NAIZ

4.000 lagunetik gora mobilizatu dira ekaineko azken ostiralean, Sarek eta Etxeratek deituta

4.032 lagun baino gehiago mobilizatu ziren atzo Euskal Herriko hiri eta herrietan, Etxeratek eta Sarek deituta. «Euskal presoak trukerako txanpon gisa erabiltzen jarraitzen dute», salatu dute.

Iruñeko kaleetan ostiral honetan egin zen kalejira.
Iruñeko kaleetan ostiral honetan egin zen kalejira. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sarek eta Etxeratek deituta, 4.032 lagun baino gehiago mobilizatu ziren atzo Euskal Herri osoan ekaineko azken ostiraleko mobilizazioetan, «salbuespenezko espetxe politikari stop esateko» eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxerako bidea bukatzearen alde.

«Euskal presoak trukerako txanpon gisa erabiltzen jarraitzen dute Espainiako indar atzerakoienak. Herri hau iraganera ainguratzeko saiakera mantendu nahi dute hainbat alderdi politiko, judizial  eta biktimen elkarte jakin batzuek, eta helburu horrekin bat eginez, Espainiako justiziak, eta, zehazkiago, Auzitegi Nazionaleko sektoreek hauspoa ematen diete», adierazi du Etxeratek ohar baten bidez. 63 herri eta hirietan egindako mobilizazioen berri eman dute Sarek eta Etxeratek, baina beste hainbat herrietan elkarrateratzeak ere izan dira. Beraz, zifra, handiagoa izango da.

«Azpimarratu nahi dugu are eta Etxerat elkartearekin batera Iruñean hainbat eragilek, peñak, sindikatuak, eta abar, deitutako kalejira arrakastatsua. 800 lagun inguru atera ziren Iruñeko keleetara. Eta aipatzekoa da ere, Bilbon egindako bizikleta martxa», nabarmendu dute ohar baten bidez.

Juan Manuel Inziarte  errenteriarra, Joseba Borde ugaotarra eta Jose Mari Novoaren kasuak ekarri dituzte gogora. «Berriz ere, hirurak etxera itzultzeko prozesua  oztopatu dute, eta beren eskubideak nabarmen urratu dituzte».

Euskal presoek, batez beste, espetxean 20 urte egin dituztela nabarmendu zuten. «Horietatik bostek 30 urte baino gehiago eman dituzte preso. 7 euskal presok 70 urte baino gehiago dituzte, eta 16k gaixotasun larriak dituzte diagnostikatuta. Espetxean hiltzea nahi badute, argi esan dezatela».

Hauetako «ia guztiek» zigorraren erdia bete dute, eta «zati handi batek», zigorraren hiru laurdenak. «Lege arrunta aplikatuko balitzaie, espetxe-ibilbideari buruzko erabakiak epaile naturalak hartuko balitu, horietako asko eta asko kalean egongo lirateke. Lege arruntak ez du inola ere esaten zigorrak espetxeko harresien barruan bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz».

Horren aurrean, «elkarbizitzaren eta herri honen etorkizunaren alde lanean jarraitzeko» asmo irmoa azaldu du Etxeratek. «Etxera itzultzeko oztopoen aurrean, beharrezkoa da uda honetan herri bakoitzean deitutako mobilizazioetan parte hartzea».