NAIZ

Aiora Renteria eta Izaskun Pinedo izango dira Bilboko Aste Nagusiko pregoilari eta txupinera

Aiora Renteria Zea Mayseko kantariak irakurriko du Bilboko Aste Nagusiko pregoia abuztuaren 19an Arriaga Antzokiko balkoitik. Harekin batera, Marijaia ez ezik, Izaskun Pinedo ere izango da, Pinpilinpauxa konpartsako kidea, Bilboko Konpartsek txupineratzat hautatua.

Aiora Renteriak eta Izaskun Pinedok piztuko dute aurtengo festa Bilbon.
Aiora Renteriak eta Izaskun Pinedok piztuko dute aurtengo festa Bilbon. (NAIZ)

Bilbok badaki dagoeneko nortzuk izango diren, Marijaiarekin batera, 43. Aste Nagusian pregoilari eta txupinera jardungo diren bi emakumeak. Aurten, Aiora Renteria Zea Mays taldeko kantariak irakurriko du pregoia eta Izaskun Pinedok jaurtiko du txupina.

Aiora Renteria Zea Mayseko kantaria izango da Bilboko Aste Nagusia 2023ko pregoilaria. (Jon URBE | FOKU)

Aiora Renteria (Bilbo, 1976) hautatu du Udalaren Jaietako Batzorde Mistoak pregoi irrikatua irakurtzeko, datorren abuztuaren 19an Bilboko Aste Nagusiari hasiera emateko. Azaldu dutenez, Zea Mays rock-talde euskalduneko kantari eta konposatzailea musikan egindako bide luzeagatik izan da hautatua: 25 urte baino gehiago egin ditu agertokietan.

Berarekin batera, 9 jai-egunetan zehar, Izaskun Pinedo izango da. Bilboko Konpartsek txupinera izendatu dute erizain bilbotar hau, Pinpilinpauxa konpartsako kidea dena gaztetatik. Hain zuzen, harrezkeroztik izan du ametsa Aste Nagusiari hasiera ematen dion txupina jaurtitzea eta txupinera janztea.

Izaskun Pinedo izango da Bilboko Aste Nagusia 2023ko txupinera.

Duela egun batzuk Aste Nagusia irudikatuko duen irudia aurkeztu zuten ere: ‘Bihotzez’, Eulogio Omaetxebarria Solaegi diseinatzaile grafiko gernikarrarena.