Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevue
Andrea Astudillo
Arraun Lagunakeko patroia

«Prestaketa bakoitzak bere momentuak ditu, eta uste dut ez garela gorenera iritsi»

Arraun Lagunakek oraindik ez du bere benetako maila erakutsi, Andrea Astudillo (Zierbena, 1999) patroiaren hitzetan. Sasoiaurrean Orioren eta Donostiarraren atzetik ibili dira. Iaz bigarren geratu ziren, baina ez zuten «disfrutatu»; 2021ean liga irabazi ostean, presioa haien kalterako izan zelako.

Andrea Astudillo Arraun Lagunakeko patroia Donostiako portuko aldapan.
Andrea Astudillo Arraun Lagunakeko patroia Donostiako portuko aldapan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Aste honetan alde batetik bestera dabil Andrea Astudillo Arraun Lagunakeko patroia, baina tarte bat hartu du elkarrizketarako. Donostiako portuan jarri du hitzordua, eta taldeko elastikoa eta motxila soinean dituela etorri da. Euskotren Ligako hasierari begira, lemazaina «lasai» dago, baina estatxa hartzen duen momentuan «istorioa beste bat» izango dela dio. Bi estropada eta bandera bat egongo da jokoan Galiziako uretan, Coruñan (gaur 17.30ean eta bihar 11.25ean).

"Lugañene" taldeko lemazainak nabarmendu du liga bat irabazteko fisikoki prestatuta daudela; ez, ordea, mentalki. Aurten aldaketa izan dute multzoan: zortzi arraunlari joan eta beste hainbeste etorri dira. Astudilloren hitzetan, etorri direnak «txinparta eta poza» eman diote taldeari. Zortzi traineru izatearen inguruan, patroiak nabarmendu du ETE liga «indartu» beharko litzatekeelanliga zabaldu baino lehen. 2016an etorri zen Donostiako taldera, eta zortzigarren denboraldia egingo du.

Nola doa astea?

Korrika gora eta behera, baina ondo. Aste honetan egun guztietan entrenatu gara; ondo sentitzen gara, ondo ikusten dut ontzia eta pazientziarekin ibili behar gara. Gero, emaitzak ateratzen joango dira.

Galizian hasiko duzue liga. Nola ikusten dituzu arraunlariak?

Ondo, aste honetan agian pixka bat urduri. Ni etxean nago beste bi arraunlarirekin, eta aguantatu egin behar ditut... [barreak] Baina bestela ondo. Urduritasun hori ere positiboa da, eta ondo hartzen baldin badugu, on egingo digu.

Urduritasuna joango al da estatxa askatzen duzuenean?

Ni orain lasai nago. Hori bai, estatxa hartzen dudan momentuan istorioa beste bat izango da. Baina momentu horretara arte lasai egongo naiz, eta gustatzen zait arraunlariei lasaitasuna helaraztea.

Aurten aldaketak izan dituzue multzoan: zortzi etorri eta beste zortzi joan dira. Etorri berriak izan al dute denbora taldeko arraunkerara moldatzeko?

Bai, alde horretatik pozik gaude. Aldaketa handiak izan dira; joan direnak beraien gauzak izan dituztelako izan da, askok hemen jarraitu nahi zuten, eta etorri direnak txinparta eta poza eman diote taldeari. Batzuetan aldaketak beharrezkoak dira, eta uste dut aldaketa onerako izan dela. Oso giro ona dugu, eta irabazten ez baldin badugu ere, behintzat, disfrutatuko dugu.

Irabazteaz ari zarela, denboraldiaurrean San Pedroko estropadan izan ezik, gainerakoetan Orioren eta Donostiarraren atzetik ibili zarete. Horrek kezkatzen zaituzte edo ligan beste gauza bat izango da?

Ni ez nau kezkatzen. Ez dakit gero ligan beste gauza bat izango den ala ez, baina prestatzaile fisikoak eta entrenatzaileak arraun munduan urte asko egon dira, eta asko dakite: egiten dutena badakite zergatik eta nola egiten duten. Beraz, haiekin fidatzen gara.

Hortaz, Arraun Lagunakek oraindik ez du erakutsi benetako maila.

Ezetz esango dut. Prestaketa bakoitzak bere uneak ditu, eta uste dut ez garela iritsi gorenera.

Zer esaten dizue Juan Mari Etxabe entrenatzaileak?

Hori galdera ona da; denetarik [barreak]. Askotan gaztelaniaz hitz egiten du; nahaspila sortzen du bi gauza esateko, eta denbora guztian berdina esaten du. Baina horrela da, eta horrela tokatu zaigu. Orain serio, lasai egoteko esaten digu, konfiantza osoa duela gugan, eta pixkanaka gauzak ateratzen joango direla, baina gure buruaz fidatu beharra daukagula.

«Oraindik asko egin behar da atzetik, eta gauza bat da berdintasuna, zortzi ontzi. Baina sarien aldetik zer?»

Zuekin batera, Donostiarra eta Orio egongo dira liga irabazteko lehian. Donostiarran aldaketak egon dira, Orion ezer gutxi. Nola ikusten dituzu?

Urteak pasa ahala gero eta maila handiagoa dago. Positiboa da alde horretatik, eta ikuskizuna ematea ere polita da. Azkenean, San Juanek irabazten zuen urte horietan, haiek bakarrik irabazten zuten. Estropadak ikuste San Juan irabazten ikustea zen, eta besteak atzetik beraien lehia edukitzea. Donostiarra oso ondo dago; maila hori mantentzen duen ikusi beharko da.

Zein izango da Arraun Lagunaken helburua?

