzuk jarraitzea nahikoa da begien osasuna zaintzeko: eguzkitik babesteko betaurrekoak edota bisera, begi-ingurua eguzkitik babesteko krema, begiak hidratatzeko malko artifiziala eta higiene ona.

Duranek nabarmendu duenez, begiekin ardura berezia izan behar dute udan ukipen-lenteen erabiltzaileek, begietako kirurgia motaren bat izan duten pertsonek, alergiak dituztenek edota fotosentikortasuna dutenek, esaterako.

Eguzkitan luze egoteak kalte egin diezaieke begiei. Dermatologoek abisua emana dute eguzki gehiegik azalean egin dezakeen kalteaz. Bada, begiekin ere kontuz ibili beharra dago. «Jakina da gehiegizko eguzkiak higadura handiagoa eragin dezakeela erretinan. Adibidez, begi lausoen ebakuntza izan duten pertsonek kontu handiagoz ibili behar dute eguzkiarekin, argi gehiago sartzen zaie eta».

Badirudi makularen endekapen kasuetan ere -ikusmen-gutxitzearen kausa oso ohikoa- eguzkiak eragin handia izan dezakeela, indize ultramoreek kalte egin dezaketelako.

Betaurrekoak eta biserak

Kontua izan behar da gehiegizko eguzkiarekin, azalarekin ez ezik, baita begiekin ere. Duranek eguzkitako betaurrekoak eta biserak gomendatzen ditu. «Niri biserak asko gustatzen zaizkit, begiak babesteko oso egokiak direlako. Jende askok lasaitu handiagoa sentitzen du biserarekin betaurrekoekin baino. Eta umeentzat bereziki gustatzen zait bisera, betaurrekoak baino gehiago. Zaila da haurrek betaurrekoen erabilera egokia egitea». Beraz, Duran medikuak garbi dauka: udan nahitaezko aliatu izan behar dute biserek eta eguzkitako betaurrekoek.

Eguzkitako betaurrekoak, biserak edo kapelak eta eguzkiaz babesteko kremak ezinbestekoak dira uda sasoian (GAUR8)

«Badakigu eguzkiak erretina higatzen duela eta zaindu beharra dagoela. Gainera, gero eta urte gehiagoz bizi gara eta begietan arazoak izateko aukera handiagoa dugu. Beraz, prebentzio modura, garrantzitsua da begiak zaintzea eta eguzkitik babestea».

Badira egunerokoan har daitezkeen neurriak, errazak eta eraginkorrak izan daitezkeenak. «Udan bidaia luzeagoak egin ohi ditugu, hegazkinez, autoz, trenez... Horietan aire egokitua jarrita egoten da eta horrek asko murrizten du inguruneko hezetasun maila. Ondorioz, ohikoa da begiak lehortzea, ukipen-lenteak erabiltzen dituztenen artean edo lehendik begi lehorrak dituztenen artean bereziki. Prebentzioa garrantzitsua da. Aire egokituaren erabilpenarekin kontuz ibili behar da. Ahal bada, ez dadila zuzenean begietara bideratu. Eta horrez gain, malko artifizialen erabilera ere egokia izan daiteke, begiak hidratatzeko», esan du Duranek.

Ukipen-lenteen erabiltzailearentzat sasoi berezia da uda. «Batetik, bidaia luzeetan begia lehortu egiten da, maiz aire egokitua dagoelako tartean. Horregatik, ukipen-lenteak dituzten askok nahiago izaten dute horrelakoetan betaurrekoak erabili. Bestetik, igerilekuan eta itsasoan ibiltzen gara eta horietan ere kontuz ibili behar da. Ukipen-lenteen erabiltzaileak ardura bereziz ibili behar du udan. Normalean eguneroko diziplina galtzen da, garbitasun pautak nahastu egiten dira eta infekzioren bat izateko aukera areagotu egiten da. Udan ohikoa da begietako arazoak areagotzea. Horregatik, kontuz ibili beharra dago. Eta igerilekuan eta itsasoan ibiltzeko, onena uretako betaurrekoak erabiltzea da, begia ez dadin urarekin zuzenean harremanetan egon. Eta haurrekin, berdin. Askotan ateratzen dira uretatik begiak gorri-gorri eginda. Egokiena da uretako betaurrekoak erabiltzea, begiak babesteko».

