Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Jakak orro handiagoa egin du Artolaren aurka eta Urruti izango du aurkari finalerdietan (22-19)

Lau eta erdikoa prestatzeko denbora gutxi izan badu ere, lizartzarrak ideiak argiagoak zituela erakutsi du gauza asko erakusteko dituen Artolaren aurka. Igandean jokatuko du finalerdia Urrutikoetxearen aurka.

Erik Jaka, pilota astintzeko prest.
Erik Jaka, pilota astintzeko prest. (Iñigo URIZ | FOKU)

Lau eta erdiko San Fermin torneoak finalerdi bat ezagutzen du jada. Erik Jaka eta Mikel Urrutikoetxea arituko dira nor baino nor igandean, Elgetan, uztailaren 7ko Labriteko finalerako txartela eskuratu nahian.

Jakak oso denbora gutxi izan du lau eta erdikoa prestatzeko. Ezkondu eta Afrikarantz abiatu zen oporretara. Bi aste dira bueltan dela, baina Artolaren aurkako partida hasiera ikusita, inork gutxi pentsatuko luke lehoien artean egon ostean pilotan aritu gabe aritu dela lizartzarra.

Izan ere, piloten "brilloaz" aprobetxatuta, 0-1a izan ezik, aurretik ipini da hasiera-hasieratik eta alde politak hartu ditu tantoak azkar amaituz eta pilotari abiadura handia emanda. Kontrako aldean Iñaki Artola ikusi dugu. Alegiarrak gauza asko ditu erakusteko. Binakakotik kanpo geratu zen eta bigarren mailako pilotarien artetik ateratzeko gogotsu dago, beti bezala, baina lehiaren lehenengo zatian ezin izan du bere joko luzea egin.

Saiatuta ere, alegiarrak ezin zuen minik egin, nahiz eta 6-3koarekin atsedenaldia eskatu eta ondoren 7-7 berdintzea lortu duen. Zailena eginda, ezin izan dio aurre hartu markagailuan eta Jaka 12-8 ipini da aurretik.

Berriro atzetik joanda, 12na berdintzea lortu du berriro ere Artolak, baina 16-12raino alde egin du lizartzarrak. Artolak beste atsedenaldi bat eskatu behar izan du, baina Jaka momentu horretan eroso zebilen eta 20-14raino alde egin du.

Artolari oso zaila jarri zaio partida, baina lehiaren azken zatian iritsi dira tantorik politenak eta gogorrenak. Adibidez, 20-17koan, oso tanto ederra ikusi da. Erritmoa eman diote bi pilotariek pilotari, bi pareta batzuekin, moztutakoekin... eta Artolak bizirik jarraitu du.

20-18 ere ipini da alegiarra sake baten bidez. Gainera, Jakari oso nekatuta nabaritzen zitzaion, Artolak bere jokoa egiten asmatu baitu. Hala ere, lizartzarrak zuen dena bere alde eta, nahiz eta 21-19koa egin duen alegiarrak, bere aurkariak txokoan amaitu du partida eta finalerdirako txartela eskuratu du. Bertan, igandean Elgetan, Urrutikoetxea izango du aurkari. Aurrelari bizkaitarrak beste lehia gogorra jokatu du jaialdiko lehen partidan eta ikusi beharko da bi pilotariek nolako errekuperazioa duten egun hauetan.

PARTIDAKO FITXA:

Jaka: 22

Artola: 19

Pilotakadak: 310. Iraupena: Ordu bete. Markagailua: 0-1, 3-1, 3-3, 6-3, 6-4, 7-4, 7-7, 11-7, 11-8, 12-8, 12-12, 16-12, 16-13, 18-13, 18-14, 20-14, 20-18, 21-18, 21-19 eta 22-19. Sakez egindako tantoak: 1 Jakak eta 4 Artolak. Jokoan egindako tantoak: 13 Jakak eta 10 Artolak. Galdutakoak: 5 Jakak eta 8 Artolak. Gertakariak: lau eta erdiko San Fermin torneoko partida Zaldibarren. Aitor Aranguren izan da Jakaren botileroa eta Mikel Artola bere anaia Iñakirena.