Helburua betikoa da: liga irabazi ahal badugu liga irabaztea, eta Kontxa, batez ere. Niretzako garrantzitsuena disfrutatzea izango da. Aurreko urtean gauzak ez ziren ondo atera; presioa geneukan aurreko urtean irabazi genuelako –2021ean–, eta nik ez nuen disfrutatu, eta uste dut taldekideek ere ezetz.

Iaz Oriok hamabi banderetatik 11 irabazi zituen. Zuek lortu zenuten falta zen bakarra. Liga bat irabaztea lan nekeza da, ezta?

Bai, hor egon behar zara; fisikoki prestatuta gaude, baina mentalki, askotan ez. Aurreko urtean presioa izan genuen 2021ean irabazi genuelako, eta gogorra da. Bi hilabete dira, baina luzeak egiten dira. Iaz bandera bat irabazi genuen, Orio hobeto egon zen eta kito. Baina askotan presioa gure kalterako izan zen. Ateratzen ginen eta ez genuen disfrutatzen. Entrenamenduetan trainerua izugarri ondo zihoan, baina gero estropadetan beste ontzi bat ematen zuen. Bigarren postuan sailkatu ginen, eta hori ere ondo dago. Orain ematen du bosgarren geratu ginela eta ez, hor egon ginen, baina gogorra egiten da.

Esan duzu batez ere Kontxa irabazi nahi duzula. Nahiago hori liga baino?

Baietz esango nuke. Aurten jada Covidarena ahaztuta dagoela, jendea arrapalan... 2021ean irabazi genuenean, bakarrik igo nintzen ontzira, eta hori bizitzea gustatuko litzaidake; guztiekin gora joatea, banderarekin egotea eta ondo ospatzea.

Aurten ligan berritasun bat egongo da. Zortzi traineru lehiatuko zarete. Nola ikusten duzu aldaketa?

Aldaketa positiboa da, baina uste dut gauza asko egin behar direla aldaketa hori baino lehen. Hau nire iritzia da, baina uste dut sendotu egin behar dela ETE liga; klubei parte hartzeko gogoa eman, eta gero egin zortziko Euskotren Liga. Ikusi egin beharko da sariak nola geratzen diren. Uste dut korrika egin den pauso bat dela, eta ez dutela ondo begiratu; presioa izan dutelako atzetik, zortzi izan behar ginela-eta. Oraindik asko egin behar da. Gauza bat da berdintasuna: zortzi ontzi. Baina sarien aldetik zer? Aurreko urteetan mutilen azkenak nesken lehenengoak baino pixka bat gutxiago irabazi du. Kontxakoa aurrerapausoa izan zen [emakumezkoen eta gizonezkoen sariak berdintzea], baina ligan ere hala egin beharko litzateke.

Nola ikusten dituzu gainerako aurkariak?

Uste dut pixka bat banatuta egongo garela. Espero dut ezetz, eta gauzak berdinduak egotea, horrek emozio gehiago emango diolako ligari. Cabo eta Tiran ez dakit nola ibiliko diren, aurreko urteetan lau luze egin dituztelako, eta auskalo zer mailatan dauden. Galiziako baldintzak eta hemengoak ez dira berdinak. Espero dut txandak aldatzea, eta ohorezkoa beti berdina ez izatea. Hori gustatuko litzaidake.

Zortzigarren denboraldia egingo duzu klubean. Urteak azkar pasatu al dira?

Bai, atzo izan zela ematen du. 2016an etorri nintzen, 16 urterekin. Denboraldi horretan Gipuzkoako Traineruen liga zegoen, ETE ez zegoen, eta egon den aldaketa ikustea positiboa izan da. 2016an Euskotren Ligakoek lau estropada bakarrik egiten zituzten. Denboraldi asko izan dira, azkar pasa da, eta aldaketak ikusten joan naiz.

Bizkaitarra zara, eta Donostia aldean daramatzazu urte asko. Oraingoz ez dago Bizkaiako trainerurik Euskotren Ligan. Beranduago hasi direlako da?

Bizkaian egon zen bertako selekzio bat. Badakit Bilboko udalak diru asko jartzen duela arraunarentzat. Denbora pixka bat behar dute. Hemen [Gipuzkoan] arrauna oso sartuta dago, eta maila eman eta zerbait irabazi nahi duena hona etortzen da zuzenean. Arraun Lagunaken lauzpabost bizkaitar egon gara azken urteetan, orain bi gaude. Laura Jaramillo da bestea, Orion eta Zumaian egon zen urte askoz, beti Gipuzkoan. Han [Bizkaian] hasi dira, baina agian berandu, eta hemen arrauna indarrean dago. Bizkaian arraunlariak ez dira egoten bi edo hiru urte itxaroten, zuzenean hona etortzen dira.

ETEn, aldiz, badaude Bizkaiako traineruak. Kaiku indartsu dabil.

Bai, eta oso positiboa iruditzen zait. Neska gazteak dira, lemazaina ezagutzen dut [Jone Garcia de Andoni]. Gauzak ondo egiten ari dira, eta uste dut gauza handiak lortuko dituztela. Pozten naiz jende gaztea delako eta esaten ari direlako: «Hemen gaude, Bizkaikoak izan arren».

Noizko Zierbenak emakumezko talde bat?

Buf! Ez dut uste. Hasi nintzen urtean, 2013an, Zierbenan hasi nintzen batelak egiten, eta bazeuden neska batzuk. Orain horiek banatuta gaude, bat Donostiarran dago, adibidez. Zuzendaritzak ez zituen gauzak ondo egin edo ez zituen ondo egin nahi, eta azkenean ez genuen trainerua atera. Gaur egun ez dakit neskarik baden, batelentzako uste dut bat dutela, baina gutxi.