Gauetan oheratu aurretik malko artifizialak ere lagundu dezake begiak freskatzen eta lasaitzen. Haurretan ere erabili daitezkeela dio Duranen, «baina neurria galdu gabe». «Malko artifizialek freskotasun sentsazioa ematen dute eta arriskua dago gehiegi erabiltzeko. Neurrian erabili behar da; gauean oheratu aurretik, adibidez».

Eguzkitako betaurrekoak

«Eguzkitako betaurrekoa zenbat eta ilunagoa izan, orduan eta gehiago babesten du, baina gehiago murrizten du ikusmena. Ikusmen ahulagoa daukaten pertsonek babestu bai, baina ikusmena murrizten ez dien betaurrekoa behar dute. Oreka hori topatzea ez da erraza, oso pertsonalizatua da eta garrantzitsua da profesional baten iritzia eta aholkua izatea. Eguzkitako betaurrekoak ez dira osagai estetiko bat, begiak babesteko tresna bat dira eta profesionalen esku hartzea beharrezkoa da horiek aukeratzeko orduan», nabarmendu du oftalmologoak.

Eguzkitako betaurrekoen kristalen koloreak bere garrantzia dauka, balio estetikotik haratago. Gainera, kolore bakoitza pentsatuta dago hainbat eratako afekzioak zaintzeko eta babesteko. Adibidez, berdea hipermetropeentzat gomendatuta dago, haien ikuspegia eta kontrastea hobetzen baititu. Lente marroiak miopeentzat egokiak dira, baita kataratetan edo errefrakzio-kirurgian operatuta daudenentzat ere, argi-itzalen eremuak aldatzen dituzten argiztapen-espazioetara egokitzen baitira. Gainera, koloreen pertzepzioa gehiegi aldatzen ez duen kolorea da.

Beira horiak ere badaude, aurrekoek ez bezala, argitasun eta kontraste handia eskaintzen dutenak. Erretinako gaixotasunak dituzten pazienteentzat gomendatzen dira, eta argitasun gutxiko baldintzetan erabiltzea gomendatzen da; adibidez, ilunabarrean edo egunsentian gidatzeko.

Bestalde, grisak, kolore neutroagoa denez, edozein unetan erabiltzeko aproposak dira, baina koloreen pertzepzioa gutxien aldatzen duen kristala denez, fotofobia duten pertsonek erabiltzea gomendatzen da. Azkenik, teknologia aurrera doa eta udan gehien eskatzen den teknologietako bat polarizatutakoa da. Batez ere, hondartza zapaltzeko egokiak dira, itsasoak itsutu ez dezan.

Azken aholku gisa, garrantzitsua da jakitea eguzkitako betaurrekoek ez dituztela begiak bakarrik babestu behar. Betazalak erabat estaltzen dituzten batzuk aukeratu behar dira, beroak larruazalaren kolageno mailari kalte egiten diolako.

Begi-inguruaren zaintza

Begi-ingurua sentikortasun handiko azala da, erraz erretzen dena. Horregatik, garrantzitsua da babestea, bai eguzkitako betaurrekoekin bai babes kremak erabilita.

Juan Duranek azaldu duenez, «begi-ingurua boladan dagoen partea da. Zergatik? Betileen erraiak, betazalen ertzak, malkoa egonkortzen duten guruinak ditu. Guruin horiek ondo funtzionatzen ez badute, malkoa lurrundu egiten da eta ez du bere funtzioa betetzen. Horrek begi lehor gehiago eta eragozpen gehiago ekartzen ditu. Eta frogatu da, besteak beste, egoera mentalarekin duela zerikusia. Antsietatea duten pertsonei, estresa dutenei, gaizki lo egiten dutenei... guruin horiek nahasten zaizkie eta begietako ondoeza sortzen zaie. Askotan ikusten ditugu begi lehorrak dituzten pertsonak ez malkoa falta zaielako, guruin horien funtzionamendua nahastuta daukatelako baizik, eta askotan buru osasuna dago horren atzean. Maiz azaleko nahasmenduak dituen jendea izaten da, horiek ere antsietatearen ondorioz askotan. Begi lehorren mundua oso konplikatua da, kausa asko izan ditzake. Baina antsietateak eta estresak ere eragina daukate begien osasunean».

Beraz, laburbilduz, udan begiak zaindu beharra dago: aire egokituarekin kontuz ibili, itsasoan eta igerilekuan uretako betaurrekoak erabili, eguzkitako betaurreko egokiak aukeratu, bisera erabili eta malko artifizialak eskura izan.

Itsasoan eta igerilekuan uretako betaurrekoak erabiltzea gomendatzen dute oftalmologoek (GAUR8)